Laneko gaixotasunak, pentsioak eta prebentzioa

2015eko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Apirilaren 28a igarota, Laneko Osasunaren Nazioarteko Eguna, harritu eta haserretu egiten nau sindikatu batzuek, baita Pentsiodun eta Erretiratuen Elkarteek ere, hainbat gaixotasunen jatorri profesionalaren inguruan agertzen duten pasibotasunak, bereziki arnas aparatuko gaixotasunekin eta urteetan giro kaltegarrietan lan egiteagatik sortu den minbizi epidemiarekin.

Ahazte horren ondorioz jatorri profesionaleko gaixotasunak dituzten pentsiodun askok (emakumeak barne) aukera galtzen dute pentsioa eta bestelako konpentsazio ekonomikoak hobetzeko, alarguntasun pentsioak esaterako, ez dutelako jatorria zalantzan jartzen; beraz, gaixotasun profesional horietako askori dagozkien prestazioak eskatu gabe geratzen dira.

Siderurgian, eraikuntzan edo beste sektore batzuetan ohikoa izaten zen, eta oraindik ere bada, hauts eta ke giroan inolako babesik gabe lan egitearen ondorioz langileen sudurretatik txipiroi tinta ateratzea. Zenbat partikula sartzen dira biriketan? «Hauts geldo» moduan definitu izan dituzte urteetan, eta, ondoren, minbizia sortzen duten substantziak direla jakin dugu. Hori bai, litro bat esne ematen ziguten ondoren... Toxikoa garbitzeko? Gu elikatzeko? Edo gu engainatzeko? Hura bai burla!

Gaur, hainbat erakundek mutualitateen patronalen aurkako merezitako kritikak egitera mugatzen dute beren jarduna, osasun administrazioaren konplizitatearekin haiek baitira Laneko Gaixotasunen Azpierregistroa estaltzearen erantzule nagusiak, baina beren lan sindikala egitea ahaztu egiten dute arlo horretan, sindikalismoaren abezea, hau da, gaixotasunaren aitorpena bideratzea: negar egiten ez duenak ez du bularrik hartuko.

Klase sindikalismoaren ekintza ezin da soldaten erreklamaziora mugatu, osasunaren zaintza osasun erakundeen esku bakarrik utzita, beste arrazoi batzuen artean: 1.- Osasuna babestu egin behar da, ez da besteen esku utzi behar. Are gehiago, lan baldintzen eta enpresaren prebentzio inbertsioaren hobekuntza sortutako kalteen aitorpenaren baitan daudelako. Enpresek ez dute prebentzio baliabideetan inbertitzen, arrisku eta kalteak ezkutuan mantentzen badira.

Eta 2.- Nazioartean frogatu da enpresan dagoen ekintza sindikalarekiko alderantziz proportzionalak direla langileen osasunarentzako arrisku eta kalteak.

Gaixotasunen aitorpen profesionalak hobekuntzak ahalbidetzen ditu prestazio ekonomikoetan (gaixoaren pentsioetan, alarguntasunarena barne, kalte-ordainak, segurtasun neurri faltagatiko prestazio emendatzeak, baita gizarte laguntzetan ere). Erreklamazioek kultura aldaketak eragiten dituzte enpresa kudeaketan, gizartean izaten diren aldaketen antzekoak puntukako gidabaimenaren aplikazioarekin edo sagardotegi garaian alkoholemia kontrolak egitearekin gertatu den bezalaxe.

Dudarik gabe, enpresetan jardun okerrak egon badaude, nik jardun diruzaleak esango nuke, zera esaten duten ordezkarienak bezalakoxeak: «Ez sartu minbizia, horrek gatazka besterik ez baitigu ekarriko; erretiroa hartuta dago eta ez du botorik ematen hauteskunde sindikaletan». Beste batzuek, ordea, ez dute interesik erretiratu diren lankideengan, eta ez dakite lan gaixotasunetik eratorritako Gizarte Segurantzako hainbat prestazio ez direla adina edo erretiroarekin preskribatzen edota laneko minbiziak lan istripuek baino 10 edo 20 aldiz heriotza gehiago sortzen dutela. Silikosia, meatzarien gaixotasuna, oso zabalduta dago Euskal Herrian; epidemia moduan agertzen da, fundizio, marmoldegi, industria zeramiko eta abarretan lan egin dutenen osasun datuei pixka bat eragiten badiegu. Amiantoaren gaixotasun eta minbiziek gora egiten dute etenik gabe, eta gehienak erretiroa hartu eta gero agertzen dira.

Inor ez litzateke harritu behar osasunari kalte egiten dion giroan lan egin eta gero, lana bukatuta, EPOC, biriketako fribosia, silikosia edo asbestosia edo biak batera diagnostikatzen badizkiote, pleura edo biriketako minbizia eraginez.

Klaseko sindikalismoa ez bada prestatzen edo adituz hornitzen arnas gaixotasunen edo bestelako laneko minbizi eta gaitzen jatorri profesionala azaleratzeko, gaixoen eta beren senideen prestazioak hobetzeko aukera galduko dugu, enpresetako prebentzio planak eta lan baldintzak hobetzeko aukera.

Zoritxarrez, osasun arloko langile gehienek ahaztu egin dute B. Ramazzini medikuntzako maisuak duela lau mende ematen zuen aholkua: galdetu «gaixoari non egiten duen lan, ziur aski bere ogibidean baitago bere gaixotasunaren jatorria». Ondorioz, susmoa jakinarazteko betebeharra ez dute betetzen jatorri profesionala izateko aukera handia duen gaixotasun bat diagnostikatzen dutenean.

Gaixotasun askoren jatorri profesionala aintzat ez hartzea eta errua bizi ohitura toxikoei botatzea (alkoholari eta tabakoari) ez da oso etikoa, eta iruzurra da gaixotasun horien prebentzioari begira.

Estaltze horren ondorioz, osasun publikoa hondatzen da bere gain mutualitateei dagozkien osasun kostuak hartzen dituelako, mutualitateak lan istripu eta gaixotasun profesionaleko kotizazioekin finantzatzen diren bitartean.

Beharrezkoa da gizartearen erreakzioa, gaixotasun profesionalak bukatzeko eta gaixoen prestazioak eta enpresetako prebentzioa hobetzeko.

Euskadiko CCOOk, baita ASVIAME eta Silikosia elkarteek ere lortutako garaipen eta erreklamazioek gora egiten jarraitzen dute. Inplikazio sindikal eta sozial handiagoa beharrezkoa da bidezkoa ez den egoera hau bukatzeko. Animo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.