Larrialdi klimatikoa: zurikeria ala alarma gorria

2019ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Klimaren egoeraren gaineko kezka areagotu da azkenaldian. Ez da harritzekoa. Azken urte luzeetako udararik beroenak, euri jasa bortitzak, uholdeak, sute ikaragarriak... eguneroko ogi ditugu berrietan. Adituak ere, larritasun hori azpimarratze aldera, aldaketa klimatikotzat izendatzen genuenari «larrialdi» hitza jarri diote. Eta ekimen sozial ezberdinen ondorioz, gaiak indarra hartu du iritzi publikoa deiturikoan. Ez dira falta ere, kolore ezberdinetako (eta helburu ezberdinetako) adierazpen instituzional eta proposamen politiko nahiz ekonomikoak. Eztabaida indarrez ireki da eta ez da gutxi. Baina, errealitatea nola begiztatzen dugun, horrek erabat baldintza dezake beronen gaineko eraldaketa. Ezinbesteko izango zaigu iritzi, interes eta adierazpen andana horien bueltan, larrialdi klimatikoa ulertu eta balizko irtenbideei buruz hausnartzeko begirada kritiko, konplexu eta errotikoa. Gure txikitasunetik ulertu eta egungo egoeraren eraldaketari ekiteko asmoz.

Pentsamendu kritikoaren lehen premisa da arazoen iturburuetara jotzea. Larrialdi klimatikoa arazo sozial eta global gisa ezaugarritu beharra dugu. Sistema kapitalista, koloniala eta patriarkalaren motorra den etekinen etengabeko ugaltze nahikerian du bere funtsa. Zehazkiago, kapitalismo globalizatu honen «garapen» ereduak baliabide naturalen ustiakuntza iraunkorra eskatzen du eta, jakina, finituak diren baliabideak infinitua nahi den garapenarekin bateraezinak dira. Ez da, beraz, arazo sektorial bat, ez da errezeloz begira daitekeen identitate moda berri bat, sistema kapitalistaren baitakoa da. Modu konplexu eta sakonean ulertzea dagokiguna, begirada sistemikoz.

Bestelako ereduaz herria eraikitzen hasteko unea iritsi da, edo jarraitzekoa. Besteak beste, bestelako zentzu komuna hegemoniko egitea izango da hurrengo urteotako erronkarik garrantzitsuenetako bat. Ezinbesteko zaigu, ekonomiaren eta lanaren ulerkuntzan sakontzea eta eraldatzea: bizitzaren iraunkortasuna, jasangarritasuna, erreprodukzioa... Merkantilismo soiletik haragoko ikuskera eta zerumuga beharko dugu. Sistema kapitalista bere osotasunean ez ezik, egungo gizartearen edo zibilizazioaren garapen eredua bera ere auzitan jartzea dagokigu. Kontua ez baita gehiago edo gutxiago haztea, zein hazkunde eta zein desazkunde behar ditugun birpentsatzen hastea baizik. Bestelako imajinario sozialak behar ditugu.

Eredua errotik eraldatzeko, pertsonaletik eta kolektibotik, gaurdanik oinez egiteko trantsizio ekologikoaz hausnartu, eztabaidatu, adostu eta, bereziki, praktikara eraman beharra dugu. Praktika eta ekintzen bidez (er)aldatzen da errealitatea. Energian, garraioan, elikaduran, zaintzaren alorrean, teknologian, ekoizpen produktiboa deiturikoan, hezkuntzan, hondakin-politikan, hirigintzan, politika publikoetan, harreman komertzialetan... esparru ezberdinak blaituko dituen eredu berria behar du izan.

Hiru dira, gure ustez, trantsizio ekologikoa helburu, eraldaketa prozesua norabidetu dezaketen oinarriak. Batetik, globalizazioa goitik behera inposatu nahi diguten honetan, guk tokiko garapenak eskaintzen duen behetik gorako logika demokratizatzailea lehenetsi behar dugu. Herrietatik, eskualdeetatik eta Euskal Herritik zer egin dezakegun hausnartu, adostu eta martxan jarri beharra dago. Elikadura burujabetza, energia burujabetza, hondakinen gaineko politikak, ondasun komunen zaintza, industria eredu berria... Gauza asko martxan jartzen ari dira eta jartzeke ditugu. Bigarrenik, transnazionalen agindupean demokrazia (bizia) pribatizatzen ari diren honetan, baliabide eta politika publiko eta komunak babestea eta bultzatzea ezinbesteko lehia izango da datozen urteetan. Natur baliabideen izaera publikoa bermatu eta larrialdi klimatikoari aurre egiteko beharrezkoa den esku hartze publikoa ezinbestekoa da arazoari aurre egingo badiogu. Eta hirugarrenik, nola ez, hau guztia hezurmamitzeko gaitasun politiko errealak beharrezko ditugu: herri burujabetza behar dugu, egituraketa politikoa eta ahalmen politikoak behar ditugu bestelako herri eredua erreal egiteko. Herrien burujabetza politikoak soilik berma dezake herritarron burujabetza eta, ondorioz, bestelako planeta eta jendarte baten alde borrokatuko diren herri eta herritar askeak.

Izan ere, oro har mundu distopiko eta etorkizun katastrofikoa eskaintzen ari zaigun honetan, guk (er)aldaketaren beharra eta aukera azpimarratu nahi ditugu. Ez gara inozoak eta badakigu, zurikeria saiakerak tarteko, interes ugari eta anitz lehiatu izan direla, eta lehiatzen direla gaur ere, ikuspegi fatalistaren atzean, baina beste mundu bat posible delako borrokatu izan gara eta borrokatzen gara. Zorionez hari luzea baitugu honetan ere Euskal Herrian. Mugimendu eta borroka ekologistak historia eta jakintza metatu luzea du, bai eta han-hemen garaturiko alternatiba eta praktika esperientzia errealek ere: Lemoiz, Bardeak, Autobia, AHT, fracking-aren eta erraustegiaren kontrako borrokak, atez atekoaren aldeko apustua, auzolana, ekonomia sozial eraldatzailetik garatzen ari diren ekimenak, elikadura eta energia burujabetza proiektuak, Bizi Mugimenduaren ekimenak...

Euskal Herrian dagoen ama lurrarekiko errespetua, eraldaketarako grina, kolektibotasunerako joera eta irakurketa teorikoa borroka praktikoarekin uztartzeko gaitasuna osagai oso baliotsuak dira mundu mailako trantsizio sozio-ekologiko baten norabidean gure aletxoa jartzeko, ekologiatik ere herria egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.