Lapur banden interesak

2018ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Ez genuen epairik behar. Bagenekien ez zela metafora bat. Bagenekien lapurrak zirela. Eta bagenuen lapur banden politikaren berri. Joseba Sarrionandiak, adibidez, gogoeta eder bat eman zigun banda horien etikaz eta politikaz. Zein erro luze eta sakon, zein irmo eta estu eusten dioten lurrari. Hala gauzak, kezkagarria ez da banda baten ibilera; askoz kezkagarriagoa da zein hedatuta dagoen lapur banden jokaera logika.

Interes partikular pribatuak ororen gain jartzen dituen logika da hura, norgehiagoka eta elkarren kontrako lehiak orokorrak eta zernahitarakoak bilakatzen dituena. Kapitalismoan, gainera, gehiago-niretzat desioa kitzikatzen eta sugartzen duen logika: mugarik ez aberasteko irrikari, irabazteko trikimailuei, tratu errentagarriei. Jakina, lapur banden jokaera bere-berea duten taldeek ez dute izen hori erabiltzen euren bisita-txarteletan. Ingelesezko izen ozenak nahiago dituzte: lobbies, stakeholders eta antzekoak. Mark Fisheren hitzetan «errealismo kapitalistak» negozioen ontologia bat ezarri du arrakasta osoz, eta, ondorioz, guztiz bistakoa zaigu edozer kudeatu behar dela enpresa baten modura. Interes, inbertsio eta etekinen balantzen mende bizi behar dugu jendeok, interes talde pribatuen antzera jokatu behar dute erakunde publikoek, alderdi politikoek edo mugimendu sozialek.

Jokaera horrek dakarren arrisku nagusia ez da hain zuzen taldeka eta bandoka aritzea. Akaso pentsatu behar dugu jendartea arrakala, antagonismo, klase edo alderdirik gabe izan daitekeela? Kontrara, nik uste dut politika antagonismo horietan sortzen dela, beharrezkoa dela antagonismo horiek eremu komun batera eramateko, eta plaza komun horretan artatzeko. Politika da plaza komuna sortzea, antolatzea, eta auzi eta gatazka komunak artatzea; politika ez da interes orokorreko auzien administrazio tekniko soila. Luzerako bizi beharko dugu politika: beharren, ideien eta balioen talkak luze joko du. Ez gaude, disimulu barik askok sinetsarazi nahi diguten bezala, garai postpolitikoetan, non politikari burokratizatuak komunaren administrazio hutsera dedikatu litezkeen. Halako utopia iradoki zuen Marxek: inoiz gizakien gobernutik gauzen administraziora igaroko ginela, baina utopia hartan pertsona baten garapenak kideen garapena ekarriko zuen elkarte libre eta komunetan. Urrun, oso urrun, gaude antagonismoak gainditzetik, begi itxirik ere argitasun osoz ikusi ahal da ez dugula elkartasun libre komunik, nahitaezko bando eta klaseetan banandurik gaudela.

Horregatik, lapur banden logikan interesgarriagoa egiten zait interes kontzeptua. Berrikitan entzun diogu Aitor Estebani PNVk PPren aurrekontuak onartu dituela «alderdiaren interesen gainetik, interes orokorragatik». Interes orokorra eta kito. Interesek, neutro eta txit argiak, eztabaida ixteko argudio perfektuak diruditenean kritika gordinenaren jomuga izan behar dute. Gutxienez bi gezur egia-sortzaile erauzteko: orokortasunaren eta objektibotasunaren gezurrak.

Interes orokorra, artefaktu erretorikoa izateaz gain, bestelako imajinarioak amatatzeko aparatua da: orokorra omen denez zurea izan barik ere zurea izan behar baitu zurearena izan litekeenaren ordez. Bestelakoak azpiratu eta isilarazten ditu aho handiz, bere orokortasun uztez objektiboarekin.

Baina interesen objektibotasuna borroka eremua da. Interesa jardun kontzientea bide da, arreta eta ardura eskatzen digu. Finean, sinesmen kontua. Beharrek nahigabe eta inkontzienteki mugiarazten gaituzte, interes objektiboek, ordea, ez dute inor mugiarazten haien kontzientzia hartu ezean. Eta kontzientzia ideologia nagusitik elikatzen bada, orduan, ideologiaren interesak izaten dira kontzientziaren interesak. Ideologia horrek, gure kasurako kapitalismo neoliberalaren ideologiak, elikatzen badu gure imajinarioa, ez gara izango urbanizazio pribatuko txaleta edota makrodenda globaleko shopping eternala ez den besterik irudikatzeko gai, eta interes horietara makurtuko dira gure bizitzak, gure kontzientziak bezala.

Kontzientziari interes batzuk edo besteak ematea borroka ideologikoa da. Abantaila handiz aritzen dira horretan status quoarekin aski pozik direnak. Beti erantzukizunez jokatzen duten errealistek berehala konektatzen dute kontzientzia arruntekin, ideologia hegemonikoaren altzoan babestu diren gure kontzientziekin. Aldiz, lan ikaragarria dute gozamen eta desio partikularreko interesei eta haien bertsio orokorrei interes komunak kontrajartzen dizkietenek. Nola ez? Interes komunak, norberarenak bezala besteenak diren interesak, irudikatzeko, sentitzeko eta bizitzeko arazo larriak ditugu.

Nork esan ditzake, eta sentitu, interes komunak? Botere eta interes banaketan esplotatu, zapaldu edo baztertuta direnek, denok horrelakoak garen neurrian. Hitz ahulak dira, ordea, interesen logika nagusiaren aldean. Beharbada, ongizate komuna ezin delako interesen diskurtso eta logikaren mende jarri. Agian, ongizate komuna interesak ez bezalako sinesmenetan oinarritu behar delako, beste zentzurik duten sinesmen eta bizipenetan. Segur aski, bestelako hitzen, ideien, irudien eta praktiken bidez eraiki behar delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.