Zain Dezagun Urdaibai elkarteko kide garen aldetik idazten dugu hemengo hau, esateko Lehendakari Agirre Center izenekotik deitu digutela, eta estimaturik dagoela. Baina ez. Halaxe, gure ezetzaren zioak publikoki adierazi gura ditugu. Gatozen ba harira.
Center horrek New Yorken du egoitza, eta beharbada horrexegatik ez du jakin BOE Estatuaren Aldizkari Ofiziala delakoan, Aarhuseko Hitzarmena argitaratu zela, eta horrez gero delako hitzarmenaren edukia loteslea dela Espainiako Erresuman, hots, ezinbestez eta derrigorrez aplikatzekoa. Ez dute gogoan izan, ezta ere, Arartekoaren 12/2011 Gomendio Orokorrak, abenduaren 28koak, prozesuak legezkoak izan daitezen-eta dioena.
Dokumentu horietan ezarririk da, ezen ingurumenari eragiten dioten erabakiak hartzeko prozesuak «izapidea hasten denetik» abiatu beharrekoak direla, hots, «aukera guztiak irekita daudelarik»; kasu honetan, 2017an zitekeen legezko unea. Eta egin ere benetako aukera guztiak ebaluatuz egin behar direla dio, horien artean «beti ere zero aukera (ez jardutea) sartuko delarik». Eta hori guzti hori berme demokratiko guztiekin egingo dela beti; parte-hartze erreal eta eraginkorraren bermeekin, parte hartzaileentzako aukera berdintasunarekin, eta mahai gainean jarritako proiektu eta aurreproiektuen gaineko informazio osoarekin, dagoeneko bideratzen ari diren eta inork ezagutzen ez dituen azterlan osagarri horiek ahaztu gabe. Altxor publikoaren kontura finantzatutako burutazio jelkide horri buruz ari gara. «Entzuketa» horren bidez legezkotasunik ez duen zerbaiti legezkotasun-berniza ematen saiatzen ari dira, berniza erosteko, hori bai, kanpoko aholkularitzen kartelari lotutako enpresak hatzez kontratatzen dira, eta lotsarik gabe heltzen diete horiei; administrazio publikoaren iruzurrezko erabileraren politika lizun batean, legeetan jasotakoez bestelako helburuetarako heldu ere, horretara botere-desbideratze deritzonera makurtuz.
Nolanahi ere, eta gaiari buruzko beste edozein gogoeta egin aurretik, badugu kezka larri bat, eta kezka horrek eragotzi egiten digu parte hartzea. Izan ere, ezin dugu alde batera utzi «entzute aktiboko prozesua» deiturikorako azkenean kontratatu duten enpresa hautatzeko izan dituzten erak eta moduak.
Izan ere, Eusko Jaurlaritzak eta/edo Bizkaiko Foru Aldundiak ez dute lehiaketa publikorik egin nahi beste enpresak prozesu horren kudeaketa beren gain hartzeko eskaintza aurkeztu ahal izan zezan. Aukera-berdintasunaren, gardentasunaren, inpartzialtasunaren eta objektibotasunaren printzipioak kaltetu dituzte. Bestalde, nola eman iritzia inongo aurreproiektu edo proiektu teknikori buruz, delako aurreproiektu edo proiektua ganoraz ezagutu gabe, haren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko nahitaezko azterlan eta guzti?
Ba nekez, ideia ustez bikain horren garapenaren nondik norakoaz ez baitugu ezer, sustatu duen etxearen hedabideen publi-rerreportajeez landa. Horietan proposatzen diguten eta ezagutzen ez dugun horrek ez omen du inolako eraginik era askotako babes-legeak eta araudiak dituen gure ingurumenean; haatik, mamu-proiektu horrek pobreziatik salbatuko omen gaituenez, esan dezagun bidenabar nor den pobrezian sartu gaituena; zera, duela hamarkada batzuk hona gobernatzen gaituen Alderdia, nor bestela.
Prozesu horretan guztian, interes orokorraren mende jardun beharraren printzipioaz trufatzen ari da, hala nola natura eta biodibertsitatea babestearenaz. Ez da zilegi Urdaibaiko Biosfera Erreserba, Europako Natura 2000 Sarea edo Ramsar nazioarteko hitzarmenean babestutako hezeguneak merkataritza-ustiapenerako erabiltzea. Horiek ez dira Busturialdeko biztanleen ondarea bakarrik; nazioarteko interesekoak ere badira. Gainera, proiektuaren sustatzaileek beraiek jakinarazi digute aurrekontu publikoekin ekingo zaiola proiektuari, bertokoekin eta Espainiako Gobernuaren funtsekin, eta auskalo Europakoekin ere. Horiek horrela, entzuteko prozesua ez al litzateke Euskal Herriko eta Europako herritarrei ere zuzendua izan beharko? Zertaz ari dira milaren iritzia eskatzean?
Aarhuseko Hitzarmenak eskatzen duena parte-hartze publikoak benetakoa izatea da, ezen ez itxurakeria ariketak. Agintariek, euron azken erabakietan, nahitaez hartu behar dituzte kontuan parte-hartze publikoaren emaitzak. Horretan saiatu ordez, proiektua «bai ala bai» egingo dela dioskuten itsaso bete prentsa-orri ditugu, aginte eliteen adierazpenez lepo. Herriarenak, non dira?
Aarhuseko Hitzarmenean jasotako parte-hartze publikoaren eraginkortasuna beste irizpide biri estuki lotuta dago: erabakiak hartzeko behar den informazio guztia eskuratzeko orduan edozein pertsonak izan behar duen parte-hartzeko bermeari, eta, parte hartzeko eskubidea ukatzen baldin balitzaio, justiziaren aurreko errekurtso-prozeduretarako sarbidea izateari, kasu honetan ezinezkoa dena hain zuzen.
Aarhuseko Hitzarmenean jasotako parte-hartze publikoaren eredua nazioarteko erreferentetzat hartua da gaur egun, ingurumen-erabakiak hartzerakoan parte-hartze publiko eraginkorra bermatzeko moduari dagokionez behinik behin. Planteatu zaigun entzute-prozesua hor nonbait aldez aurretik onartutako proiektuaren propagandarako eta legitimaziorako beste tresna bat baino ez da. Agerikoa denez, hitzarmenaren artikuluak urratuak dira.
Prozesu horrek bere burua baliogabetzen du, plana edo programa sozioekonomikoa landua, adostua eta itxia omen dutenez gero. Hori, hasi ere, 2017an hasi baitzen martxan, Hitzarmenaren arabera hartantxe jarri beharko zen abian herritarrok parte hartzeko prozesua.
Guk argi daukagu. Guggenheim Fundazioak, berak behar du Urdaibaiko Biosfera Erreserba, bere gainbehera nabarmenetik burua ateratzeko, ezen ez alderantziz.
Azkenik, eta ikusita aurrekontuko 130 milioiak hemengo diruarekin jarriko direla, eta ezer ez dela etorriko Atlantikoaren beste aldetik, argi geratzen da mamu-proiektuaren sustatzaileen argumentario guztia ez dela iruzurra zuritzeko koartada hutsa besterik. Ahaztu gabe proiektua bera, euskal kultura herrikoiaren garapenera begira oztopo erraldoia dela. Non geratzen da amets hura, gura kultura?
Estimatua. Ez dugu jokatuko.