Meatzaldean, auzokide askok uste dute lapurretak arazo larria direla. Ulertzen dut lapurreta bat sufritzea zein mingarria den; gogoan dut orain dela urte batzuk hainbat lapurretaren biktima izan nintzenean sentitu nuen frustrazioa. Hala ere, garrantzitsua da aitortzea hori ez dela gure eskualdeko segurtasunaren erronka nagusia, ezta gutxiagorik ere.
Pertsona nagusiek kontatzen dute nola has zitezkeen ikastun gisa ondoren erretiroa hartuko zuten fabriketan, edo nola lortu zuten urte gutxiren buruan etxebizitza erostea, edo nola osasun publikoaren etengabeko hobekuntzaren lekuko izan ziren. Duela hamarkada batzuk arte, Meatzaldeko biztanleek ia ziurtatuta zuten etxebizitza eta enplegu egonkorra izatea. Gaur egun, tamalez, segurtasun-sentsazio hori ez da existitzen.
Gainera, egungo egoera geopolitiko globalak are ziurgabetasun handiagoa sortzen du. Buruzagi politiko askok arlo sozialetan inbertsioak murriztearen alde egiten dute, milaka euro Europa berrarmatzera bideratzeko. Politika belizista horiek izan ditzaketen ondorioei buruzko zalantza asko sortzen dira.
Argi dago diskurtso batzuek arazo espezifiko batzuk areagotzen dituztela, arreta beste arazo askoz konplexuagoetatik desbideratzeko. Askotan, banakako pertsonek egindako ekintzen ardura kolektibo oso batean jarriz seinalatzeko eta estigmatizatzeko asmoarekin. Testuinguru horretan, Meatzaldeko magrebtar biztanleak bidegabeki seinalatu dira. Bertako eta atzerriko biztanleen arteko kultura-desberdintasunak puztu nahi dira, elkarrengandik urruntzeko asmoz. Tamalez, Euskal Herrian jaiotako langile batzuek uste dute beren interes politikoak, sozialak eta bizimodua Elon Musk edo Amancio Ortega bezalako pertsonenekin lerrokatuago daudela beren bizilagun magrebtarrekin baino, errealitatea justu kontrakoa denean.
Gure historia berrikustean, meatze garaian gure eskualdea eraldatu zuen migrazioen eta gaur egungo migrazio prozesuen arteko paralelismoak aurkitzen ditugu. Jatorri desberdinetako pertsonen arteko talkak eta pobreziak sortutako segurtasunik gabeko egoerak jada bizi izan ziren gure eskualdean, baina zorionez jendeak bat egiten jakin izan zuen eskubide kolektiboak aldarrikatzeko.
Gaur egun, irtenbide kolektiboak behar dituzten erronkei egin behar diegu aurre: etxebizitzarik eta enplegurik eza, klima-aldaketa eta horren ondorioak, baita Europako eta munduko gatazka belikoak ere. Horiei eraginkortasunez heltzeko, ezinbestekoa da Euskal Herrian bizi eta lan egiten dugunok irtenbideak elkarrekin eta elkartasunez bilatzea, beti egin dugun bezala. Horrek esan nahi du banatzen gaituzten hesiak apurtu behar direla, eta elkartzeko eta elkarlanean aritzeko guneak sustatu behar direla.
Sare sozialetan zoritxarreko komentario batzuk ikusten diren arren, baikortasunerako arrazoiak badaude. Meatzaldean, elkarte, mugimendu sozial eta pertsona asko prest daude beste lurralde batzuetatik datozenekin zubiak eraikitzeko. Martin Etxea Elkartetik sareak ehuntzen ditugu pertsona eta kolektibo horiekin Meatzalde eta Euskal Herri justuago baten alde borrokatu ziren aurreko belaunaldien lanarekin jarraitzeko, pertsona guztiek eskubide guztiak izan ditzaten, bazterketarik gabe.