Espainiako Estatuan hizkuntza gutxituen normalizazioaren alde lan egiten dugun erakundeetako ordezkariok sinatu dugu honako artikulu hau. Gizartean eragiteko hainbat proiektu eta ekimen bultzatzen ditugu, batez ere, gure lurraldeetako berezko hizkuntzan bizitzeko eskubidea ahalbidetzeko.
Hala ere, jakin badakigu gizarte-ekimenek aldeko hizkuntza-politikak eta neurri eraginkorrak behar dituztela. Horregatik jarri genuen martxan orain bi urte hizkuntza-eskubideen bermea eztabaida politikoan sartzeko ekimen bateratua.
Hizkuntza-aniztasuna: askatasuna, berdintasuna eta demokrazia dokumentua aurkeztea izan zen lehen urratsa. Bertan, alderdiei eskatzen genien hizkuntza-berdintasunaren printzipioa onar zezaten; denontzako eskubide eta betebehar berdinak dituen gizarte justua, anitza eta demokratikoa bermatzeko ezinbestekoa.
Emaitza honako hau izan da: hamaralderdik aldarrikapenarekin bat egin, eta berezko hizkuntza gutxituen aldeko Legez Besteko Proposamena aurkeztu zuten abenduan Kongresuan. Martxoaren 9an eztabaidatu zen.
Gogoratu dezagun Espainiako Estatuan herritarren %45 berezko hizkuntza duten lurralderen batean bizi dela. Datu soila izateaz gaindi, antolamendu juridikorik ez duen errealitate baten adierazlea da. Gure lurraldeetako berezko hizkuntzak erabiltzeko eskubideak beti izaten ditu oztopo, bazterkeria, hertsapen, beto, ikusezintasun edota baldintza betegaitzak; Estatuko Aldizkari Ofizialaren babesarekin, gainera.
Espainiako Estatuak, ordea, onartuak ditu Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsala, Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala, Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna zein Eskualdeko eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna. Horiek guztiek komunikazio-gaitasun berdina aitortzen diete hizkuntza-komunitateei, eta, ondorioz, aukera berdinak izan beharko lituzkete berezko hizkuntzetako hiztunek eguneroko jardunean; finean, eskubide berdinak dituztelako. Beraz, sinatzeaz gain, borondatea ere behar da berdintasuna, askatasuna eta demokrazia egikaritzeko.
Gizarte eragileok elkarrizketarako prestutasun osoa erakutsi dugu. Horrexegatik, legez besteko gure proposamenari alderdiek egindako ekarpenak kontuan hartu, eta ahalik eta adostasun handiena lortzeko proposamen berria egin genuen; martxoaren 9an, Madrilen bertan ginela. Honako gutxieneko baldintza jarri genuen: hizkuntza-komunitate guztien arteko berdintasuna, eta horretara iristeko borondatea eta neurriak. Baldintza horrek aurrez aurre izan zituen alderdi popularra eta sozialista. Batetik, alderdi popularrak onartu zuen hizkuntza-eskubide eta -betebehar berdinak izan behar dituztela herritarrek, baina proposamena borondatean oinarritu nahi zuten. Bestetik, alderdi sozialista ez zegoen prest estatuko hizkuntzen arteko berdintasun osoa aitortzeko.
Horrela, azken berrogei urteotan estatuaren buru izan diren bi alderdien betiko jarrerak ez zuen ahalbidetu proposamenaren puntu guztiak onartzea; funtsean, hitzetan oinarritutako politiketatik politika betearazleetara pasatzeko urratsak egitea. Halere, proposatutako hiru neurri onartu zituzten.
Zalantzarik ez dugu, askieza izan arren, gizarte-eragileon presioari esker izan dela emaitza hori, eta lortu dugula eztabaida berriz ere irekitzea. Eseri, eta prest zegoenarekin hitz egitea. Bidea zehaztu dugu, eta lortu dugu eragile politiko berriak eskaerei atxikitzea; gure gizarteetan hain oinarrizkoak eta beharrezkoak, baina, aldi berean, hain iragazgaitzak diren eskaera horiei atxikitzea.
Leiho bat ireki dugu, baina gure hizkuntzen etorkizunak leiho gehiago irekitzea eskatzen du, eta, noski, leihorik ez ixtea. Eragileok, norbere errealitate anitzetatik, ekiten jarraituko dugu, elkarlanean eta koordinatuta. Ahalik eta gune gehienetan eragiten ahaleginduko gara, arrazismo mota guztiak, hizkuntzarena barne, arbuiatuko duen demokrazia errealaren alde. Onartezina baita hizkuntza-komunitate jakin batekoa izateagatik herritarrek diskriminazioa jasatea.
Izan ere, queremos vivir en galego, volem viure en catalá, queremos vivir en asturianu, queremos vivir en aragonés, eta euskaraz bizi nahi dugu.
ARTIKULUA ERAKUNDE HAUETAKO ARDURADUNEK IDATZI DUTE: Euskalgintzaren Kontseilua, A Mesa pola Normalización, Iniciativa pol Asturianu, Plataforma per la Llengua, Òmnium Cultural, Nogara, Acció Cultural del País Valencià, Obra Cultural Balear, Escola Valenciana eta Ciemen.
Leiho bat ireki da berdintasunerantz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu