Pasa berria den Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, Eusko Ikaskuntzak duela 75 urteko aldarria berritu du, Baionako herriko etxean, Euskal Herria zatitzen duten hiru administrazioetako erakundeetako ordezkariekin eta, halaber, euskalgintzako egituretako kide eta ordezkari politiko eta sozial ugarirekin. BERRIA egunkariko kazetariak (2024-11-27) izenburu arretagarria paratu dio: «Euskaraz hitz egiteko eta bizitzeko aukera bermatzeko eskatu du Eusko Ikaskuntzak».
Eskari hori irakurrita, honako galdera datorkit: nori egiten dio, bada, Eusko Ikaskuntzak eskari hori?, EAEko Eusko Jaurlaritzaren ordezkari bat han zegoen; NFEko gobernuko Euskara kontseilaria ere bai; eta, halaber, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari anfitrioia ere. Horiei eta Espainiako Gobernuari eta Frantziakoari?
Eusko Ikaskuntzako lehendakariak aditzera eman zuen ezen 1866an %57 zirela euskaraz mintzatzeko gai eta egun %30. Oroitarazi zuen denok dakiguna, hots, euskarak frankismoan pairatutako jazarpen eta debeku gogorra, eta ondotik, azken urteetan egindako aurrerapausoak aipatu zituen: «Azken 75 urteetan handituz joan da euskaraz dakitenen kopurua, eta euskarak beste esparru batzuk irabazi ditu; besteak beste, hezkuntza sisteman, esparru publikoan eta arlo sozioekonomikoan. 'Bide luzea eta malkartsua izan da, baina baita emankorra ere'».
Zehazki zer eskari egin zuen Eusko Ikaskuntzak?
1.- Euskal hizkuntza komunitatea trinkotzeko eta saretzeko jauzia egitea. 2.- Globalizazioak, digitalizazioak eta errealitate soziodemografiko berriek dakartzaten erronkei aurre egiteko, elkarlan aktiboa sustatzea eta indartzea erakunde publiko-pribatuen eta herritarren artean. 3.- Euskal lurralde guztietan euskaraz hitz egiteko eta euskaraz bizitzeko aukerak suspertzea eta bermatzea. 4.- Euskarari arnasa emango dioten politika sendoak martxan jartzea, etorkizunean funtzio guztiak euskaraz betetzeko aukera emango duen berdintasunezko gizarte bat eraikitzeko.
Helburu onak dira, aitzakiarik gabekoak. Eusko Jaurlaritzako ordezkariak esan zuen euskara «larrialdi egoeran» dagoela. Baina denon arteko elkarlana beharrezkoa dela adieraztetik landa, ez zuen besterik esan. Rober Gutierrez euskaltzalearekin bat nator ni, honako hau dioenean:
«Larrialdi linguistikoaren aurrean, egoera itzulikatzeko lehen eginkizuna auzi hau agenda politiko eta sozialaren ardatzean jartzea da, eta instituzioek, agintariek, eta, oro har, eragile politikoek, sozialek eta ekonomikoek euskararen normalizazioa eta biziberritzea lehentasunezko ekinbidetzat hartzea. Guztiok behar gaitu prozesu honek» (Larrialdia, BERRIA, 2024-11-28).
Ematen du, baina, inpotentzia berberetik mintzo garela Eusko Jaurlaritzako ordezkaria, Gutierrez euskaltzalea eta hirurok. Egunkari berean, non irakurtzen dudan honako hauxe: duela gutxi jakin dugu 2022an Arkautin suhiltzaileentzako izan ziren oposizioetan zenbait hautagairi ukatu egin zitzaiela azterketak euskaraz egitea:
«Bitxia, hautaketa prozesua 2022ko azaroan izan zelako eta horren berri ia urte bi igarota izan dugulako; non ezkutatu ote da albistea urte bian. [...] Bada… hara non, XXI. mendean, Europako hizkuntzekiko errespetuak goranzko bidea hartua zuela uste genuenean, 1982an euskararen erabilera normalizatzeko prozesu bat abian jarri zuen administrazioak, Eusko Jaurlaritzak berak, ukatu duen oposizio bat euskaraz egitea. Eta ELA sindikatuak jarritako helegiteari erantzuteko Eusko Jaurlaritzaren abokatuak Espainiako konstituzioak 3. artikuluan jasotzen duena erabili du legezko oinarri; alegia, historian euskarari debekua debekuaren gainean jarri dion estatuaren araudia. Araudi horrexek berak, baina, ofizialtasuna aitortzen dio euskarari EAEn eta Nafarroan; hala beraz, Eusko Jaurlaritzak historian ez Frantziak, ez Espainiak egin ez dutena egin du: euskaraz egiteko eskubidea ukatu, euskarak ofizialtasun-estatusa duela. Eta historian lehenengoz Frantziak eta Espainiak ezarri dituzten debekuen zerrendari gehitu behar zaio Eusko Jaurlaritzak berak ezarri duen debeku bat». (Hibridazio baten ordezkari, 2024-11-28).
Oldarraldi judizialari erantsi beharreko beste kasu bat. Nafarroa Garaira joaki, zehazkiago Iruñera, Eusko Ikaskuntzaren berria zekarren egunkari eta ale berean, beste titular hau:
«Haur eskolen auzian, UPNren 'politika grisa' alboratzeko eskatu diote Asironi. [...] Iruñean, 0 eta 3 urte bitarteko haurrak euskaraz eskolatu nahi izatea oztopo lasterketa da kasu askotan, eta oztopo horien berri ematen duten testigantza batzuk bildu ditu Iruñeko Euskalgintza plataformak. [...] Euskarazko haur eskolen arazoari konponbidea eman nahi diote, eta neurriak eskatu dizkiote Iruñeko Udalari». (2024-11-27)
Iruñeko Udalean arduradun politikoak aldatu badira ere, euskarazko haur eskolen egoeran aldaketarik ez, atzera egin omen da! Hor Geroa Baiko eta Nafarroako Gobernuko bozeramailea ez baizik eta EH Bilduko Asiron da arduradun nagusia, baina adibideak berdintsu balio du, diodanerako.
Eta zer esan Joanes Leizarragaren herrikide den Jean Rene Etxegarai frantses hiztunaz? Macronen alderdikidea denari ez zaio iruditzen, beharrik, hizkuntza gutxituek Frantziaren batasunari kalterik egiten diotenik; baina zer esango zenukete dariela honako esaldi hauei: «Euskara eta gaskoia defendatzea frantsesa defendatzea ere bada; gure hizkuntza defendatzea da. Hizkuntza aniztasuna aberastasuna da». Onenean, euskararen edo euskaldunen aldera errukizko jarrera edo sumatzen diot nik, ez benetan euskaraz (eta gaskoiz) hitz egiteko eta bizitzeko aukera bermatzeko borondate eta asmorik.
Laburbildurik, hitz onak bai, baina eragin praktikoa goiz lainotu bateko lanbropean bezala, eta larrialdi egoeratik irteteko ganorazko hizkuntza-politikarik inon ez. Eta, jakina, erakundeen jokabide, onenean, anbiguoaren menpean, euskaldun guztion gain baino ez, ondorengoei —Europako jaiotza-tasa txikienetakoa dugularik; halere, biztanleria gora doakigunean— euskara transmititzeko lantegia. Ba al daukagu ezer ospatzekorik, festarako inoiz falta ez dugun gogotik aparte?