Charles Peguy zioen«demagogiaren garaipena pasakor zela baina uzten duen hondamendia betierekoa dela». Argi dago, uztailaren 14an izandako Nizako atentatuaren ondoren, beste atentatuetan ez bezala, klase politikoa ez da batu, baina hori baino larriago; elea ez du baretu izan nahi.
Argi dago, eskuineko espazio politikoa primariatan sartu dela eta norgehiagoka hortan denak balio duela. Hala, badirudi guztiok Trumpen antzera, aurrera jite kontrolaezin batean sartu direla. Jada, larrialdi egoera ez da nahikoa, Nizako sarraskia bezalako atentatuak aurrera eramaten ahal badira. Horregatik, Zuzenbide Estatuaren izenean, salbuespen egoerara pasatzea eskatzen hasi dira Eric Ciotti eta Laurent Wauquiez, Les Républicains-eko agintariek, Nizako sarraskiko biktimen izenean. Are gehiago, L. Wauqiezek, fitxatuta dauden susmagarri guztiak atxilotu eta gune berezi batean gatibatu nahi ditu, frantses Guantanamo bat sortuz. Neurri horien guztien atzean sozialisten utzikeria eta ezkerraren genetikan dagoen inkonpetentzian eta segurtasun arazoen aurrean daukan ulertzeko perspektiba eza dago (soziologismoa, minoritateen aldeko sentibera handiegia, dominatuen aldeko sentibera...).
Eskuinaren eraso honen aurrean, gobernuak eta sostengatzen duen parlamentuko gehiengo hain txiki horrek, larrialdi egoera sei hilabetez gehiago luzatu egin du. Urtebete oso bateko epea beteko du, beraz, ezohiko egoera extra-judizial horrek Frantzian hurrengo neguan. Era berean, bai gobernuak, bai eta oposizioak ere iritzi publikoaren sentipena segitzen dutela dirudi. Batetik, gehiengo bat horren alde dagoelako; bestetik, egoera honen aurka izandako protesta lotsatiek ez dute egoera luzatu honen arriskua agenda politikoan txertatzea lortu. Baina ereindako mendeku sentipena eta ezohiko egoera honen aurrean hartu duen ohiturazko posturak ataka batera eramaten du Frantziako herria. Batetik, mendeku sentipena bukaezin bilakatzen ahal delako, mendeku horrek kontra-mendeku bat sortzen ahal duelako (kasu honetan, Frantziako musulman komunitateko parte batzuetan), eta, azkenik, benetako arazoaren aurrean itxutu egiten duelako pentsamendua.
Itsutze horren aurrean egon da Baionako festen mantentzearen zalantza. Horrela, F. Fillon Sarkozyren lehen ministro ohiak azpimarratzen zuen: «Ezin zela gerra eta festa egin une berean». Milaka kilometrotara eramaten den Estatu Islamikoaren aurka gerra nahasten ahal da, frantses estatuan frantses hiritar edo biztanleek aurrera eramaten dituzten ekintza terroristekin?
Finean, zergatik nahaste-borraste hau. Zergatik Ekialde Hurbilean aurrera eramaten den gerra bertako arazo terroristarekin nahasten da?
Batetik, lehen ministroak, Manuel Vallsek, azalpen soziologikoei uko egin dielako eta guztiz desligitimatu zituelako joan den urtarrilean gogorki parekatuz soziologiaren ibilmoldea barkamenaren logikarekin.
Bestetik, larrialdi egoerak suposatzen duenaren inguruko hausnarketa sakonik ez delako egin, ez espazio politikoan, ez eta Estatu mailan ere. Errana baita, batetik, 3.500 mihaketa eta atxiloketek emaitza oso eskasak eman dituztela judizialki eta Zuzenbide Estatuaren irudi oso kaxkarra eman dute egin diren tokietan (frantses hiri handietako auzo herrikoi eta txiroenetan gehienbat eta ezkerreko zein espazio ekologista militanteetan). Bestetik, larrialdi egoeraren luzapenak dakartzan ondorioak hausnartzen edo pentsatzen ausartu ez den klase politikoa dago.
Jakina da larrialdi egoerek eta salbuespen egoera juridikoek ezin dutela epe luzera Zuzenbide Estatu Demokratikoa babestu, are gehiago, luzapenek ahuldu besterik ez dute egiten azken hau. Egoera hauen funtsak epe motzean datza, luzatuz gero salbuespena arau bilakatzen baita. Finean, demokraziaren pausa luzatuz gero, estatu demokratikotik ateratzen du Estatuaren izaera eta egoera ezjakin edo totalitarismo batean sartzen gara, 1920eko hamarkadan Alemanian bezala.
Salbuespen Egoera hobekien hausnartu duen pentsalariak, Carl Schmittek ondo azaldu zuen: subiranoa da, salbuespen egoera erabakitzeko gaitasuna duena. Neoliberalismo aurreratu honetan Estatuek subiranotasun franko zeharraldatu diote merkatueri. Hala, Estatuek gorde duten subiranotasun parterik handiena, segurtasun zibila edo poliziala da. Beraz, Estatuan boterean dauden politikariek beraien legitimitatea azkartu nahi badute alde poliziala etasegurtasun neurriak astintzen dituzte. Gaur egun, Estatuen zer egin handiena, beldurra kudeatzea da, segurtasun neurriei eta poliziari esker. Hala, salbuespen egoera gobernatzeko paradigma berri baten aurrean egongo ginateke, Giorgio Agambenen erranetan, Estatu Batuetako Patriot Act eta Frantziako egoerak islatzen duen bezala.
Hori hala balitz, DAESHen estrategiak irabazi duelaren isla litzateke eta benetan hausnartu behar dena da, nolatan Sirian edo Iraken dagoen (ez) Estatu batek, munduko potentzia bat hain aise kolokan jartzen ahal duen hain urrutitik eta medio hain gutxiekin?
Baina litekeena da, agian, egia eta funtsa beste nonbait egotea, eta benetako funtsa Frantses jendartearen baitan egotea. Alegia, gaur egun Frantziak bizi duenaren gaitasun eza baten isla besterik ez izatea, aurrean duen egoera hauskor eta bortitza hau sintoma izanki. Baina hori ulertzeko, soziologia berriro egin behar da, eta arazoen muinera joatea, alegia, arazo sozial, ekonomiko, urbano, politikoetara...
Larrialdi egoera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu