Langileen parte hartzearen gizarte aukerak

2016ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Langileen parte hartzea enpresan auzi zaharberri horietakoa da. Izan ere, egun ozenagoa baldin bada ere haren oihartzuna, enpresa eta langileen parte hartzea lotzeko hausnarketek eta esperientziek ibilbide luzea dute. Nabarmenagoa da hori XIX. mendean martxan hasi zen kooperatiben mugimenduaren kasuan, baina 70eko hamarkadatik ezagutzen dira kapital-enpresetan langileen partaidetza indartzeko asmoz handik eta hemendik sustatu diren esperientziak ere.

Iturri desberdinek elikatzen dute enpresan langileen parte hartzea indartzearen auzia. Badago, batetik, ikuspegi humanista bat langilea katai-makinaren menpeko otzan gisa erabiltzen dituzten ereduak gaitzetsi eta enpresa pertsonaren ahalmen eta garapenaren eremua beharko lukeela deritzona. Enpresa-efizientziaren ikuspegia dago bestetik, parte hartzea enpresaren inteligentzia kolektiboa sustatuz, enpresa-egitasmo partekatuaren bizipena indartuz, eta pertsonen inplikazioa eta konpromisoa erraztuz, produktibitatea hobetzeko akuilu gisa ikusten duena. Eta hirugarren iturri bat sindikalismoak, oro har, egun bizi duen eragin-galeratik eratorritako ikuspegiak dira. Parte hartzea oinarri duen enpresa-eraldaketa langileen estatusa indartu eta iturburuan enpresak sorturiko aberastasunaren banaketa orekatuagoa egiteko bide gisa dakusate ikuspegi horiek.

Motibazio etikoagoak edo instrumentalagoak erabili, kontua da egungo gizarte eta ekonomia baldintzetan bi dimentsioak elkar txirikordatuz langileen parte hartzea ardatz izango duen enpresa eredu berri bat garatzeko moduan ote gauden gure herrian. Apustu honen premia agerikoa da. Batetik, lanaren mundua ere busti dituzten balio ikuspegi berriek pertsona eta enpresa harremanaren birkonfigurazioa eskatzen dituzte; egun, lan-sariak eta lan-baldintzak garrantzitsuak izanagatik, belaunaldi berriek bestelako espektatibak dituzte enpresarekiko: lana eta bokazio pertsonala uztartzeko aukera, talde giro erakargarrian aritzea, garapen pertsonalaren eta profesionalaren bermea edota lanaren kudeaketan protagonista izatea dira, besteak beste, enpresa egitasmoarekiko pertsonen inplikazioa eta motibazioa baldintzatzen dituzten osagaiak.

Bestetik, jakin badakigu unetik unera are lehiakorragoa bilakatzen ari den globalizazioaren agertokian, gizarte-ongizatearen erronkari eutsi ahal izateko, ikerketa-berrikuntza eta balio erantsi handiagoan oinarrituriko ehundura produktiboa garatzea ezinbestekoa duela ere gure lurraldeak. Beste alternatiba, Espainiako Estatua jorratzen ari den bidea adibidez, lehiakortasuna lan-kostuen murrizketa hutsean oinarritzen dena da, baina ebidentzia nahikoak badaude horrek prekarizazioaren hedapena eta desberdintasun sozialen areagotzea eragiten dituela baieztatzeko.

Horrek guztiak enpresa begiratzeko ikuspegi edo paradigma berriak eskatzen ditu. Horrela, ezagutzaren ekonomia eta gizartean, garapen ekonomikoaren ikuspegi berriek tokiko lurraldearen ezaugarrietan jartzen dute arreta. Adierazten zaigunez, enpresak soilik ez, lurraldeak dira lehiatzen direnak eta, ondorioz, ulertzen da lurraldearen baliabide oro (baliabide ekonomikoak, pertsonen ahalmenak, hezkuntza oinarriak, baliabide instituzionalak, kultur eta identitate oinarriak) aktibatzea eta elkarrekintza sinergikoan ezartzea estrategia eraginkorren ardatzak direla.

Ondorioz, ikuspegi berri horien baitan, ezagutzaren ekonomiaren testuinguruan, erakundeetako pertsonen ahalmenak eta konpetentziak enpresen lehiakortasunaren ezinbesteko osagaiak dira. Gure sare industrialak lehiakortasunaren ikuspegitik izan dezakeen diferentziala norabide horretan eraiki beharko dela dirudi, ebidentzia enpirikoak frogatzen ari direnez, pertsonen gaitasunak, ezagutza eta sormena aktibatzen dituzten erakundeek balio erantsia irabazi eta posizio hobea eskuratzen baitute lehiakortasunean.

Interesgarriena, dena den, Mondragon Unibertsitatea garatzen dabilen iker-ildo batek erakusten digunez, zera da: parte hartzea sustatzen duten enpresa eredu horietan, ohiko enpresetan ez bezala, lotura positiboa ematen dela produktibitatearen hazkundea eta langileen ongizatearen hautematearen artean.

Bigarren Mundu Gerraosteko gizarte baldintzetan garatu zen kapitalaren eta lanaren arteko itun fordista hura txikiturik, gure herrian enpresa itun berri baterako oinarriak ote dauden hausnartzeko kontua dirudi. Alde batetik, enpresen sendotasuna, gizarte ongizatearen ardatz izanik, ardura partekatua dela onartzea eskatuko luke horrek. Eta, bestaldetik, pertsonen inplikazioa eta lurraldearen baliabideen dependentzia onarturik, enpresa ereduaren birkonfigurazioa eskatuko luke, bi norabidetan bederen: pertsonen ahalduntzea eta parte hartze sistemei bide emanez, eta lurraldearekiko atxikimenduan konpromiso zehatzak adostuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.