Auzitegi Gorenak jende askori huts egin dio, eta haserretu egin du CAN auziari buruz emandako epaiarengatik. Datua aintzat hartzekoa da, eta, itxurazko kontraesanaren gainetik, bultzada bat ematen digu pertsonek duintasunez jarduteko eskubidea izango duten mundu justuago batean sinesten segitzen dugunontzat. Saiatzea merezi duen utopia bat da, ez bakarrik helburu idealista gisa, baizik eta... «hobe dugulako lanean segitu, bestela...». Eta segitzera animatzen gaitu haserreak, horrek erakusten duelako jendea bizirik dagoela, sentitu egiten duela eta erantzun egiten duela, nahiz eta harrak heldutako sistema politiko honek sorgor eduki nahi dituen herritarrak...«hobe duelako horrela egin, bestela...».
Gorenaren epaiaren berri izan genuenean, Kontuz-ekoak batzartuta geunden, hain zuzen, Gorenaren epaiaren berri izaten genuenerako prentsa ohar bat prestatzen. Sumatzen genuen epaia, baina, oraindik ere idealistak garenez, gutxieneko itxaropen bat bagenuen Maria Paz Benito epaileak egindako lan itzelean eta haren autoan. Benitoren autoaz galdetu diegu hainbat jatorri ideologikotako juristei, eta guztiek esan ziguten autoa bikaina zela, eta kontra egiteko zaila. Horregatik uste genuen Auzitegi Gorena gutxienez estuasunean jarri eta ikerketa informatibo bat irekitzera behartuko zuela.
Hilabeteetako lan mardula egin ostean, presioen aurrean ausardiaz arituta eta jardunbideetan profesionaltasuna erakutsi eta gero, egun gutxiren buruan artxibatu dute bost epailek auzia, oso argudio eskasak erabiliz. Patetikoa. Aurreko egunean Pepiño Blanco izan zen, gero Matas, eta orain gure Yolanda.
Esaten nuenez, prentsa oharra prestatzeko bilera batean geundela jakin genuen albistea, eta, hain zuzen, oharrean herritarrak lasaitu nahi genituen, eta adierazi nahi genien ez dela «ezer gertatzen». Egin duguna bidezkoa eta arraskatatsua izan da. Baina oraindik bide luze bat daukagu egiteko; CAN desagertu izanaren arduradunek asko dute galtzeko, eta nafarrek, berriz, asko irabazteko, gertatutakoa argituz gero.
Aranearum telis fas est leges comparare latinezko esaerak esan nahi du legea armiarma sare baten antzekoa dela, eta hau gehitzen dut: insektu txikiak bakarrik harrapatzen ditu. Horixe da kontua. Ez digute golik sartu. Bagenekien hasieratik zeri aurre egin behar genion. Gogoan genituen J. Navarro epailearen hitzak: «Epaileak ez dira erosten, ezta saltzen ere. Oparitu egiten dira». Oso argi genuen horrelako jokabideak gertatuko zirela, eta halaxe jokatu du Nafarroako Fiskaltzak prozesuaren hasieratik. Argi dugu «etsaia» ez dela txikia, baina, era berean, argi dugu berandu baino lehen egia nagusituko dela, erortzen dena erortzen dela.
Geure burua zoriondu behar dugu, gai izan garelako Nafarroa beraiei esker benetako paradisua zela behin eta berriz errepikatzen zutenei mozorroa kentzeko. Gaur egun, M. Sanz, Y. Barcina eta R. Jimenez beren alderdientzat amortizaturiko politikariak dira, eta herritarren mespretxua baino jasotzen ez dutenak.
UPN-PSN tandemak beretzat antolatua zuen cortijo-a dardararazi dugu. Laguntza asko izan dute: J.A. Sarriak zuzendutako patronala —CAN kudeatu eta irabaziak jaso zituztenetako bat—, UGT eta CCOO erakundearen erabaki guztiak babesten, eta hedabide batzuk, Diario de Navarra kasurako. Baina Kontuz-en salaketek eta herritarren mobilizazioek bi alderdiak inguratu dituzte.
Lehen aldiz denbora askoan urduri ikusi ditugu, airera ostikadak emanez, alderdi barruan ere aurrez aurreko jarreretan, eta jarraitzaile sutsuenek ere ulertu ezin zezaketen diskurtsoan. Izan ere, gaur egun, gai al dira herritarrei esplikatzeko CAN zergatik desagertu den, zein izan ziren arduradunak, eta zergatik uko egiten dioten legebiltzarrean ikerketa irekitzeari?
Nahiz eta Y. Barcinaren irribarreak auzo lotsa eragiten duen, etorkizuna itxaropentsua da. Nola liteke ohoreaz mintzatzea, zein eta ezer ez egiteagatik dirutza bat kobratu eta harrapatu duten bat, dirua itzuli behar izan duen bat?CANek ordainduta baina Goñi jaunak oparitutako luxuzko ordularia itzuli beharra izan zuen UPNko presidente horrek berak, kontua komunikabideetara iritsi zenean.
Ohorezko keinua izango litzateke dimisioa ematea eta Nafarroako justiziaren aurrean bere defentsa egitea. Izan ere, bizi garen erkidegoa da bakarra presidentea Gorenak epaitzen duena, eta ez erkidego bakoitzeko auzitegi nagusiak.
Ustezko errugabetasunetik harago, salaketa jartzeko eskubidea baliatu dugu uste dugulako errudunak direla, eta Gorenaren epaiak ez digu aldarazi iritzia. Uste dugu herritarrek ere argi dutela beren epaia.
Ikerketan konfiantza izatera animatu nahi ditugu herritarrak eta salaketa publikoa egitera; izan ere, datu eta froga gehiago agertuko dira hondoratu zuten erakundearen kudeaketari buruz. Agertuko dira, halaber, horren ardura izan zutenak ere. Gorenak begiak eta belarriak estaliko dituen arren, errudunak finantza erakundeko botere organoak zuzendu zituzten berak dira. Haren irri faltsuak beldurra eta ahultasuna ezkutatzen du, ez zalantzarik izan; izan ere, lotsak airean utziko ditugu, eta, laster, baliabide horien kontrola eskuz aldatuko da, «legeak aginduta», eta etikak eta demokraziak aginduta.
(Erredakzioan itzulia)
Legea, armiarma sarearen antzekoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu