Frantzian, ezker politikoa zeruari deiadarrez hasi zitzaion orain dela hilabete. Macron presidentearen mugimendurik polemikoenak sutan paratu ditu Fronte Popular Berria (NFP, frantsesezko siglen arabera) osatzen duten alderdiak, sindikatuak, askotariko gizarte-eragileak eta boto-emaile aurrerakoiak. Ez da harritzekoa: udako hauteskunde legegileak NFP koalizio ezkertiar zabalak irabazi bazituen ere, estatuburuak Les Republicains alderdi kontserbadore eta liberaleko kide bat jarri du lehen ministro. Michel Barnier, Europako Batzordeko komisario ohia, izango da aurrerantzean Frantziako bigarren autoritatea.
Har dezagun kontuan Frantziako Nazio Biltzarrean dauden 577 jarlekuetatik, NFPk 182 erdietsi zituela. Guztizkoaren %31,5. Gehiengo absolututik urruti, bai, baina behintzat ganberako lehen bloke politikoa da. Barnierren alderdiak, ostera, 45 eserleku ditu. Guztizkoaren %7,8. Eta ganberako laugarren indarra da. Zer suertetako demokrazietan ematen zaio gobernuburutza hauteskundeetan laugarren posizioan geratu den alderdiari? Bada, estatuburuak, botere legegilea kontuan hartu gabe, gobernuburua izendatzeko erabateko askatasuna duen erregimen erdi-demokratiko batean; Frantziako V. Errepublikan, alegia.
Eta horri gehitu behar zaio kabinete berria eskuineko alderdiz soilik egongo dela osatua. Macronek eta Barnierrek adostu dute NFPko alderdiak gobernutik at uztea, eta, hala, hauek izango dira datozen urteetarako gobernu-taldean egongo diren alderdiak: Les Republicains (Barnierren alderdia, ideologia gaullistakoa), Renaissance (Errepublikako presidentearen partidua, liberal erradikala), MoDem (zentro-eskuin liberal eta demokrata kristaua), Horizons (Renaissanceren alderdi anaia), UDI (Jean-René Etchegaray Baionako auzapezaren adiskideak) eta Alderdi Erradikala (jatorriz aurrerakoia, baina egun, gero eta kontserbadoreagoa). Hain kabinete nahaspilatsua sostenituko duten indarrek 212 diputatu dituzte Nazio Biltzarrean. Gehiengo absolutua lortzeko 289 jarleku behar dira. Urruti samar daude besteren babesik gabe aitzina egiteko.
Ezker parlamentarioak, jakina, ez du horrelako gobernurik sostengatuko. Horren kariaz, Le Penen eskuin muturrarengandik dependituko da Barnierren gobernua. Macronzaleek eta kontserbadore tradizionalek ez dute gehiengorik Biltzarrean eta, ondorioz, eta ezkerreko alderdien blokeo-frontearen aurrean, Bilgune Nazionalak (RN) baldintzatuko du kabinete berriaren jarduna. Hori bai: Le Penek ohartarazi du eratu berri den gobernua eta bere talde politikoa arras diferenteak direla, eta ez dituela gobernagarritasuna eta egonkortasuna erabat bermatuko. Ez, bederen, bere gogokoak ez diren politikak eta neurriak inplementatzen badira.
Ultraeskuindarrek ez dute zertan arduratu: beren agendaren zati bat Matignon Hotelera arribatuko da, LRko kontserbadoreen eskutik. Homofobia, transfobia, ordena publikoa bermatzeko Barne Ministerioko arduradun berri Bruno Retailleauk (LR) promestutako «gogortadea» eta «zorroztasuna», immigrazioaren aurkako aldarriak... Le Pen eta eskuin muturreko enparauak esne-mamitan biziko dira Barnierren kabinetearen politikekin. Eta, noski, larriena da hori ez dela Frantziako herritar gehienek hauteskundeetan bozkatu dutena.
Halatan, demokratikoena zatekeen bozak irabazi dituztenen (NFP) eta Eliseoan daudenen (Macron eta bere albokariak) arteko kogobernantza ahalbidetzea. Ez litzateke hain zaila, ezta lehendabiziko aldia ere, inondik inora ere: Jacques Chirac kontserbadoreak lehen ministro izendatu zuen Lionel Jospin, zentro-ezkerreko Alderdi Sozialistaren gobernuburugaia, 1997ko hauteskunde legegileen ondoan. Orduko hartan, kogobernantza posible izan zen. Bost urtez! Chiracek bozen emaitza errespetatu zuen eta Biltzarreko koaliziorik handiena (ezkerrekoa) ipini zuen Ministroen Kontseiluan. Komunistak eta guzti! Jacques Chirac, e! Orain, ordea, ez da posible izan, norbaitek nahi izan ez duelako.
Horrexegatik dago frantziar ezkerra horren amorratua. Nola ez da, ba, normala izango burutik kea eta sumindura eriotea! Baina ez da besoak antxumaturik geldituko: herrialdeko hiri nagusietako karrikak Macronen aurkako manifestariz eta protestariz bete izan dira, eta bloke progresistaren barneko alderdi guztiek Barnierren kontrako zentsura-mozioa aurkezteko prestasuna agertu dute. Horrez gain, La France Insoumise (LFI) alderdiko kide eta Frantziako presidentegai ohi Jean-Luc Mélenchonek iragarri du bere taldeak abian jarriko duela parlamentuan Macron kargutik kentzeko prozedura.
1959. urtean egungo V. Errepublika jaio zenetik hona, tresna konstituzional hori ez da aktibatu. Hortaz, salbuespenezko inguruabarra litzateke bat-batean errepublikako presidenteak epaiketa politiko moduko batean murgilduta bukatzea. Halere, ez dirudi inongo arrakastarik izango duenik: prozesua aurrera eramateko beharrezko gehiengoak txit zabalak dira, eta, LFIk salbu, ezkerreko gainontzeko alderdiek errefusatu egin dute prozeduraren aktibazioa, eskuin politikoaren ildo diskurtsibo beretik. Arrazoiak, baina, ez dira falta: Eliseoan, hauteskundeen emaitza eta frantziar herriaren borondatea lapurtu duen bat bizi da; eta, Matignonen, bere alderdia laugarren indar gertatuta, Nazio Biltzarreko kide hautetsia izan ez den itzelezko aurpegigogorra.