Pilotazalea

Lehoien koliseoa bete egin zen, baina anfiteatro xumea ere bai

Adur Lizasoain
2024ko azaroaren 26a
11:20
Entzun

Badira beti errepikatzen diren gertaerak pilotako finaletan: finalistek ondoren afari eder bat egitea beren ingurukoekin, txapeldunak sekulako ajearekin hartzea kazetariak biharamunean, beste esparruetako ospetsuak ikustea harmailetan, Pedro Mari Goikoetxea mitikoaren analisi zehatza entzutea ondorengo eztabaidan edo, denetan barregarriena, Sabin Etxeko politikariei txistu egitea. Pradales lehendakari berria, Soterako arraunlari ohia, izan dugu biktima aurtengoan, azkenaldian pilotalekuetan oso gutxi ikusten dugun Karlos Argiñanoren alboan irten ordu pantaila erraldoian. Ezin da jakin zehazki, dena den, bikote xelebre honetako zeinentzat zihoazen txistuak. Airbag filmeko (Juanma Bajo Ulloa, 1997) aktore eta ekoizlea izandakoak, baina, asko gustatu zitzaidan egia borobil bat bota zuen: «Jendea disfrutatzen ari da gaurko ikuskizunaz, pilota oso kirol polita da eta. Poza ematen du frontoia horrela ikusteak, oso pozik nago pilotarekin. San Mames bete egingo da, baina hau [Bizkaia pilotalekua] ere bai». Eta hala izan zen, asko disfrutatu genuen.

Bazegoen beldur pixka bat jendeak nola erantzungo ote zuen jakiteko: batetik, egun eta hiri berean derbiarekin batera egokitzeak arrisku handia zekarren, Miribilla inguruan final egunetan aparkatzea jada zaila izan ohi bada, odisea modukotzat aurreikusten zen oraingoan; beraz, pentsa genezake zale askok etxean geratzeko hautua egin zutela arazo honen aurrean. Bestetik, Altuna falta zen: ohituta gaude jada Amezketako txapeldun handiaren presentziarekin kontatzera banakako finaletan, badaramatza eta sei urte inguru koadroko pilotari onena izaten. Jendeak, nagusiki, —eta ni neu naiz lehena— bera ikusi nahi du sarrera bat ordaindu behar bada. Hau dena kontuan izanda, frontoian ikusi genuen giro paregabea albiste oso positiboa dela uste dut, behin baino gehiagotan ikusi genuen eta jendea beren eserlekuetatik altxatzen tanto eder baten ostean.

Jokoaren aldetik, bestalde, ikaragarri gustatu zitzaidala esan behar dut. Bi partida izan genituen: 10-14 arte (Peio aurretik), eta hortik amaierara. Lehen zatian sekulako maila eman zuen Ultzamako aurrelariak, azken bi txapelketetan ikusi diogunaren tonikari jarraituz. Ez dut zalantzarik berari ikusi diodala, Aimar, Altuna eta Irujo ekuaziotik alde batera utzita —hiru hauek estralurtarrak dira, ez dute kontatzen— inoiz kaiolan ikusi dudan mailarik altuena; gauza harrigarriak egin ditu bai aurten, baita iazkoan ere. Ia inor ez da gai bere erritmo itogarrian jokatzeko. Atleta bat da. Horrexegatik, pena handia eman zidan, bigarren zatian egin zituen akats txoro horiengatik —eta aurkariak bikain jokatu zuelako, burua hotz mantenduz atzetik joan arren—, podiumaren bigarren koxkan ikustea eta txapelaren saria ez jaso izana aurten ere. Baina irabaziko du noizbait, ziur. Mutil hau berezia da.

Txapelduna zoriontzea tokatzen zait orain. Aldakako ebakuntza hartatik itzuli denetik jokatu diren bakarkako bi txapelketetan izan dugu finalean Unai, eta igandean, txapelarekin itzuli zen etxera. Eta beste datu bat: kontraturik gabe geratu ondoren itzuli zenetik jokatu diren zortzi txapelketetatik seitan izan da finalean. Altunaren erreinuari norbaitek mehatxu egin behar badio, hau Laso da. Datu hauek bere aitak, Txema Lasok, eman zituen, emaztearekin batera Unairen partida guzti-guztietara joaten dena hau haurra zenetik, koaderno batean apuntatuaz partidaren nondik norakoak. Hortaz gain, euren semea da egungo koadroko pilotari maitatuena eta karismadunena. Hau da txapelik politena. Bejondeiela beraiei ere.

Argi dugu ezin garela futbolarekin lehiatu publiko eta ikusmin aldetik, ezta globalizazioaren eraginekin edo teknologia berriek gure gizartean ekarri dituzten kontsumo joera aldaketekin ere. Frontoiak gero eta hutsago daude haurrez gure herrietan ere, eta honek negargura ematen digu kirol hau barruan daramagunoi. Ez dugu panorama argiegia, egia esan. Badakigu, baina, momentuz bada ere, gurea baloratzen eta gurearekin gozatzen, urtean egun jakinetan bada ere. Hor egoten. Gure herriko anfiteatro xumea zaintzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.