Beste sektore ekonomiko askotan bezala, gurean ere fenomeno kezkagarri bat gertatzen ari da: lurrak eta nekazaritza aktiboak orokorrean gutxi batzuen esku pilatzen ari dira. Beti defendatu dugun familia ustiapenaren eredua desagertzeko arriskuan dago. COAG nekazaritza eta abeltzain erakundeen koordinakundeak nekazaritzaren uberizazioa deitu dio fenomeno horri.
Estatu mailako datu batek dio ustiategien %6k nekazaritza ekoizpenaren %45 lortzen dutela, 2019ko MAPAren txosten baten arabera, eta gutxi batzuen aberastasuna pilatze honek aurrera jarraitzen du, mundu mailan ere bai.
Duela urtebete, Alemanian hasi eta Frantziara, Poloniara, Italiara eta Espainiara zabaldu ziren lehen sektoreko mobilizazioak. Telediarioak Europan zehar traktoreen irudiekin ireki ziren, autobideak eta errepideak mozten zituzten bitartean, eta, whatsapp taldeen bitartez, protestak antolatu, eta nekazarien eta abeltzainen haserrea bideratu zuten. Azkenaldian gure mobilizazioek halako arrakastarik ez dute izan; beraz, zerbait ez dugu ongi egin, baina argi dugu ze sektore nahi dugun eta gizarteari zer eskaini nahi diogun, funtsezko sektore garen aldetik.
Whatsapp talde horietan, nekazaritza sindikatuak gutxietsi, eta mobilizazioetatik at geratzeko eskatu zen. Aldi berean, ordea, ekintza-batasunerako deiak egin ziren, eta alderdi politikoekiko independenteak zirela nabarmendu zuten.
Egoera horretan, talde hauek antolatutako protestetatik kanpo mantendu ginen EHNEkook, eta, COAGekin batera, Madrilgo otsailaren 26ko traktoreen manifestazioa babestu genuen.
Protesta horietako aldarrikapen batzuekin bat egiten du Nafarroako EHNEk; ez, ordea, beste batzuekin.
Gure produktu gehienen prezio exkaxa, gehiegizko karga burokratikoa eta eskakizunetan konplexutasun izugarria duen Europako NPB Nekazaritza Politika Bateratua, edo ispilu klausulen beharra izan ziren, besteak beste, bat egiteko moduko aldarriak.
Konpartitzen ez dugunari dagokionez, whatsapp taldeetan egiten ari ziren oinarrizko ingurumen helburuen eta 2030erako agendaren aurkako diskurtsoa aipatu behar dira. Norbaitek irakurri al du? Benetan asmo adierazpen moduan, baina helburu oinarrizkoak dituen agenda baten aurka jo behar al dugu? Besteak beste, agenda honek pobreziaren amaiera aipatzen du, baita zero gosea, osasuna eta ongizatea, eta kalitatezko hezkuntza ere.
Nafarroan, lehen sektorearen fiskalitatea izan zen gai nagusia, eta, urtebete geroago, lehen sektorearekiko hobekuntza garrantzitsua izan badu ere, oraindik kritikatu egiten du hainbatek.
Interes handia dago, hemen ez ezik, mundu mailan ere, inbertsio-funtsen eta kapital handiaren aldetik, lehen sektorearen ekoizpena bereganatzeko. Mercosurrek, NPBk, ingurumenak, fiskalitateak, despopulazioak... denak balio du esloganetan oinarritutako diskurtsoa eratzeko, eta sektore honek etorkizunik ez duela sinetsarazteko, eta aldi berean sektorea bereganatzeko.
Eszenifikazio indartsuak eta komunikatzeko ahalmenak aukera eman dute ñabardurarik eta sakontasunik gabe hainbat gai jorratu eta dagoeneko, batzuek erdarazko hitz jokoa erabiliz Trump-antojuak deitu dituzten horiei, forma emateko. Ez gaitzaten engaina.
EHNErentzat, kalitatezko elikagaiak ekoiztu eta bere inguruneaz arduratzen diren nekazari zein abeltzainek osatutako lehen sektoreari eustea da erronka, eta horixe da gizarteari eskaintzen dioguna; horretarako, inoiz baino gehiago familia nekazaritzaren eredua defendatu behar dugu.