Militante konprometituari, eraso guztien gainetik ilusioa mantentzen duenari, aurre egiten dakienari, nire zorionik beroena helaraztera natorkio. Hauteskundeetatik hauteskundeetara erakustaldia izaten ari da zuen bidea. Garbi ikusten da borrokaren muina zaretela, nekaezinak ibilbide malkartsu honetan, etsai handi eta txikiek gure etorkizunaren jabe balira bezala jokatzen duten honetan.
Oraindik ez dute ikasi, ikusi ere ez dute egin nahi, inoiz ez garela izan haiek behar zuten hori: «Son cuatro y un tambor».
Ezker Abertzalekook, une bakoitzean garena emanez heldu gara hona, eta hau hurrengo borrokaldiaren bezpera besterik ez da. Beraz, datorkigun erronkari gogoz ekitea da gure lana, jakinik noski, Ezker Abertzalearen helburua ez dela besaulkiak harrapatzea, lapurtzea, kudeaketa gardena egitea baizik; besaulkiak etorriko zaizkigu uste baino azkarrago gure helburua herri eta lurralde bakoitzean geure estrategiaren lema zuzen eramaten badugu.
Ez gara gaur goizean jaiotakoak; Ezker Abertzaleko militanteen bidea harro egoteko modukoa baita. Militantziaren emankortasuna da beti handi egiten gaituena, Euskal Herria buruan eta bihotzean, ezkerretik eraikitako independentzia lortzeko ekinean.
Hain zuzen ere, horretarako sortu zen, 1978. urtean, Herri Batasuna, etsairik inoiz falta izan ez zuena. Eta gaur antzera dabil EH Bildu: arerioak zirela uste eta etsaiak jokoan sartuak... EAJren jarrerari buruz ari natzaizue.
Telesforo Monzon nire bihotz erdian dela, zein gustura egongo nintzatekeen berarekin solasean, Jokin ondoan izanik...
Egia esateko, ez nau batere harritu EAJk PP-Voxen bozak hartuko dituela entzun dudanean. Izan ere, berrogeita bost urteotan, EAJk ez du besterik egin: alderdia gizendu mitxelinekin Herriaren nahia eta borondatea baztertuz, entzungor eginez, eta askotan mespretxatuz, harropuzkeria agerian dela.
Azkenengo emaitzak paper guztiak galtzera eraman du EAJ, Espainiako faxisten alderdiarekin konponduko dela esanez. Helburua: EH Bildu eszena politikotik kentzea, duela berrogei urte bezala: «Todos a una contra Herri Batasuna». Baina, EAJri gaizki aterako zaio, ezingo duelako helburua bete.
Eta, ez naiz orainera begiratzen ari, Euskal Herriaren independentziarako bidera baizik. EH Bilduk garbi esan dio abertzaletasunetik elkarrekin lan egitea badugula. Izan ere, bien proiektuak guztiz ezberdinak izan arren, herri bakarra dugu, eta, abertzale garenez, Espainiaren erasoen aurrean batu gaitezen logika handia du: herriarena.
Maiatzaren 28ko hauteskundeetako bozek garbi hitz egin dute aldaketa sakonen beharraz, baina botoen galtzeari beste, edo gehiago, EAJk izua dio EH Bilduri, zeren orain arte jaun da jabe izandako instituzioetan agintea EH Bilduk hartuz gero, mantaren muturretik tiraka EAJren trapu zikin, iruzur, neurrigabeko aberaste, ate birakari eta hainbat operazio ikusezinak bistan geratuko dira herritar guztien aurrean.
Urte askotan neure buruari egin ohi diodan galdera, hauxe: EAJk ba al du aberririk? Edo Espainia du aberri? Edo, diruaren morroi izanik, kapitala? Eta honek, kapitalak, ez du aberririk.
Aurrean dugun bide luzean, militante guztion betebeharra aurrekoengandik jaso genuen helburu zintzoari jarraitzea da, gogoz eta ilusioz; euskal preso politikoak gogo-bihotzean, etxera laster ekartzea ere bai.
Herriak irabaziko du!
Lau eta danbor bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu