Lasaitua eta zalantza

Ramon Zallo eta Xabier Oleaga
2019ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
PSOEk eta Unidas Podemosek (UP) koalizio Gobernua osatzeko asmoz egindako akordioa berri ona da, hasiera batean eta mamitzera iristen bada. Hobea da hasiera horretan ekiditen duenagatik, etorkizunerako itxaropenengatik baino. Berez, ortzimugan zalantza eta ezegonkortasuna dira nagusi, aurretik datorren inboluzio sakonaren markoan.

Zenbakiek ez dutenez ematen aukerarik eskuma faxistenak eta C's-ek babestutako PPren gobernurako, akordio horrek eragotzi egiten dio PSOEri eskumarekin ituna adostuz lastatuta aterako litzatekeen Gobernurako balizko egokiera. Horrek eskubide sozialen mugatzea ekarriko zukeen, etortzekoa den desazelerazio ekonomikoaren, neonazionalismo espainiar oldartuaren eta aurrekonstituzioaren norantzan doan are gehiagoko inboluzioaren ondorioz.

Horrantz doaz Sanchezen gobernuak berriki hartutako zenbait erabaki: parlamentu autonomikoetako hainbat eztabaidari ezarritako betoak, webguneak agindu judizialik gabe debekatzea, erreferendumetarako deiak Zigor Kodean sartzeak, neurrira egindako 155 berri bat, defentsako subirautzei zilegitasuna kentzeko operazioak, eta abar. Hori guztia lerratuta zihoan Auzitegi Konstituzionalak 2010ean Katalunian emandako zartakoarekin, zeinekin hautsi zuen botere banaketaren oinarrien eta Estatu Autonomikoaren urrezko araua: Gorteetatik igaro ondoren egindako erreferendum estatutarioan herriak emandako epaiaren gaineko errespetua.

Akordioagatiko lasaitua, bestalde, ez datza bere garapenerako ziurtasunean. Sanchez eta Iglesiasen arteko besarkadak, energia eta proiektu bokazioa adieraztetik urrun, gehiago ematen zuen beheraldian elkar laguntzeko imintzioa, ez erortzeko elkar babeste bat alegia. Bien artean ia 1,4 milioi boto utzi dute erortzen apirileko hauteskundeekin alderatuta, ez direnak inola ere berdintzen Errejonen Mas Paisek bildutako 554.000ekin.

Emakidaren bat erdietsiko du UPk, berak arriskatzen baitu gehien. Bere izan ala ez izana, bere etorkizuna dauka jokoan. Duela hilabete batzuk bazeukan babes parlamentarioa ematerik, gobernu egitasmo baten inguruko akordio batera baldintzatuta, eta hau betetzeko zelatatze lanetarako autonomia emango ziona. Eta, batez ere, alternatiba rola emango zion. Orain ez dirudi oso sakonak izango direnik UPri egingo zaizkion emakidazehatzak, ordainean konprometitu egiten duen gobernu erantzukizunak hartzen dituenean. Badago aurreratzerik egitasmoak gehiago joko duela ildo sozial-liberaletik, ez sozialdemokratatik, gehiago Autonomien Estatuaren oinarriak ez ukitzearekin eta ez euskal herritarron zein kataluniarren aldarri nazionalen adierazpide demokratikoak babestearekin. Nahiago genuke erratu.

Hondoko markoa

Trantsizioaren hautsak inboluzioaren lokatz bihurtu dira. Onda luzeko inboluzioan gaude eta krisi politiko, konstituzional eta sozialean jartzen ditu 78ko erregimenaren zenbait oinarri. Ez dakigu garbituko den aurreranzko progresioan —birsorkuntza eta demokrazia— ala atzeranzkoan —zaharberritzea, betoa eta bipartidismoa—.

Inboluzio prozesu hori goiztiar hasi zen, 80ko hamarkadan, LOAPArekin eta Estatu terrorismoarekin; 90ekoan, lege antiterrorista bereziekin; mendearen hasierako hamarkadan, Ibarretxe plana eta kontsultarako eskubidea tramitatzeko eta negoziatzeko ukapenarekin. Azken etapan, sekuentziak sutu egin dira: Mozal lege omnibusa M-15aren ondorioei erantzunez; Kataluniako instituzio eta hauen ordezkarien aurkako bidegabekeria andana, epaileen gobernu paraleloak protagonismo berezia izan duelarik, Inkisizio berria balitz bezala, kasu honetan izaera nazional-espainolekoa.

Honetan, PSOEren historia ez da distiratsua preseski. «78ko Erregimena» osatzen duten zutoinetakoa da eta nazio bakarra aitortzen du, espainola; Monarkia inposatu zuen; aurreko erregimenaren garbiketa eta hezkuntza demokratikoa eragotzi zuen; frankismoarenganako memoria eza eta inpunitatea formalizatu zituen.

Markoa zaila da, benetan: eskumatarren eta haien abesbatza mediatikoaren agresibitateak minatuta, indar ekonomikoen aurkaritza nabarmena eta goi mailan dauden epaileen nahiera kontserbadorea, zeinek «demokrazia militantea» bultzatzen duen, alegia Konstituzioaren irakurketa zehatz baten inposizioa.

Horren beste aldean, ia ez da aipatu ere egin hondoko beste datu bat. Eskuin faxistaren esnatzearekin batera A-10ean subiranismo nazionalen leherketa etorri da. 35 eserleku osatzen dituzte. Hauei lau gehitu behar zaizkie, alderdi periferikoetakoak (Navarra Sumakoak alde batera utzita). Horietako hainbatek sinatutako Llotja de Mar-eko adierazpena egitasmo partekidetuaren atala da.

Beharrezko egitasmoa

Besarkada haren ondoren aurreikusi beharrekoa gobernu hauskorra eta koiuntura ezegonkorra da, jauzika konponduz joango dena, naufragiorako arriskuarekin. Hala ere, joera hori eraldagarria izan daiteke, egitasmo-akordio zabal eta ausart batekin, kaudimendun gehiengo berri batekin, tradizio demokratiko eta parte-hartzaile onenetan oinarrituta. PSOEren eskuetan dago egin ala ez, eta besteen esku hori aldarrikatzea, gehiago edo gutxiago.

Badira lerro batzuk egitasmo horri begira: pedagogia antifaxista, Estatuaren demokratizazioa (Mozal Legearen berrikuspena, amnistia kartzelatutako kataluniarrentzat, politikaren desjudizializazioa, eta abar), eskubide sozialak (aurreko lan-erreformen berrikuspena, hezkuntza, osasungintza, gutxieneko soldata, pentsioak, aldibaterakotasuna eta abar), euskal agenda, administrazio ekonomiko proaktiboa I+G+Iren eta sektore berrien aldeko apustua eginez, fiskalitate berria eragina izanez ondare handietan eta banketxe transnazionaletan zein teknologikoetan, zergak saihesten dituztelako... eta bidea ireki kontsulta demokratikoei.

Akordio hori Euskal Herrira ekarrita, bi gai nagusi eta urgente nabarmenduko ditugu. Alde batetik, Eusko Legebiltzarrak hil honetako 30erako espero du adituen batzordeko txostena, Euskadiko Autonomia Erkidegorako estatus berriari buruz. Beste alde batetik, preso diren hamarnaka pertsonak, haien familiartekoek eta milaka gertukoek espero dute Espainiako Gobernuaren aldetik espetxe politika berri bat kartzelak hustearen norantzan. Inkognita hauek argitzearen aldekoak gara, erabakitzeko eskubidearen eta giza eskubideen zentzuan, hurrenez hurren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.