Lehen Korrika hura ez zen izan samurra

2022ko apirilaren 11
11:27
Entzun

Orduan, Korrikaren ideia hura, 1980an Oskorriko Josepe tronpetariari bururatu zitzaiona, bat-batean eta lehen bista-kolpean, ezinezko eta distopikotzat jo genuen AEKn. Hala ere, garai hartako Zuzendaritzan genbiltzan batzuek, Bittor Allende publizitate-sailean zebilen hark-eta animatuta, froga egitea erabaki genuen. Bittorrek berak marraztu zuen kartel eder bat, berak maite zuen neskatxaren marrazki polit batekin; baita beste Bittor bat (Altzola gernikarra) eta Enrike Ibabe zena, animatu genituen publizitate-testuak diseina zitzaten propagandarako, eta Xabier Amuriza, musika-lelo bat asma zezan laster batean, bera bertsolaria zenez.

Aipatzekoa da, garai hartan AEK zela Euskal Herri mailan zegoen erakunde bakarra, nik dakidala; eraketa mailan, Julen Kalzada busturiarra zen Euskal Herriko koordinatzailea, Xan Iparraldekoa, Beñi Agirre Gipuzkoatik, Urtsa eta Joseba Bizkaitik eta Sagrario Aleman nafarra. Didaktika mailan, aldiz, honakook: Gau Eskolen garaian fundatzaile: Jon Aurre busturiarra eta Jabi Etxegarai mungiarra. AEKren sasoian, Alberto Gabika lekeitiarra, ni neu Gautegizkoa, Josejoa Gallastegi eta Josu Zabalo (Basauri-Galdakao aldetik), Kike algortarra, Aitor donostiarra, Xan bera Iparraldetik, Berta, Zubiri eta Arritxu Santamaria Arabatik, eta azkenez Sagrario Aleman eta I. Zabaleta Nafarroatik.

Horrela osaturik, Korrikaren ideia distopiko samar hura gauzatzea ebatzi genuen hasiera hartako Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea (AEK) osatzen genuen batzuek. Ez denek, ordea, izan ere, zeren beste batzuek uste baitzuten Erakunde Publikoetan sartzeko garaia zela; eta aukera hartaz baliatzea beste erremediorik ez geneukala; ezen bestelakotz, AEK-k ez zeukala etorkizunik bere bakardade hartan, erdi-borondatezko gisara jokatuz. Eta halaxe  gertatu zen, gertatu ere, luzera: Erakunde Administratiboak HABE Institutua sortu zuela, Baskongadetako tokian tokiko euskaltegiak sortuz,  AEK ordezteko asmoz. Eta lortu ere lortu zuen azkenean, beraien arauen menpean jartzea AEK, nahiz eta halako manifestazioak eta itxialdiak egin, «Eusko Jaurlaritzá, bete zure hitzá» oihukatuz.

Ordukoak beste garai batzuk ziren-eta, jakina. Hortaz, zenbaitzuen idurikoz Korrikaren ideia hura fantasiazkoa bezain hutsala zela pentsatu arren (txakur ametsa), gutxi batzuek pentsatzen genuen Euskal Herri osoan funtzionatzen zuen erakunde bakar hura bere hartan mantentzea merezi zuela. Eta diruz larri genbiltzanez, Korrikaren abentura frogatzea erabaki genuen; behintzat apustu egitea. Oso ulergarritzat hartu genuen beste haien apustua ere, hots, haiek Instituzioetan sartzearena eta euren bideaz froga egitea. Bidegurutze uneko egoera.

Guk, ordea, geure bidetik aurrera egitea abatzi genuen, eta Korrikaren ausazko bideragarritasunean murgildu. Julen Kalzada zena genuen orduko koordinatzailea. Euskalduntze Alfabetatze Koordinakundearen programakuntzari dagokionez, ordurako metodologia aurrerakoi bat lortua genuen: «Komunikazio bidezko medodologia» deitzen geniona, ingelesen Communicative Methodology delako batean oinarritua. Eta, geroxeago, Udako Barnetegietan frogaturiko esperientzia arrakastatsuen ondoren, «Kulturgintza bidezko metodologia» zeritzogun hura, Paulo Freire hego amerikarraren Enseñanza de Cultura Popular erreferentziatzat hartuta.

Baita Paulo Freire bera ezagutzeko parada ere izan, EPA-Adinekoen Irakaskuntzakoek antolatuta Madrilen egin genuen topaketa hartan.  Bilkura hartan, AEKren metodologia eta praktika jendaurrean azaldu ondoren, Paulok harrituta esan zuen: «Ez nuen uste halakorik zegoenik».

Ba, gauza da lehen Korrika abiatzear zegoela, 1980ko azaroaren 29an, Oñatin hasi eta Bilboko Erakusketa Azokan amaitzeko. Astebete eta piku korrikan, orduan ere elurra borthürietan…

Baina, esan bezala, denak ez zeuden konforme. Baina eta ados ez egoteaz gain, erasora jo zuten, nahiz eta oraindik etika bizirik egon garai hartan, orain ez bezala; zeren orain galaxietan barna baitoa alderrai, eliteak goma-2 jarrita leherrarazi duelarik.

Hortaz, orduko Korrikaren hasierako edizioak (ez lehenbizikoak, ez hurrengokoak) ez ziren batere gozoak izan. Gaur egun bai, egun jada, berton nahiz Helsinkin, New Yorken zein Valladoliden, denek Korrikaren alde. Baita, gauza bitxia, Aznarren jaioterrian bertan ere: Valladolid Korrikaren alde, jende hura euren pankarta eta petoekin, Korrikaren zain. Baina duela 42 urteko edizio hartan, orain gezurra badirudi ere, boikota egin zioten Korrikari eta korrikalariei. Boikot berdaderoa.

Badakizue, Korrikarako Remigio Mendiburu eskultoreak egindako lekukoak mezu bat darama barnean. Bada, lehen edizio hartakoak Jose Maria Satrustegi apaiz fin euskaltzale Sakanakoak sartu zuen mezua zeraman; Bilboko Erakusketa Azokan irakurtzekoa zena, hain zuzen. Bada, mezuaren papertxo hori lapurtu egin zuten bidean. Honezkero badakigu non, Araba aldean zihoala. Eta, Bilboko eszenatoki handios hartan, Julenek mezua irakurtzeko papertxoaren bila eskua sartu zuenean, lekukoa hutsik zegoela ikusi harriduraz! Hantxe gu denok aiduru, baita Lekue ere, lekuko. Alajaina, kriston nahastea gertatu zen segituan, jakina.

Oposizioak, maiz gertatu ohi denez, AEKri eta bere Korrikari egotzi zion errua. «Gernika gorriek eurek bonbardatu» zutelakoa. Eta segidan kanpaina izugarria AEKren kontra.
Sekula halakorik. Ba halaxe izan zen!, gizabidea oro bazterrera jaurtikiz. Izan ere, gerra-operazio haren guztiaren atzean, izen boteretsuak baitzeuden, alderdi handiak…
Sekulako erasoa izan zen hura!

Beraz, ez lehen Korrikak, ez hurrengoek ere, ez zuten gozo izan. Harik eta, halako batean, izen boteretsu haietako batek, Bilboko alkateak, lekukoa eskuan hartu zuen arte, zorionez, azken kilometroa Areatzatik udaletxera egiteko; eta orduantxe hasi aspaldiko glaziarra urtzen.

Eta guk, Korrika-22garren honetan, aurtengo arrakastaz pozik baino pozago, gogotik utzi ditugu ahanzturan, joandako joanikoak. Zeren eta damuari bere aukera ematea eskatzen baitu gizabideak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.