Mugitu egin da. Burua jiratu du, zehazkiago esanda. Ez, ez da haluzinazioa. Lagunek, hau kontatu diedanean, erdi izuz erdi errukiz begiratu badidate ere. Burutik pitzatzen hasia ote naizen edo. Hori ere baliteke egia izatea; aspalditik edo agian betidanik dauzkat nik garunetako torlojuak loka samartuak. Baina, kasu honetan, ez da hori kontua. Konbentzituta nago. Lasala plazako lehoia ez dago lehen bezala. Hortxe segitzen du, noski, plazaren erdian trabeska, ahutzak orroe brontzezko, eskuineko erpetzarra lurbiraren gainean, baina orain haren buru tentea beste norabait begira dago… Ezetz? Ez dela posible? Aizu, barkatu, baina ni Donostiako Parte Zaharrekoa naiz-gero, ondo baino hobeto dakit zertaz ari naizen. Koxkeroa, konforme, ez josemaritarra, arrazoi duzu horretan: auzoaren parte hau ez zen gure territorioa. Baina jakin ezazu, halere, ni mutil koskorretan ia egunero etortzen nintzela plaza honetara, eta etxe horretara hain zuzen, laugarren pisura, Aranburu izeneko eskola-lagunarekin (bizi ote da? arrastorik ere ez harenik haurtzaroaz geroztik) Los Angeles-eko praileek agindutako debereak egitera (orduan etxeko lanik ez baitzegoen, badakizu)… Tira, ez zaitut neure oroimenaren meandroetan katramilatu nahi; nire testigantzaren sinesgarritasuna aintzakotzat har dezazun ari natzaizu, besterik ez. Hamaika mila bider ikusia naizela, alegia, neure bizi guztian barrena —eta gaztetxoa ere ez nauzu, ezpentsa—, Lasala plazako lehoia. Eta orain ez dago, lehen bezala, Antzoki Zaharrera begira (Bilintxen omenez dudarik gabe: kantoi horretako kale bietako batek ere —bestea Perujuantxo da— Bilintx du izena, eraikin horretako atikoan bizi izan baitzen gure donostiar poeta herrikoi bihozbera, eta bertan hil ere bai, karlistek San Sebastian egunaren bezperan Arratsaindik jaurtiriko obus hura leihotik sartu eta eragin zion heriozko zauriaren ondorioz)… Noan harira baina, ha-ri-ra, alajainkoa. Jiratu egin du burua lehoiak. Ez tupustean, ez bat-batean. Baina bai ezari-ezarian, milimetro-milarenka, egunetik egunera, iazko urte osoan barrena. Eta horra, ondorioa garbi: orain, Txillardegi azken urteotan bizi izan zen etxera, Lasala plazako 1. zenbakiko atarira, dago begira, brontzezko orroe isila gorazarre ozen bihurtua.
Konturatu nintzenean, duela pare bat aste edo, «bejoandaiala, lehoitxo» — esan nion goraki— «hi bai lagun fina!». Askotan joaten natzaio bisitan; hantxe egoten naiz harrizko eserleku hotz estu batean eserita, edo plazatxoan itzulinguruka, berarekin bakarrizketan, isilean eta ozenean, bietara nik uste (ene, eskerrak gaur egun hala ibiltzea ez den horren nabarmena suertatzen: pinganilotik ari zarela pentsatzen du jendeak eta kito; bestela, honezkero makina bat bertso egina zuten nire kontura). Egun hartan, gainera, gogoratzen naiz, oso pozik nengoen, eta oso haserre aldi berean, euskaltzale guztiok bezalaxe, zeragatik, badakizu, dominaren aferarengatik. Pozik, donostiar loretopekoatarrok eman egingo diogulako (azkenean! bazen garaia!). Haserre, ñoñostiar pico-del-lorotarrek eman nahi ez diotelako. Jakin ere ez horiek bigarrena lehenaren aberrazio hutsa besterik ez dela. Sansebastianense lorito falangista horiek, laurehun donostiar fusilatu zituztenen biloba politikoek….(«ixooo», xuxurlatu zidan aldamenetik Bilintxen itzalak, «nola isilduko naiz, baina, Indalezio?» nik ostera)…Lehoia mutu. Musika bat aditu nuen orduan. Edo aditu uste izan nuen. Han goitik zetorren, Lasala plazako 1. zenbakiko bosgarren solairutik, atikotik. Jose Luis bera piano-jole. Mozarten Requiema, confutatis maledictis…ez du merezi, badakigu…flammis acribus adictis…hemen Hitlerrek irabazi zuen gerra…confutatis…eta Kaiserren biloba izendatu oinordeko…confutatis…eta horri demokrazia deitu zioten …confutatis…eta Mozart salzburgotarra beharrean…confutatis…donostiarra izan balitz…maledictis…ez zioketen hiritar-merezimenduzko dominarik eman nahi izango…flammis acribus adictis…masoia zelako…confutatis… eta gazteek ez dakite baina guk bai… maledictis… nolako obsesioa izan duten beti frankistek…confutatis… konspirazio judeo-masonikoekin… flammis acribus adictis…nahiz eta historiako musikaririk jenialena izan…voca me…zu ere, Jose Luis, izan zinen eta zaren bezala…voca me…masoia, hargina, eraikitzailea…cum benedictis…gure kulturaren, gure nortasunaren, gure hizkuntzaren, gure izatearen…. voca me…Lehoi Erraldoia.
Postdata modura.- 1) Lasala Plazari aurrerantzean Txillardegi Plaza deitzea proposatzen dut. Fermín de Lasala y Collado jauna Duque de Mandas ere bazelako. Donostian, beraz, bi kale (hiribide eta plaza bana) ditu berari eskainiak pertsonaia berak.
2) Txillardegi Plazako lehoitxoaren idulkian, gure Antiguatar Handiarenhonako testu hau idatz dadila, arren. 1956 urtekoa da: morfologia eta ortografia egokitu beharko, noski:
«Ala gertatzen da danakin, eta ala gertatuko ere mundua deño.
Denborak ez du inor eta ezer barkatzen.
Zer egin ote zuen gaizki, esate baterako, Puerta de Tierra-ren gainean lehoi arroxko urdinak, bere sona zabalduatxoil galtzeko?
Urte askotan izan zan au ere Donostia'ko bandera bezelakoa: ate nagusi artako apaingarri, sartu ta ateratzen ziran donostiarren zelatari, arresiko iturri bakarraren zaindari …
Gaur, ordea, zer zaintzen du gizajoak? Txantxetan arturik-edo, marroiez margotu dute, ta antziñako donostiarrakberak piztuko ba lira, ez luteke bere ortan ezagutuko.
Donostia nola txartu den ikusi ez dezan agian, ez dute toki gallenean jarri. Baldin bere … Gauza askori buruz itzegin al ba leza zokoratu onek …
Ez, alere. Lasala-enparantzatxoan duzute, bakar-bakarrik, Donostia zaarraren azken lekuko gisa.
Eta au behintzat ba lekite donostiarrak. Bañan ezta berau ere.
Gaur edozeñek ikusten duenean, onela mintzatzen omen zaio: «Zer arraio egiten duk ik or, leoitxu kaxkar orrek?» Ta Avenida'rako bideari darraio besterik gabe …». (Txillardegi, 1956)
Lasalako lehoia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu