Patxi Zabaleta

Lasa eta Zabala & Blanco

2022ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
ETAk ez zuen Miguel Angel Blanco erail behar arrazoi askorengatik; humanitarioak, politikoak, estrategikoak eta abar. Eta gizartea hain sakonki hunkitu eta aztoratu zuen zirkunstantzia, berriz, bahitua hil izanaren ankertasuna zen.

Lasa eta Zabala ez erailtzeko arrazoi eta larrigarri horiek guztiak zeuden; eta gainera, beste bat gehiago; zera, estatuaren bitartekoez egin izana, alegia.

Larrigarri gehitu horrekikoa azaltzeko aski liteke adibide xumetzat terrorismoaren eta etnozidioaren bereizkuntza gogoratzea. Terrorismoak gizartearen aurkako oldarketa izatearen larritasuna du, baina agintetik eta estatuaren edo agintearen babesarekin egindako ekintzak gizateriaren aurkako etnozidioak dira eta preskribapenik gabekotzat jo behar dira. Beraz, preskribatu ez duten delituak GALekoak eta frankismokoak dira.

Orain, Blancoren erailketatik 25 urte bete direlarik eta egindako ospakizunak bukatuta daudenean, aipatu daitezke gogoeta batzuk, inolako trabarik egin gabe. Hona hemen hamaika:

Estatuak ez zuen egin Miguel Angel Blancoren bizitza salbatzeko egin zezakeen guztia. ETAk aldarrikatutakoa ez zen ez legearen aurkakoa, ezta politikoki ezinezkoa eta ezta zatika egiteko asmoa azaldu ezinekoa. Aznar eta Mayorren gobernuak nahiago izan zuen aprobetxamendu politikoa. Zoritxarrez, oraindik orain nahiago izan duten bezala.

Biktimek gizartean duten zeregin enblematiko eta ordeztu-ezina bakearen ikur eta akuilu izatea da; baina horretarako ezinbestekoa da biktima guztiak aintzat hartzea. Blanco eta Lasa-Zabala, edo German eta Caballero, edo Gladys eta Mujika, edo beste hainbeste eta hainbeste batera gogoratzen ez diren bitartean, haien oroitzapenak ez du bakearen azkartzaile edo katalizadore egitekoa beteko.

Halere, ordea, eta hein handi baten, euskal bakea egin dela gizarteak jakin, badaki. Euskal gizartean ez dago arrakala larririk; eta hausturaz eta gerraz eten gabe mintzatzen diren horiek, soilik gerraren aprobetxamendutik bizi nahi duten politikari zekenak besterik ez dira.

Espainiako demokrazian justiziaren izen txarra bihurtu da arazorik handien eta lotsagarrienetako bat. Entzutegi Nazionalaren eta Guardia Zibilaren jokabideak gehitu egiten zaizkio arazo larri horri. Entzutegi Nazionala ez bada ausartzen eta ez bada gai frankismoak egindako gizateriaren kontrako krimen preskriba-ezinak epaitzeko, ezabatu egin beharko litzateke. Are gehiago, gizateriaren aurkako krimen horien froga ezaba-ezinak askotariko lurperatze edo hilobiak direlarik.

Are gehiago, ordea; Guardia Zibilak, erakunde bezala, eskuin muturreko ekimenak babestean, ez du bere frankismorekiko lotura eta historia berretsi baizik egiten. Estatuari ordea, poliziako egiturak bateratzea eta zibilak bihurtzea beharrezkoa zaio logika demokratikoarengatik ez-ezik, baita enantzu eta eraginkortasunarengatik ere. Ez da harritzekoa sindikatzeko ahaleginetan ibili zirelarik, behe mailako guardia zibil gehienak aldaketa hori nahi izatea.

Orain, Blancoren erailketako oroimen ekitaldietan berriro mahai gainean jarri da poliziak argitu ez dituen ETAren ekintzen gora-behera. Esaten da herena baino gehiago direla. Baina horri gehituz gero, ikertu gabeak eta gaizki aztertuak askoz ere ehuneko larriagoan aurkituko ginateke. Zer egin? Bakegintzako elkarrizketak egikaritu izan balira edo/eta orain bertan irekiko balira, dena argitu liteke eta argituko litzateke... Bestela, zeinek, nola eta ze arriskurekin? Izan ere, Kubako edo Afrikako edo frankismoaren ekintza militarra aztertu nahi izan ez dituen estatuak, ezin du horrelako asmorik onartu.

ETAren Azken Gudaldia kontakizuna edo errelatoa da, nahiz ETA gabe jokatzen ari den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.