Portugalen 2022an egindako hauteskunde aurreratuek erakutsi ziguten nola egiten duen politika ultraeskuinak.
Portugalek, diktadura baten ondoren, demokrazia berreskuratzea lortu zuen duela 50 urte, Krabelinen Iraultzari esker, baina azken urteetan, ordea, gora egin du eskuin berri batek, maiz autoritarismoarekin lotzen den eskuin batek. 2022ko hauteskunde orokorretan zentro-ezkerra izan zen garaile, eta gehiengoa eskuratu zuen 2005etik lehen aldiz. Chegak ere, eskuin muturreko alderdi populistak, gora egin zuen, eta botoen %7,2 lortu; hala, boto gehien eskuratu zuten alderdietan hirugarrena izan zen, Alderdi Sozialistaren (PS) eta Alderdi Sozialdemokrataren (PSD) atzetik. Europan eta Latinoamerikan buruzagi populista autoritarioek edo ultraeskuinak gora egin duten bezalaxe egin du gora eskuin muturrak Portugalen ere. Chegaren igoera azaltzeko, egokia da Rydgren-en eredu kontzeptuala (2007), zeinak eskaintzaren aldea eta eskariarena aztertzen baititu. Eskariaren aldean, aztertzen da zer kezka ekonomiko eta sozial dituzten herritarrek, horietatik etekina atera baitaiteke; eskaintzaren aldea, berriz, ideologiaren garrantzian oinarritzen da, eta alderdien antolaketa egituran. Carvalhok (2022), faktore horiek kontuan hartuta, aztertu du zerk eragin duen gorakada hori, eta zehaztu zenbateraino den garrantzitsua immigrazioa gizartean.
Immigrazioaren gaiak polarizazio handia ekarri du Europan, eta erabakigarria izan da. Erresuma Batuko UKIP alderdiak eta Frantziako Marine Le Pen politikariak immigrazio librearen kontra egituratu dute beren ideologia politikoa. Litekeena da bi arrazoik eragin izana eskuinaren goraldia: batetik, kontuan hartu behar da nolakoa den immigrazioari buruzko iritzi publikoa, eta, bestetik, ez da ahaztu behar zentro-eskuinak ez diela behar bezainbeste heldu zenbait arazori. Horrek hazteko aukera eman die Chegari eta halako alderdiei. Eskaintzari begira, Carvalhok (2022) lehia espazialaren teoria aztertu du, horrek eman baitzion ospea alderdiari. Izan ere, herriaren alderdi gisa azaldu zen Chega, establishment-aren kontrako talde gisa, eta horrek modua eman zion zentro-eskuinak behar bezala erabili ez zuen eremu politikoa ustiatzeko. Braz-ek (2023) landutako hipotesiaren arabera, Chegak bi arrazoirengatik egin du gora eta lortu du arrakasta: zentro-eskuina desegin delako eta ezkerraren funtzio emantzipatzailea eten delako. Portugalen, diktaduratik demokraziarako trantsizioa egin zenetik, eskuin muturreko alderdiak erresistentzian ibili dira oro har, bi alderdi nagusiek —PSk eta PSDk— kontrolatu izan baitituzte boto gehienak hauteskundeetan. Denboraren poderioz, herritarrek erakutsi dute ez daudela pozik egungo sistemarekin, eta, ondorioz, bazterrean zeuden alderdiak indartu egin dira, eta halako alderdi gehiago sortu. Gerigonça kili-kolo dagoenez eta PSDren eta CDS Zentro Demokratiko Sozialaren artean zatiketa izan denez, Chegak aukera baliatu du zutitu eta hazteko, nahiz eta AD Aliantza Demokratikoan ere indartu den eskuineko koalizioa, eta IL Ekimen Liberalak zenbait keinu egin dizkion Mileiri.
2019an, Chegako kideek Andre Ventura aukeratu zuten alderdiko buru izateko Asanblea Nazionalean. Geroago, 2022ko hauteskundeetan, babes handiagoa lortu zuen: botoen %7,2. Haren marketin estrategia zera zen, boto emaileen talde demografiko garrantzitsuei mintzatzea. PSD eta CDSko landa eliteari aritzen zaio Chega, baita herrialdearen barrualdeko biztanleei eta Lisboako eta Portoko aldirikoei ere (Braz, 2023). Ideologiari dagokionez, populismoa erabili du bere alde, eta zenbait kontu polarizatzaile izan ditu hizpide, hala nola immigrazioa. Haren manifestuan gai bat da nagusi: estatuak ez duela hainbeste esku hartu behar ekonomian (ekonomia libertarioa). Sistema judizial sendo bat sortzearen alde ere egiten du. Horrez gain, Chegak muturreko jarrera hartu du gai sozialetan, eta Venturak xenofobia, arrazakeria eta Arrow Crossen tankerako nazionalismoa adierazi izan ditu. Bizi guztirako kartzela zigorra ere babestu du, sexu gaizkileak kimikoki zikiratzearen alde egin du, eta LGBTQIA+ mugimenduaren kontrako erretorika darabil.
Chega ez da garrantzitsua Portugalgo jokaleku politikoan: gero eta ospe handiagoa du, baina gutxiengoan dago oraindik ere. Edonola ere, gizartean badu pisurik, hark sortutako giroak xenofobia eta gorrotoa bultzatzen baititu. Haren parte hartzea bazterrekoa da egiazko gobernantzan eta politikak onartzeko orduan, eta hor aipagarria da PSD: hark izan du pisurik handiena iraganean Portugalgo hauteskundeetan. 2022an, galerak izan zituen, eta botoen %29 besterik ez zuen lortu; hala, Chegak aukera hori aprobetxatu zuen gora egiteko.
Behar-beharrezkoa da ezkerra berriz batzea. PSri boto baliagarria ematea oztopo izan liteke ezker erradikalak benetan eragina izan dezan legeetan eta politika publikoetan. Ezkerra egon badago emantzipatua, eta mobilizatuagoa: hori eztabaidaezina da. Nire ustez, zatiketarik izatekotan, eskuinean izango da, eta ez ezkerrean; izan ere, zenbaiten egoak borrokan dabiltza elkarren artean Aliantza Demokratikoaren barruan, eta barne gatazkak dituzte Ekimen Liberalarekin. Litekeena da ADk eskuin muturrarekin bat egitea ez badu gehiengo parlamentariorik lortzen. Hori ikusirik, Portugalen etorkizuna huts existentzial batean murgilduko da, eta ez dugu halakorik nahi. Bada garaia ezkerra eskuinaren kontra borrokatu dadin zenbait frontetan, eta baditugu horretarako hautagai egokiak, beren burua defendatzen dutenak eta molde neoliberalei men egiten ez dietenak.
Erredakzioan itzulia.