Idazlea

Lehen hitzaren ordezkoa

2025eko urtarrilaren 17a
05:00
Entzun

Beti ez dut erraz lortzen zein berba hautatu lehendabizikoa izan dadin, zeini eskainiko diodan lehentasuna izkiriatzeari ekiterakoan, zeinek eragingo dion irteera, norgehiagoka balitz bezala. Edozelan ere, zeinahi den, konfiantza osoz hasten naiz grafiaren mapa, gogoeta bakoitzeko hainbat ordezko sorrarazteko gaitasunekoak baikara gizakiok. Horren argi ez dudana da, ostera, ordari beteak izan gintezkeenik inoiz beste gizakumeenak, behin nornahiren bizi-arnasa galdutzat ematen denez geroztik. Berezkotasuna abiaburu harturik, bat-bateko apustuan ezetzaren alde egingo nuke, batzuetan merkatuen esanetara eta haien legeen menpeko alienazioan barrena ordezkagarri azaltzen garen arren. 

Baldintzazko unibertsoan kokaturik, posible izatekotan, nolakora arte helduko zen ordezkotasuna zalantzatan nabil buruhaustearekin pare-parean. Horrez gain, zentzuzko ote multzoarekin egin du topo idazketak behingoan: bidezkoa bai, modurik legoke egiaztapena ziurtatzeko, argibideak baliozko zitezen, arrazional erarik ote… Halaber, balizko fiktizio horretan portzentajeekin jolasean, ehuneko zenbateraino beteko ziren heriotzak geldiarazitako ametsak; egiteke geratzen diren egitasmoak… Garaiz eman ez diren besarkaden tristuraz zer egin, zein datu-taulatan sartuko genukeen, hitz apurtuak, inork josteko zain, betiko isiltasun itzal bilakatuak.

Zinpeko deklarazioa balitz, ezinduraz blai epailearen erpeetatik hanka egiterik ezinik, ez errepikatuko nuke, boterearen araudien bidez banakotasunaren kontran adimen artifizialak guztiok robot hegemonikoak bihurtzen ez gaituen arte behintzat, ez. Dena den, egiaren izenean (nirean), salbuespenak salbu egon litezkeela ere onartzeko prest, beti hipotetikoari jarraiki: gizateriaren aurkako krimenen kasu. Goi-kargudunek legegintzaren baitan giza eskubideak bermatu beharrean, beren jendailaren oinordeek mundu-aniztasunaren minak handiagotzen jarrai ditzaten bizitza urraketaren lanbide-antzeko ofiziala ezartzeko prest egonak; faxismoaren ikurtzat izendatuak; justiziaren eraile sutsuak; genozidak; torturatzaileak; misoginoak; esklabistak; supremazistak; diktadoreak… Ankerrenetakoa izana ere, soberazko ordezkari azaleratuko zaigulakoan edonon, noranahi so egiten dugula. Halaxe adierazten digu historia unibertsalak.

Egungoari halabeharrez atxikirik, historia bera erakusle hartzeaz bestalde, egunerokotasunean erabiltzen ikasi beharko genuke oraina nolanahi ulertzeko eta gizartea eraldatzeko urratsak jorratzerakoan akats berdinak egin ez ditzagun. Azken finean, iraganarekiko lotura edozein dela ere, bai pribilegio handien ondaredunak, bai injustizien aurreko bakardadean hamaika negu krudeletan kaltetuok, nahiz batera nahiz bestera, garena aurrekoengandik baikara. Eta gertakizun handiei dagokienez, urrutikoak barne, guztiongan duten eragina txikitzeko joera komunitarioaren kalterako aritzea da, txikiagotze horrek ekar litzakeen ondorioak gatazka kolektiboen irtenbidea ukatzearen parekoak izango litzatekeelako ziurrenik. Honenbestez, izandako eta egun daudenak jomugan, kapitaleko erakusleihoetan doluak gora eta behera, nork bere kontzientzia baretze nahian, batzuen garrantzia txikiagotzeaz baliatzea boterearen gehiegikeria zuritzea baino ez da. 

Bizi esperientziak banakoak direla maizegi iruditzen badu ere, erabaki pertsonalak testuinguru komunitarioaren eraginpean hartzen ditugu, eta komunitatean sortzen diren erronken testigantzak gara. Hortaz, gutariko bakoitza subjektu kolektiboa garen heinean, ardura indibiduala izatetik elkarren kolektibitatean susper dadin eman behar da pausoa, etxekoak ez ezik, besteen sufrimenduekiko konpromisoa ere erdigunean jarriz 

Hitzen jario honetan, gomutara datorkit asmakizuna besterik izan ez daitekeena. Batek daki, ezen errealitatea deritzoguna irudimena baino sendoagoa da eta gainezka egiten digu gehienetan, gupida barik. Gaur, estu eta artega, gerokoa heriotzatik dilindan —alegiazkoa ala benetakoa menderatzaileen esku zikinetan izan ohi baitago—, ura  desagertzearen sarrakioan murgildurik esnatu naiz, fikziozko bizitza-diaporaman sartua banintzen moduan. Urik ez. Inguruan, gorpuak baino ez. Hilotzak eta izan zireneko eraikinen hondakinak. Izan zireneko azken arnasak sakabanaturik, handik eta hemendik, aieneen artean odola zeriela. Urrutian, negarren oihartzuna; askorena zitekeena, zeneko etxeko denak erailak zirela ohartua. Inor bizirik ez etxean. Etxerik ez, bonben hotsaren aginduetara kanta zaharren mamuak dantzan, originalak, betikotzat joanak. Laguntza eske nora jorik ez, ihesik ere ez. Sendagairik ez ospitaleetan. Inongo ospitalerik ez begi bistan. Ez eta eskolarik ere. Zer edan eskatzen zuen goseak. Zer jan, egarriak, ahitzeko zorian. Metrailaren lainoan urik ez, erresistentziaren zauriak arin zitzan. Ogirik ez, erailak berpiztu daitezen. 

Sugarren atzaparretan azala kiskaltzear, bihotza helmuga guztietara heltzen borborka  ahalegintzen zen bestelako infernu motako sasibizitza hartan. Baina ezin. Ikara nagusi, azkenean, nire gorputza ere ikusi nuen hilik. Hainbeste milaka bezala, hilik, sionismoaren sarraskia geldiezinpean.

Amnesty International eta Oxfam Intermon erakundeen esanetan, Israelek aldi berean beste edozein gatazka hurbilean baino andre eta haur gehiago erail ditu urte baten buruan. Emakumeok, bizitza sortzeko gaitasun organikoa dugunok, eta umeak, herriaren enbor-kima berriak. Nortasunaren sustatzaile biok: etorkizunari eutsi ahal izateko kemena. 

Europak, besteak beste, bere itxurakeria medio, Palestinaren garrasiak politika neofaxisten gerizan zapaltzen ditu hil-oihalek Nakbaren memoria astintzen duten bitartean. Gramatikan bezala, biziaren ordezkoa AAk noiz asmatuko, justizia eske gabiltzan munduok genozidioa oihukatzen dugun bizkitartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.