Joxe Manuel Odriozola.
Euskaltzalea

Lehendakariaren euskalduntasuna

2025eko otsailaren 26a
05:00
Entzun

Imanol Pradales lehendakaria kezkaturik mintzo da BERRIAko A. Mujika Tolaretxipik egindako elkarrizketan (2015-02-16). Euskararen erabilera eskasak edo ezak kezkatzen du. 

Hitzez hitz hauxe dio: «Oso inportantea da eskolako patioan euskaraz entzutea, kalean ere hori ikustea, eta hori lortzeko, pentsatu behar dugu hori ez dela bakarrik administrazio publikoetatik egiten. Ez da erraza, eta konponbideak eta egitekoak ziurrenik asko izango dira. Hor kokatzen dut euskararen gogoeta». 

Gure kultura soziolinguistikoaren hastapenak ezagututa ez da harritzekoa hizkuntza minorizatu baten berreskurapenak dituen zailtasunez ezjakina izatea. Hasierako ezjakintasun horren zantzu garbi bat hau izan daiteke: ikastolen mugimenduak sortzen zigun itxaropenaren giro baikor hartan uste genuen euskararen eskolako ikasketa akademikoaren ondorioz euskararen erabilera berez-edo etorriko zela. Hamarkadak igaro ditugu amets hori noiz egiaztatu zain. Azkenean jabetu ginen hizkuntza minorizatu bat ikasteak soilik ez dakarrela hizkuntza horren normalizazio sozialik. 

Orain, hainbeste denbora igaro ondoren, Lehendakariaren hitz horiek irakurtzean sentitzen dudana adierazi nahi nuke. Eskoletako patioetan euskararik ez da erabiltzen oro har, kalean beste horrenbeste edo okerrago, arazo horren konponbidea ez omen da administrazioarena bakarrik, eta ez omen da «erraza» euskararen erabilera bermatzea. Ezer ikasi ote dugu ia mende erdi bat igaro ondoren? Irudipena dut ez dugula funtsezko ezer ikasi eta orduan bezain ezjakinak garela euskararen erabileran eragiten duten zerari buruz. Egin dira bateko eta besteko ikerketak, baina arazoak lehengo lepotik du burua.

Egoera minorizatuan dagoen hizkuntza nazionala berreskuratzeko mekanismoak zertan diren ez ote luke jakin behar lehendakariak? Ez ote luke jakin beharko eskolako haurrak zergatik ez diren mintzo euskaraz? Patioan edo kalean zergatik ez duten euskaldun gisa jokatzen euskaraz ikasten duten belaunaldiek? Pradales lehendakariak asko daki ekonomiaren gorabeherak egosten diren merkatuez eta enpresez. Esango nuke oso informatuta dagoela mundu sozioekonomikoaz eta gainerakoaz. Eta zer esanik ez herritarren «ongizatearen» inguruko ikerketa eta txostenei buruz. Baina lehendakaria zalantzati eta erdi usteka mintzo zaigu euskalduntze kontuetan. 

Zilegi bekit honako iruzkin orokor hau egitea. Gizartearen gainerako esparru, funtzio eta egitura sozial eta ekonomikoetan gauzak itxura antzean egingo badira, baliabide materialak eta gaitasun kognitiboa behar izaten da gutxienez. Badakizu gauzak nola egin behar diren. Zergatik egin behar diren. Zeintzuk diren aukerak eta arriskuak. Baina euskararen auzia hizpide dugunean, lehendakariaren iritziak ez du inolako ziurtasun itxurarik erakusten. Erdi usteka mintzatze horrek ez dakar gauza onik.  

Euskara hizkuntza gutxitua dela, eta gutxitua den heinean, diskriminazio positiboa behar duela aitortu ondoren, besteak beste, zera dio lehendakariak:

«Larria eta kezkagarria da epaitegi batzuetan gertatzen ari dena. Baina hori kezkagarri izanik, kontuz ibili behar dugu auzi honekin euskararen instrumentalizazioan ez erortzeko eta gatazkarako tresna bat ez bilakatzeko. Erantzun irmo bat eman behar zaio, zuhurtziaz eta inteligentziaz jokatuz, baina kontuz: erronka beste partean dugu, eskoletako jolastokietan».

Imanol Pradales lehendakaria 1975ean jaio zen. Euskararen aldeko berreskurapen mugimendua martxan jarri zen garaitsuan, beraz. Orain irakurri berri dizkiogun adierazpen horietako hitz eta esapide batzuk ordukoak izan zitezkeen. Ordurako Mitxelenak-eta esana eta berretsia baitzuten euskara hizkuntza ahulegia zela «gatazka tresna» bihurtzeko. Orduan bezala, orain ere zuhurtziaz eta tentuz jokatu behar omen dugu. Mende erdia gainditu du euskararen aldeko berreskurapen prozesuak, eta gure mentalitate kolonizatua ez da askatu orduko kate motzetik. 

Joxe Azurmendik dioenez, «hizkuntzen arteko gatazka guztiak kontzientzien arteko gatazkak dira, eta hori seinalatzea Txepetxen lanaren alderdi interesgarri bat dela uste dut. Euskal Herrian tentsioan gertatu beharko du hizkuntzaren berreskurapenak, bai gehiengo erdaldunarentzat baita euskaldunontzat ere».

Lehendakariak ez du euskararen auzian gatazkarik eta tentsiorik nahi. Baina Azurmendik zioen bezala, nazio linguistiko desartikulatu bat ezin da euskaraz artikulatu hizkuntza komunitateen arteko tirabirarik gabe. Are gehiago dio zegamarrak: «Badago hizkuntzen klase-borroka bat, botere borroka baizik ez dena —hegemoniaren eta dominazioaren borroka—, eta sakonki politikoa hortaz». 

Lehendakariaren euskaltzaletasunak euskararen aldeko politikan ez du ikusten gatazkaren eta tentsioaren beharrik. Hori arriskutsua omen. Gauza bera zioten orain dela mende erdi aingerukerietan sinesten zuten euskaltzale haiek. Geroztik euskaraz ikasi duten belaunaldiak igaro dira hezkuntza sistematik. Urak bere bidea egin du. Baina gure euskaltzale zuhur eta burutsuen hizkuntza politikak ez du biderik egin.    

Hizkuntza arazoak, guk dakigula, botere soziolinguistikoaren eltzean egosten dira. Eskoletako jolastokietan eta kalean euskararik erabiltzen ez bada, badakigu zergatik ez den erabiltzen. Hizkuntza baten erabilera edo erabilerarik eza botere soziolinguistikoaren araberakoa baldin bada, eta hala dela esango genuke, Jaurlaritzaren hizkuntza politikari darion botere soziolinguistikoak ez du biderik ematen haurren hizkuntza euskara izateko. Euskararen berreskurapena kontu akademiko hutsa bihurtu zaigu, atzerriko hizkuntza baten pareko. Hori da euskaldunon hizkuntza nazionalari gure agintari abertzale nagusiek egitez opa dioten estatusa. Besterik da hitzez diotena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.