LABeko Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkaria

Langileon alde, euskal esparruaren bidean

Oihana Lopetegi
2025eko otsailaren 19a
05:00
Entzun

Otsailaren 19a euskal sindikalismoak agendan ondo markatutako eguna da. Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua aldarrikatu zuen 1994ko mobilizazio hark abiapuntua jarri zuen Euskal Herria borrokarako eta antolakuntzarako espazio autonomo gisa garatzeko. LABek ordutik sarri aldarrikatu du langileon lan eta bizi baldintzak hobetzeko esparru propioaren beharra, burujabetzan urratsak egitea. Langileon arazoekin konektatzen duen aldarria da: prezioen garestitzea; etxebizitza gastuak; jatorriaren eta azalaren koloreagatiko eskubide urraketak; osasungintzako itxaron zerrendak; pentsio duinik eza; enplegua galtzeko beldurra, diskriminazioa, prekaritatea, eta beste hamaika korapilo. Lan eta bizi baldintzak hemen erabakitzeak tresnak ematen dizkigu hari matazak askatuz bestelako agertoki bat marrazteko.

Kapital errenten eta langileon errenten artean aberastasunaren banaketa gero eta desorekatuagoa da eta langileon artean ere arrakala eta desberdintasunak gero eta nabarmenagoak dira. Emakumeak* gara, gazteak, langile migratu eta arrazializatuak edo aniztasun funtzionala dutenak egoera prekarioenean.

Lan harremanen prekarizazio prozesua Europak agindu eta Espainiako zein Frantziako estatuetan bezala, Euskal Herrian ere ezarritako araudi eta funtzionamoldeen ondorioa da. Batetik, kapital multinazionalei atea irekitzen zaie negozioa egin dezaten langileon prekarizazioaren kontura. Interesen arabera datoz eta doaz, lantokiak itxi eta jarduera beste herrialde batzuetara eramanez. Desregularizazioak bidea errazten die. Bestetik, estatuetatik inposatutako erreformak daude: Ipar Euskal Herrian eragina izan dute frantziar estatuan 90eko hamarkadaz geroztik sustatutako erreforma antisozialek; zer esanik ez azken urteetako erretreta eta langabezia-asegurantza erreformek, greba orokorrekin erantzun izan ditugunak. Hego Euskal Herrian, 2010-2013 urteen artean Zapateroren eta Rajoyren gobernuek bultzatu zituzten erreformek eragin izugarria izan dute bai pentsioetan, bai lan harreman ereduan. Euskal jendarteak borrokaren bidez adierazi zien desadostasuna, bost greba orokorrekin. Egiturazko aldaketa ezarri zuten, negoziazio kolektiboaren arauak aldatu eta lan harremanen estatalizazio prozesua azkartzea ekarriz. Hala, prekarizazio prozesua bizkortu egin zen. Sindikatu soberanistek erreformei greba eta borrokaren bidez erantzun genien, ez ordea, estatalek.

Erreformen aurretik, negoziazio kolektiboa lan harremanetarako euskal esparruaren zutabe garrantzitsuena izan zen. Erreformen ondorioz, ordea, Lan Harremanetarako Euskal Esparrua garatzeari mugak ezarri zitzaizkion, negoziazio kolektiboa ahuldu zen. Gainera, lan harremanen markoa aldatzeak bazuen beste asmo bat: euskal sindikalismoaren borroka eta eragin gaitasuna apaltzea. Eta izan zuen hirugarren ondorio argi bat ere: negoziazio kolektibotik kanpo, antolatzeko eta euren lan baldintzak negoziatzeko eta borrokatzeko aukerarik gabe izatea gero eta langile gehiago.

Ultraaktibitatea urtebetera mugatzeak eta estatuko hitzarmenak herrialdekoen edo autonomia erkidegokoen gainetik jartzeak ekarri zuen ordura arte bertako hitzarmenak zituzten langile askori estatuko hitzarmenak aplikatzen hastea. Lan baldintza duinagoak izatetik prekarizatzera.

Ipar Hegoa fundazioak botere sindikalari buruz egindako Ikusmiran 19 txostenaren arabera, urtebetean, 2013tik 2014ra, Hego Euskal Herrian Estatuko hitzarmena aplikatzen zitzaien langileak %21,60 izatetik, %32,26 izatera pasatu ziren. 2017an bertako hitzarmenen lehentasuna ezartzeko lanbidearteko akordioa izenpetu genuen ordezkaritza handieneko lau sindikatuok patronalarekin, estatalizazio prozesuari mugak jarri eta lan harremanak bertara hurbiltzeko helburuarekin; ondoren, 2024an, sindikatu soberaniston borroka eta aldarrikapenen eraginez, legez berreskuratzea lortu genuen bertako hitzarmenen lehentasuna. Aldaketa horiek estatalizazioaren aurkako borroka indartzeko mugarri garrantzitsuak izan dira. Esku artean ditugun azken datuen arabera, 2023an langileen %29,60aren lan baldintzak arautzen ziren hitzarmen estatalen bidez. Oraindik 2013 aurreko datuetara iritsi ez bagara ere, 2014koak hobetzea lortu dugu.

Ez da bide samurra izan. Zenbat greba, borroka eta eztabaida. Asko geratzen zaigu egiteko euskal esparrua osorik garatu arte, hitzarmen propioen alde, estatalizaturiko eremuak hona ekartzeko borrokak aktibatzen; eta nola ez, gutxieneko soldata propioa hemen erabakitzeko indar guztia jartzen, bertako eskumenen baitan lanbidearteko akordio baten bidez —dagokion ardura hartzeari prepotentzia osoz uko egin nahi dion patronala negoziatzera eser dadin— edota eskumen berriak eskuratzeko herri ekimen legegilea bultzatuz.

Euskal langileon egoera hobetzeko ezinbestekoa da marko juridiko-politikoa gainditzea. Euskal Herriaren nazio izaeraren aitortza eta erabakitzeko eskubidea aintzatestearen alde lanean jarraitzen dugu, herri honen askapen nazionalean eta langile klasearen askapen sozialean gure onena ematen, posible denaren mugak zabalduz. Olatu erreakzionarioari aurre egiteko hau da gure errezeta: kontrabotere sindikalismoa, independentista, feminista, antirrazista, ekosozialista. Euskal sindikalismo eraldatzailea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.