Urtez urte errepikatzen den datua da. Komunikabide tradizionalak (prentsa eta TB bereziki) sinesgarritasuna galtzen ari dira. Etenik gabe. Mundu osoan. Aurtengo Digital News Report txostenaren arabera, populazioaren %40k soilik erakusten dute konfiantza albisteetan. Espainian %33raino jaisten da ehuneko hori. Bestetik, albisteak —maiz edo sarri— saihesten dituen jendea gero eta gehiago da (%39). Zergatik ote?
Nik ez dut autokritikarik ikusi komunikabide hegemoniko horietan. Digitalizazioa, sare sozialak, ohitura aldaketak… Horiek omen dira beren audientziaren beherapenaren arrazoiak.
Herritarrek duten konfiantza faltaren oinarria komunikabideek gatazken aurrean erakusten duten neurgailu desberdinean datza, besteak beste. Gazan, Libanon, Iranen eta abarretan gertatzen ari den genozidioa, komunikabide batzuen ustez Israelek duen «defentsa-eskubidearen barruan» sartzen da. Berdin zaie nazioarteko auzitegiek kontrakoa esan badute ere. Putinek Ukraina inbaditu egin du. Netanyahuk Libanon egiten dituenak, berriz, «operazio mugatuak» dira. Ez da inbasioa. Hori bai, agintari bientzako, baita Zelenskirentzat ere, beren soldaduak —neurri izugarri handi batean gizonak— heroiak, baita lehoiak ere dira.
Baina ez da Ukraina edo Gazaraino joan behar komunikabideen neurgailu desberdinak topatzeko. Aste honetan, gure etxean bertan —Gasteizen—, izan gara horren lekuko. Astearte eta asteazkenean Gasteizko Europa jauregian Nazio Batuen Terrorismoaren Biktimen Konferentzia izan da. Bertan izan dira, besteak beste, inork aukeratu ez duen Felipe VI.a Espainiako erregea, torturaren aurrean itsu eta mutu geratu zen epaile eta egun Barne ministro den Fernando Grande-Marlaska eta Imanol Pradales lehendakaria bera ere. Gasteizen dagoen Biktima batzuen memoriala goraipatzera etorri dira. Normalean oso gasteiztar gutxi ikusten dira museo horretan. Inguruan ibiltzen direnak gida turistikoren batek gidatutako kanpotarrak dira. Ekimen hori ez da herrian errotu. Herratua dabil.
Atzo bertan Gasteizko Plaza Berrian —Espainiako plaza, agintarientzat— Guardia Zibilak, etxeko agintari gorenen aurrean, bere jardueren erakustaldia egin zuen. Eusko Jaurlaritzak egindako txostenaren arabera, 1960-2014 urtealdian, institutu armatu horrek gutxienez 1.792 pertsona tortura zituen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Guardia Zibila publikoki omendua. Plaza publikoan, ez Sansomendiko kuartelean; ez, Gasteiz erdi-erdian. Zer gertatuko zatekeen atzo bertan aurpegia estalitako 200 bat etakide ohik Dato kalean zehar, subfusilak bizkarrean zituztela, desfilatu izan balute «azken hamarraldietan erakunde armatuak lortutako erdiespenak» goresteko? Onartezina litzateke, ezta? Bestea, zergatik da onargarri? Eskerrak, bederen, Memoria Osoa ekimenak Guardia Zibilak eragindako biktimak ere ikusarazi zituela.
Digitalizazio demokratikoa
Digitalizazioaren garapena ez da komunikabide handienen konfiantza galeraren arrazoi nagusia. Beren sinesgarritasun falta da arazo. Beren jabeei zor dieten morrontzan dago gakoa, izan Iberdrola, bankuak edo Eusko Jaurlaritza. Eta konfiantza falta horrek uzten duen hutsunea sare sozialetan bolo-bolo dabiltzan muturreko mezu gordinenek osatzen dute.
Borondaterik balego, konponbidea posiblea litzateke. Digitalizazio demokratikoaren aldeko aktibista Simona Levik dioen bezala «Internet ez da toxikoa, algoritmo adiktibo eta oldarkorrak kontrolatzen dituzten multinazionalak baizik». Hor dago konponbiderako giltza posibleenetako bat.
Garai nahasiak bizi ditugu. Azken hilabete eta aste krudel hauek arima eta gogoa kolpatu dizkigute. Une honetan, bake-eszenatokietan pentsatzeak zoro erromantikoen asmakeria dirudi. Adin batera iritsita, atzera begiratzean, galdutako batailek utzitako orbainak edo porrot egindako proiektuak ageri zaizkigu lehen planoan. Baina, inguratzen gaituen zurrunbilotik at ateratzen bagara, paisaia beste perspektiba batetik ikus daiteke. Gizarte zibilari eta herri-mobilizazioari esker, borroka handiak ere irabazi ditugu: zortzi orduko lanaldia, emakumeen sufragioa, feminismoaren aurrerapenak, LGTBIQ+ eskubideak... eta hemen etxean ere, Lemoizko zentral nuklearraren geldialdia, adibide bat bakarrik aipatzearren.
Gure soa orain Gazan, Libanon, Iranen… dago. Lehertzen ari diren bonbak, fosforoz ez ezik, beste material ikusezin eta usaingabez osatuta daude: herra biziz. Noraeza, izua, inpotentzia… oso erraz zabaldu dira gure artean.
Ez da ezer berria. Historia errepikatu egiten da. I. Mundu Gerra hurbiltzean, Bertrand Russellek garbi zeukan guda hura erokeria izugarria zela, eta horri aurre egin behar zitzaiola. Bakearen alde mugitu zen, baita Erresuma Batua gerran ez inplikatzearen alde ere. Russellek harriduraz ikusten zuen gizartearen gehiengoa pozik zegoela gerraren perspektibaren aurrean. Eta garbi aitortu zuen: «Batzuetan eszeptizismoak geldiarazi egin nau; beste batzuetan, zinikoa izan naiz; eta, besteetan, axolagabea; baina, gerra iritsi zenean (...) banekien nire egitekoa protesta egitea zela, protesta alferrikakoa izan bazitekeen ere». Askotan hitz egin, idatzi eta mobilizatu zen gerraren kontra. Atxilotua eta espetxeratua izan zen. 1918ko irailean irten zen kartzelatik.
Orain esango didazue: hori guztia oso ondo dago, baina... lehen eta bigarren Mundu Gerrak egon dira eta ondorioak izugarriak izan ziren, dramatikoak. Egin dezagun ahal dugun guztia hirugarren Mundu Gerra gelditzeko. Gernika-Palestina ekimenak urriaren 21ean udaletxe guztien aurrean kontzentrazioak egiteko deia egin du. Irten gaitezen kalera. Izan gogoan Vasili Grossmanek, II. Mundu Gerran, Stalingraden bizi izandako izuaren ondoren idatzitakoa: «Gorrotoa gailentzen denean, maitasuna ezinbestean hiltzen da».
Lazturak bihotza birrindu eta ahanzturak erraiak sumintzen dizkigu. Garaiz gaude. Altxa dezagun gure ahotsa. Gerarazi dezagun gerra kriminal hau. Gero, inork ezingo du esan: «Nik ez nekien». Itsuenak ere badaki zer gertatzen ari den.