Nekane San Miguel.

Legeak

2025eko urtarrilaren 19a
05:00
Entzun

Duela aste batzuetako berria izan zen: munduko bazter guztietatik etorritako eskuin muturreko kristauez osatutako Balioen Sare Politikoa izenez ezagutzen den taldea bildu zen Españako Senatuan. Feminismoaren aurrerapenak dakarkien arriskuaz; abortuari eta eutanasiari aurre egin beharraz (heriotzaren kultura deitzen diote bikote honi); egoera apokaliptikotzat jotzen dutenaren gizarte-desordenaz kezkatuta mintzatu ziren. Gizartea bere onera etor dadin neurriak hartu beste erremediorik ez dagoela eta, proposamenak ere kaleratu zituzten. Taldearen buru lanak Mayor Orejak egin omen zituen, eta baita ere ederra proposatu: espezieen bilakaeraren teoria berraztertzea munduaren kreazioaren doktrinak gordetzen duen egia berdaderora bueltatzeko. 

Ez da batere originala Mayor jaunaren proposamena. Aspaldi ikusi nuen Inherit the Wind filma ekarri zidan gogora. Izan ere, Stanley Kramerrek 1960an zuzendutako film horrek 1925ean Tennesseeko (Amerikako Estatu Batuak) herrixka baten gertatutako epaiketa du kontakizunaren ardatz: Irakasle bat (John Scopes) epaitua izan zen Darwinen espezieen eboluzioa esplikatu zuelako bere ikasgelan. Isun bat ordaintzea izan zen zigorra, kartzela-zigorra eskatu arren akusazioak. Kontua da Tennessee estatuan Butler legea indarrean zela urte haietan. Lege horren arabera, erabat debekatuta zegoen gizona Jainkoak sortu zuenaren egia absolutua zalantzan jartzea, Bibliaren araberako iritzi eta irakaskuntzatik at ezer onartzea debekatzen baitzuen. Ezin pentsatu ere gizona animalietatik eratortzea, Jainkoaren kreazioa gutxiesteko modu baldarra zelako kreazionistentzat. AEBen orduko prentsan inoizko ikusmina sortu zuen epaiketak. Kronikek diote interes hori ez zegoela epaiketaren muinari lotuta, beste helburu batzuetara baino, eta alde horretatik aitzindari izan zela epaiketaren inguruan sortutako giroa.

Madrilen bildutakoek Butler legearen antzerako zerbait eskatzen zutelakoan nago, horrelako arau batek gizartearen iritzi eta pentsatzeko aukera-aniztasuna erabat ezabatu arren. 

Jendartean komunikazio ordenatua eraikitzeko bidean sistema juridikoak duen garrantziaz ohartarazten gintuen zuzenbidea ikasten nuenean irakasle nituenek. Sistema horren erdian, legeak. Ezin uka indarrarekin (ez indarkeriaz) ezarri eta beteko direla, baina aldi berean, autoritateaz sortuak beharko lukete, gehiengo zabal baten onarpenak esan nahi duen adieran, ez inposaketa bortitzaren zentzuan.

Geroago legegintza puztuta zetorrela ohartuta, irakasle haiek ugaritasun horrek dakartzan ondorioen aurrean kezka azaldu dute behin baino gehiagotan: Jendeari sinestarazten zaiola legeak sortuz arazoak konponduko direla eta hori ez dela horrela. Neurri gabeko lege multzoek ez dutela askatasunean eta berdintasunean bizitzeko sortuak garen gizabanakoen mesedetan garatzen, giza-talde jakin batzuen interesen defentsan baino, komunikazio ordenatua desordenatuz. 

Lege bat idazteko orduan badira kontuan hartu beharreko hainbat gai. Arrazoizko edukia eta orokortasunetik hasi eta: 1.- Zer den lege horrekin lortu nahi dena (hori azaltzeko balio beharko lukete aitzinsolasek); 2.- Ea lege berri hori modu naturalean kokatu eta uztartzen den oinarrizko eskubideen defentsarako eraikitako sistema barruan; 3.- Zeintzuk diren jendearen gehiengoak jarraitu beharreko portaerak zehaztea, eta zein baliabide aurreikusi eta eskaintzen diren jokaera horiek ziurtatzeko; 4.- Legearen edukia egingarria behar du.

Gaurko gizarte honetan hainbeste izanik legeztatutako eremuak, ezaguera zabal eta anitzetako adituek parte hartu beharko lukete legeak idazterakoan, ez bakarrik juristek. Faltan ikusten dugu lege berri bakoitzean memoria ekonomikoa, hau da, zer nolako kostua izango duen legea martxan jarri eta betearazteak. Ziurtasun juridikoa gauzatzeko, hitzak eta hizkera argia eta gardena behar du. Legearen hartzaileak legearen egileak esan nahi diona ongi ulertu behar du. Argi idatzitakoak interpretazio aldrebes, kontraesankor eta dorpeak ekidingo ditu (edo gutxitu). Sarritan ez da legea aplikatzen duenaren errua eta konpetentzia-eza hamaika desastreren arrazoi, legearen hizkera erratikoa baino.

Lege zuzen batek beharko lituzken bereizgarriak zerrendatuz jarraitu daiteke, baina oraingoan lege jakin bati egin nahi diot aipamena. Hasieran kontatu dudan ekitaldia egin zen inguruko datetan 1/2004 lege organikoak hogei urte bete zituela eta.

Lege hau Españako Aginte Judizialetik aitzindaritzat aurkezteaz gain, emakumeon aurkako biolentziarekin amaitzeko tresna eraginkorra izanen zela saldu zen lau haizetara. Orokortasunaren izenean baina, emakume bikotekide denarenganako biolentziara mugatzea legearen edukia, ez zen hasiera eredugarria izan; ezta hainbesteko min eta kezka sortarazten dituzten ekintzen aurkako soluzioa zigorrean zentratzea. Gaztigua kaltea eragin eta gero dator. Legea integrala bada, zigorretik haratago beste arlo askotan eragitea aurreikusi behar du biolentzia etor ez dadin (edo gutxitze bidean sartzeko). Xedapen gehigarri baten (11.) 1/2004 lege organikoak dio aldiro aztertuko dela emakumeon aurka ematen den biolentziaren aurkako borrokan zein lorpen izan dituen legearen aplikazioak, bere eraginkortasuna neurtzeko. 

Agian erratuta ibiliko naiz, baina 1/2004 legearen lorpenak kaleratzen direnean, zenbakiez aritzen dira: zenbatzen hasi direnetik, eraildako emakumeen kopurua gehituz doala esaten digutenak; edo salaketa, babes neurri eta zigorrenak ere gorantz doazela. Gora, eta izeberg baten muturra besterik ez omen da.

Biolentzia horrekin bukatzeko erreminta baino egoera latz honek duen tamaina ezagutzeko tresna izango zela esan izan baligute, zuhurrago ibiliko ziren agian. Lege bat baino zerbait gehiago behar da gure aurkako biolentziak ahalbideratzen dituzten egitura sendoak mugiarazteko eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.