Azken 50 urteak ezagutu ditugunok, gogoan dugu euskaldunok egoera berri baten atarian ikusten genuela etorkizuna.
Orduan bezala, gaur ere hauteskunde kanpainak beti dira luze eta aspergarriak. Gainera, gezur ugari entzun behar hori, gehi azkeneko unera arte «ustez» erabakitzeke dauden hautesleak bideratu nahian —ergelak balira bezala— bozka eskatze hori ez da batere txukuna. Baina horrelakoak dira demokraziak, eta hori da gaur erabakitzeko tresna bakarra.
Katalunian ikusi genuena gertatu ez dadin EAEko lurraldean, eta hainbat bozka saltsan daudela, Sabin Etxeko pentsalariak betiko bidea jorratzen ari dira.
Madrildik babestu litekeen egitasmo politikoan dago gakoa. Orain Indar berria da helburua estaltzen duen esaldi magikoa, baina Ajuria Eneko gobernu ezberdinek zerbait erakutsi badute, zera da: Meza emateko elizmutila behar dutela.
Aurrera begira, euskal herritarrok beste arazo batzuk ditugu, eta ditugun arazoak ez dira —orain arte— hauteskundetan konpondu. Egia, hori da eskaintzen diguten tresna bakarra, eta ez da aski, beraiek baldintzatutako tresnak dira, eta horregatik gaude gauden bezala.
Nire ustez, gutxiengo batzuen interesen metaketa da —eta izan da— orain arte Euskal Herriaren eta estatu espainiarraren arteko gatazka politikoa bideratu duena, baina benetako gatazka politikoa gainditzeko bide bakarra hau da: «Euskal Herriak izan behar du hitza». Euskal gizartea baita etorkizuna erabakitzeko ahalmena behar duena.
Ez dago zalantzarik, frankismoaren garai beltzaren ondotik, arazo biziena nazionalitatearen eta autonomiaren arteko harreman zail bezain korapilatsua genuela eta dugula. Autonomia aipatzen denean estatutuak jartzen ditugu mahai gainean, eta honekin, bere baliagarritasuna. Hor gakoa.
Horregatik, bere burua abertzale eta ez abertzale baina demokrata jotzen duten guztien zeregin nagusia hitz hori adierazi eta errespetatua izan dadin borrokatzea da. Euskal Herriak bere etorkizuna libreki hautatu ahal izateko baldintzak eta bermeak lortzea baita.
Estatu espainiarrak Euskal Herriaren subiranotasunari jarri dizkion muga eta oztopo guztiak baliogabetzea, hori behar dugu izan helburu, ez bakarrik abertzaleok, baita demokrata guztiek ere. Hori lortzen dugunean, egoera berri horretan «soilik» izango du euskal gizarteak bere iritzia eman eta dagokion erabakitzeko aukera.
Bide horretan sakonduz, Euskal Herriaren erabateko ezagutza eta horrek eskatzen duen muga juridiko-politikoen baliogabetzea da estatu espainiarrarekin hitz egin eta hitzartu beharrekoa.
Horretarako gobernu espainiarrak bere egin beharko du 1793ko Frantziako Konstituzioak bere 28. artikuluan dioena: «Belaunaldi batek ezin du etorkizuna bere esanetara lotu betirako».
Agian, une egokia liteke EAJk oraindik sozio duenari, PSOEri, gogoratzeko bere kide José Maria Benegas zenak publikoki askotan esandakoa: «Autodeterminazioa eskubidea da, ez posizio politiko bat. Herri guztiei dagokien eskubide demokratikoa, eta ez besterik».
Eskubide hori noiz, nola eta zertarako garatzen den euskal herritarren artean erabaki beharrekoa izanik, eskubidearen onarpena ziurtatu behar da. Herriak bere etorkizuna askatasun osoz erabakitzeko ezinbestekoa baita.
Ez da nire gustuko meza, eta gazteek ez dute honen berririk, baina bai beste askok. Bilbon eta 1978ko urrian Uso Zurien manifestaziora deitu izanarekin, EAJk —alderdi bezala— neurri polita erakutsi zuen. Polita oso.
Izan litezke autokritika egiteko egun aproposak, bale, baina ez «iritsi berriak ditugun horiek» bakarrik, baita «Sabin Etxean» sorginkeria jorratzen dutenek ere.
Guretzat, herri gisa, herri ukatu guztiontzat bezalaxe, denbora eta espazioak badu mundu honetan —gero eta homogeneizatuago dagoen honetan, are gehiago— beste dimentsio bat. Etorkizuna, adibidez, orainean, gaurkoan jokatzen da, ari da jokoan, baina ez da ziurtasun bat, eskuratu beharreko helburua baizik.
Lan asko dago aurretik, batez ere ikusiz zer eta zergatik gertatzen ari den gertatzen ari dena. Eta lan horretan ez du batere laguntzen, bai historia, soziologia edo kultura arloan, herri desintegratu baten antz handia izateak. Eta ez administrazioan soilik.
Aukera horiek posible bilakatzeko bidea argia eta bakarra dugu. Hautabide demokratiko bat landu beharrean gaude, herri honentzako estatus politiko eta burujabetza, maila berri baten aukera erreala. Euskal demokraziari leihoa irekitzeko balioko duena.
Ez zait atzendu kontuan hartu beharreko «beste» hau: euskal ezagutzak egungo lurralde banaketaren inposaketa baliogabetzea eskatzen duela. Lurralde batasuna onartuz, eta instituzio-mugak baliogabetuz.
Gero, lurralde batasuna nola zehazten den, Euskal Herria nola antolatzen den, euskal herritarren erabaki osoa izango da.
Orain arteko lerroetan ez duzue gezur bakar bat ere aurkituko, eta ziur zaudete, ez da beroaldi baten emaitza.
Badakit euskaldunak «oraindik» ez gaudela erabakitzeko gaitasunez lepo, hori ere egia da. Baita bide luzea dugula egiteko, egia eta jakina da. Baina hau da bidea.