Erretiratua

Lapiko handia

2024ko ekainaren 23a
05:00
Entzun

Konturatu gabe berriro ere iritsi zaigu udako solstizioa. Eguzkia bere gailurrera iritsi da eta ederki berotzen digu kaskoa. Leku askotan ospatzen dute suaren erritoa eta euskaldunok ere antzinako ohitura dugu. Garai batean mendi puntetan egin ohi zen San Joan sua, baina orain baserri inguruetan, hiriko eta herriko plazan bertan edo herri ondoko zelai batean. Kosta aldeko hondartzetan ere egin ohi dute.

Mendi gailurretan sua egiteko ohitura hori dela eta, nire burua kabalak egiten hasi da. Euskal mitologiako Mari, ama-lurraren jainkosa, suzko bola baten gainean ibiltzen omen zen mendi tontor batetik bestera —Anbototik Murumendira edo Aralar mendira—. Ez ote da leku altuetan suak egite horren ohitura lur emankorraren jainkosari eskainitako errito bat? Baserri giroko San Joan suaren inguruan abestu izan dira konjuruen antzeko esaldiak: Sugeak eta zapoak erre, erre... Animalia hauek izurriteak sortuko ote zituzten beldurrez edo —bakterioak ez baitzituzten ezagutzen—. Gainera, lora sorta eder bat ere prestatzen zuten, udaberriko lorerik ederrenak baratze eta soroko uzta batzuekin nahastuaz. Etxeetako ate-markoetan edo soroetan lizar adartxoak ere jartzen zituzten izurritetatik babesteko.

Ekainean, eki-ren hilabetean gaude, udako solstizioan, baina berehala dator uzta-ila, uztaren garaia. Uzta ona eskatzen zaio orain San Joani eta lehen Mariri, ama-lurraren jainkosari, izurriteek gosea eta miseria handiak ekartzen baitzituztenen.

San Joan suak ez dira ilunabarrean ongi sartu arte pizten, ilunduta esango nuke nik. Izan ere, sua antzinako gizakiarentzat eguzkiaren ordezkoa zen. Suak argi egiten du, suak berotu egiten du, suak animalietatik babestu egiten du eta suak janariak prestatzen dizkigu; sua gau beltzean eguzki txiki bat da. Beraz eguzkiaren sasoirik onena, udako solstizioa, suarekin ospatzen zuten eta ospatzen dugu oraindik ere.

Ez, ez naiz idatziaren izenburuarekin ahaztu. Gure izar nagusiari, handienari, gertuen daukagunari esker gaude hemen bizirik. Bera da bizia ematen diguna. Baina ez pentsa ez dagoenik gauez, ilunpetan bizi den animaliarik. Badira noski, baina hauei ere  eguzkiaren eta beste izar guztien uhinak eta partikulak iristen zaizkie. Ez dago/da ezer, kosmosaren ukiturik ez duenik.

Bada lapiko handi-handi bat (metafora bat da) unibertsoa bera bezain handia, unibertso anitzen teoria egia bada, horiek ere barnean kabitzeko adinakoa; muga gabeko lapikoa. Den guztia lapiko horretan sartua dago; hasi milioika galaxietatik, galaxia bakoitzeko milioika izar, hauen planeta eta sateliteak, energiaz betetako espazio huts izugarri handiak, oraindik ere energia gehiago duten zulo beltzak eta kosmos guztiraino. Eta gu, lur pilotatxo honetan bizi garen guztiok: gizakiok, animaliak, landare eta bestelakoa den guztiarekin lapiko horretan gaude.

Lapiko horretan salda dago —tabernetan karteltxoa jarri ohi duten bezala—, den-dena bustitzen duen salda. Betikotasunaren presentzia, hasierako errealitatea, unibertsoaren sorkuntza bera, sorkuntzaren sakontasuna, betikotasun elkartasuna. Lapikoak berak dakarren salda eta egosten dagoena, beti egosten, beti eboluzionatzen, dena eta denok gara sortzaile-kide. Saltsa horrek den guztia lotzen du, dena erlazionatzen du, ez dago ezer bata bestearekin zer ikusirik ez duenik, dena lotuta dago, dena saltsa berdinean egosia.

Zientzia kuantikoko emaitzarik garbienetakoa hori da: den guztiaren arteko erlazioa. Baina zientzia kuantikoa XX. eta XXI. mendeetako zientzia da. 2.500 urte aurretik ekialdeko jakintsuek eman ziguten honen berri. Greziako presokratikoek ere aipatzen zuten gauzen arteko erlazioa. Hauek asmatu zuten atomo hitza eta honen esanahia: den edozer osatzen duen elementurik txikiena.

Gu berriz xehekerietan murgilduta gabiltza. Duela gutxi ilargia eguzkiaren aurrean jarri dela eta itzala egin digula lur honetan, eta hor ibili gara aztoratuta medio guztietan munduko notiziarik garrantzitsuena bezala emanez. Hurrengo eklipserako ari dira diruzaleak antolakuntzetan. Zenbat aldiz gertatu ote da hori ilargia gure lurrari bueltaka dabilen milioika urteetan. Gehiago kezkatu beharko genuke eguzkiaren eta lurraren artean guk sortutako zaborrez, era guztietako materia solidoek eta gaseosoek egiten duten itzal arriskutsuaz.

Ez ahaztu gu ere eguzkiaren parte garela eta bere beharra dugula.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.