Lasarte-Oria ala Maroto

2014ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Euskal Herriaren aniztasuna kohesio faktore gisa; ala aniztasuna esklusio modura. Gure herriaren errealitate plurala ulertzeko bi modu antagoniko horiek agerian gelditu ziren joan den asteartean, hilak 15: ikuspuntu batek Lasarte-Oriara garamatza, eta besteak, tamalez, Gasteizko alkatetzara. Aukeratzea da kontua. Eta guk, Gipuzkoako Foru Aldundian, argi eta garbi dugu zer nahi dugun geure herriarentzat: Lasarte-Oriako eredu barneratzailea, elkarbizitza oinarri duena, udalerri honetan modu arduratsuan lantzen ari direna. Bestea ez genuke kontuan hartu ere egin beharko, ezta aukera bezala ere, baldin eta ez badugu jendarte moduan porrot egin nahi.

Uztailaren 15ean, Lasarte-Oriako udaletxean, Aniztasunetik Elkarbizitzara proiektua eta bertan parte hartzen duten eragile guztien lana aitortzeko ekitaldia egin genuen. Lasarte-Oriako Udalak sustatutako prozesu parte hartzailea da Aniztasunetik Elkarbizitzara, eta bertako errealitate askotarikoa kohesio elementu bihurtzea du xede, ez baitugu ahaztu behar Lasarte-Orian 70 kulturatako pertsonak bizi direla: lehenengo eta behin, ezinbestekoa da elkar ezagutzea; ondoren, desberdina den hori onartzea, eta azkenik, elkarrekin bizitzea, betiere guztion arteko errespetua oinarri dela. Herriko 37 eragilek hartu dute parte ekimenean, hainbat jatorritako taldeetatik hasi eta kultura, kirol eta gazteen arloan lan egiten duten elkarteetaraino, eta denen artean hausnarketak, jakintza eta esperientzia ludiko eta jai girokoak partekatu dituzte. Balantzea oso positiboa izan da orain arte. Lasarte-Oria aniztasuna modu barnerakoian eta arduratsuan nola kudeatu erakutsi eta eredu bihurtzen ari da. Ez da harritzekoa, beraz, joan den astearteko ekitaldian parte hartu zuten pertsonen artean gehien entzun ziren adierazpenetako bat honako hau izatea: «Denok gara lasarte-oriatarrak». Udalerri bat eta herrialde bat ulertzeko modu bat.

Egun horretan bertan, Javier Maroto Gasteizko alkateak integratzeko eta lan egiteko asmorik ez izatea eta gizarte laguntzen bizkar bizitzea leporatu zien jatorriz Marokokoak eta Aljeriakoak diren Gasteizko herritarrei. Adierazpen xenofobo horiekin, milaka pertsona, inolako bereizketarik gabe, jokabide irregularretan dabiltzala adierazi du alkateak, hori esateko inongo arrazoi objektiborik izan gabe. Adierazpen horiek arduragabekeria hutsa dira eta krisi garaian pagaburuak bilatzea baino ez dute xede; gainera, zinikoak baino zinikoagoak dira, gaur egun etengabe ari baikara entzuten alderdi politikoen legez kanpoko finantzaketa, diru publikoaren milaka milioiren xahuketak eta banketxe eta bankariak erreskatatzea hizpide dituzten albisteak. Benetan lotsagarriak dira, Europako eskuin muturraren ildokoak, eta bere burua demokratatzat daukan edozein pertsonaren gaitzespena sortu behar lukete.

Javier Marotok ezin hobeto adierazi zuen joan den asteartean aniztasuna kudeatzeko eredu baztertzailea: Gu gasteiztarrak gara eta zuzen jokatzen dugu; beste horiek ez, eta gure kontura bizi dira, esan nahi zuen PPko alkateak. Javier Marotok Sestaoko EAJko alkate Josu Bergararen hitzak ekarri zizkigun gogora, nahiz eta oraingo honetan ez diren atera Eusko Jaurlaritzako goi mailako karguak Gasteizko alkateak esandakoa leundu edo arintzera. Bai Maroto bai Bergara erakunde eta politika arduradun batzuen joeraren adibide kezkagarria dira, aniztasuna eta migrazioa modu erabat arduragabean erabiltzen ari baitira gero eta gehiago, hauteskundeetan irabaziak emango dizkielakoan. Herria ulertzeko beste modu bat da.

Aukera egin behar da. Alde batetik, eredu irekia, desberdinak diren pertsonak errespetatzen dituena eta desberdintasun hori aitortzen duena; herri honetan bizi diren pertsona guztien eskubideak bermatzen dituena —dena dela pertsona horien jatorria—, eta Euskal Herriaren eraikuntza herritarren erabaki eskubidean oinarritzen duena. Eta bestetik, eredu itxia, hesiak jartzen dituena eta bazterketa eragiten duena, eskubideak murriztu eta pertsona bakoitzaren jatorriaren arabera banatzen dituena, eta erabakiak euskal herritarren borondatea kontuan hartu gabe inposatzen dituena. Aukera egin behar dugu: Lasarte-Oria ala Maroto.

Guk argi eta garbi dugu zein den eredua: Gipuzkoan bizi garen herritar guztiak gara gipuzkoarrak. Eta, beraz, euskal herritarrak. Berdin dio non jaioak izan, Irunen, Almendralejon, Marrakexen, Tolosan, Bogotan edo Dakarren. Guztion artean ari gara herria eraikitzen eta erakundeen ardura da herritar guztien eskubideak bermatzea. Ez dugu onartzen jatorriaren araberako bazterketarik eta bereizketarik. Eredu demokratiko eta barnerakoia nahi dugu. Gure eredua Lasarte-Oriakoa da, barneratzearen aldeko apustua egin duten Gipuzkoako hainbat eta hainbat udalerritako bera. Hori da Euskal Herriak aniztasuna kudeatzeko behar duen eredua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.