Artista eta gizarte ekintzailea

Lehiakortasunaren mugak

Alex Karraskosa
2025eko otsailaren 2a
05:00
Entzun

Erromako Klubak The Limits to Growth (Hazkundearen mugak) ikerketa enkargatu zien 1972. urtean MITeko Dana Meadowsi eta haren taldeari. Lan hori World3 izeneko eredu informatiko batean oinarritzen zen. World3k hazkunde ekonomikoaren bost faktore nagusien interakzioak eta proiekzioak aztertu zituen, hala nola populazioa, elikagaien ekoizpena, lehengaien erauzketa, industrializazioa eta kutsadura. Txostenaren ondorioak zorrotzak izan ziren: «Munduko hazkunde-joerek bere horretan jarraitzen badute, planeta honen mugak gaindituko dira hurrengo ehun urteren bitartean. Oso litekeena da bat-bateko beherakada kontrolaezina biztanlerian eta gaitasun industrialean». 

Ikerlanean murgildu ahala, kezkagarria bezain egungoa da haren epaitza: «Mundu-mailako ahaleginik gabe, gaur egungo arrakalek eta desberdintasunek, berez leherkorrak direnak, handitzen jarraituko dute. Emaitza hondamendi bat baino ezin daiteke izan, dela herrialde indibidualen berekoikeriagatik, beren interes propioan dihardutelako, dela nazio garatuen eta garapen-bidean daudenen arteko botere-borrokagatik. Sinpleki, mundu-sistema ez da bere biztanleen jarrera egozentriko eta gatazkatsuari luzeagoan eusteko duin eskuzabala. Planetaren muga materialetara zenbat eta gehiago hurbildu, orduan eta zailagoa izango da arazoari aurre egitea».

Berrogei urte pasatxo geroago, Gizarte Jasangarrirako Melbourneko Institutuak (MSSI) The Limits to Growth-ek (LTG) aurreikusitako datuak erkatu zituen. Graham Turner doktoreak, zenbait erakunderen dosierrak kontsultatuta, ondorioztatu zuen LTGk aurreikusitako BAU eredua (Business As Usual / Ohiko Hazkundea) eta ondorengo lau hamarkadetako bilakaera estuki bat datozela eta, hortaz, mundu-mailako kolapsoa berehalakoa izan litekeela. 

Areago, azken mende erdian erregai fosilak xahutzeko epe laburreko inertziari etengabe jarraitu diogu. Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen (IPCC) 2021eko txostenaren arabera, «1971tik, hamarkada bakoitza aurrekoa baino beroagoa izan da hurrenez hurren. Eta ez dago zalantzarik atmosferan, ozeanoetan, kriosferan eta biosferan gertatutako aldaketa azkar eta orokortuak gizakiaren eraginaren ondorio direla». Diote, halaber, datozen urteetan CO2aren eta berotegi-efektuko beste zenbait gasen emisioak sakon murriztu ezean, lurrazaleko tenperatura globala 2°C baino epelagoa izan daitekeela mende honetan zehar eta horrek fenomeno hezeak zein lehorrak larriagotuko lituzkeela. Nortzuk eta aseguru-etxeek posizioa hartu zuten. 2015eko COP21aren bezperan AXAko zuzendari Henri de Castriesek aseguramendu-langa 4 graduko eszenatoki batean ipini bazuen ere, 2021ean bertan, aseguratzaileak, Rhin eta Ahr arroetako uholde larrien lekuko, hondamendi naturalak nozitzeko arrisku handiagoa zuten eremuetatik erretiratzen hasi ziren.

Klima-larrialdiaren ebidentziak ugaritu ahala, «hazkunde berdearen» ikuspegia zabaldu zen. Horren arabera, ekoizpenean eta kontsumoan ―eta, beraz, BPGan― hazkunde mugagabea posiblea litzateke ingurumen-presioetatik «desakoplatuz» gero. Desakoplamendu nozioa bera, ekoeraginkortasun kontzeptutik eratorria, ingurumen-kalteen eta ondasun ekonomikoen arteko lotura haustea da, edo hazkunde ekonomikoa baliabideen kontsumotik bereiztea, jarduera ekonomikoko unitate bakoitzeko baliabideen ―lehengaiak, energia, ura, lurra…― tasaren murrizketaren bidez. 

Alabaina, Decoupling Debunked (Desakoplamendu desakreditatua) izeneko ikerlanak, 2019koak, kontraesan nagusi bi aurkitu zituen: alde batetik, ez dagoela froga enpirikorik bermatzeko hazkunde ekonomikoaren eta ingurumen-mugen arteko disoziazioa kolapsoa saihesteko adina dela; eta bestetik, egiaztagaitz dirudiela disoziazio hori etorkizunean gertatzea. Oker omen zeuden. 

Izan ere, Mario Draghik Europako lehiakortasun-estrategiari buruz argitaratu berri duen txostenak beste desakoplamendu bat planteatzen du: inoizko hazkunde handiena, baina deskarbonizatua. Haren aburuz, inbertsioa BPGaren %5 puntu handitu behar da honako neurri hauen bidez: AAren eta digitalizazioaren bultzada; energia berriztagarrien zein nuklearraren sustapena; eta estatuetako defentsa-industrien kohesioa. Idazkiari, ostera, kontzeptu interesgarri bat lerratzen zaio: statecraft edo gobernantzaren artea.

Statecraft-a ezinbestekoa da urteotakoa bezalako krisi garaietan. Halere, ezin du goitik behera funtzionatu, baizik eta giza-antolaketa garatu, konplexu eta kohesionatua duten lurraldeetatik abiarazita. Irtenbidea ez baita goiko errezetei itsu-itsuka segitzea, baizik eta erronka globalak tokian tokiko ezaugarri eta gaitasunekin lotzea, osotasunaren fraktal gisa eta, hortik, soluzio lokal, eskalagarri, erreplikagarriak prototipatzea. Horretarako, urrats nagusi bi egin behar dira. Lehena, agentzia askatzea, administrazioek sektoreen arteko ―publiko, pribatu, akademiko, sozial― eta maila anitzeko taldeen bilkurak ahalbidetzea. Bigarrena, eskualdeka, gure ongizate-mailaren eta ingurumenaren arteko orekari eusteko behar ditugun baliabideen sistematizazioa, edo, bestela esanda, gure metabolismoaren ulermena. Euskal Herrian badugu know-how nahikoa.

Ekuazioaren ebazpen zati bat mikro-arduretan badatza ere, hau da, kontsumitzaile gisa norbanako bakoitzak daukagun inpaktu-kuotan, gogoeta eraginkorragoa da partekatuz gero. Haranez haran ―eta administrazioak lekuko―, geure buruari honako galdera hauek egin behar dizkiogu: Zer-nolako eragina du gure bizimoduak ondasunen ekoizpenari, energia-kontsumoari eta hondakinen kudeaketari dagokienez? Nola jasan ditzake gure lurraldeak inpaktu horiek? Finean, nola utzi kalte egiten digun sistema bat birsortzeari? Eta denon artean erantzun koherenteak asmatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.