Lanaldiaren murrizketa eta enpleguaren banaketa

Juan Mari Arazuri
2021eko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Aspaldi-aspalditik sufritzen ditugun gaitz handien konponbidea lana banatzea dela dioen ideia ez da berria, ezta ezerezetik sortua ere. Hasieran, nola ez, proposamena idealistatzat, populistatzat, ezinezkotzat, utopikotzat jo zuten batzuek, beren garapen propioari baino begiratzen ez dioten horiek hain zuzen: ez pertsona gisa izan dezaketen garapenari, baizik eta ia denok kateatuak gaituzten sistema ekonomikoaren parte gisa izan dezaketenari. Diskurtso hori ondo barneratu zen gizarte berekoi honetan, non helburu nagusia baita kontsumoa bultzatzea aberasteko, kontuan izan gabe beste batzuk pobretu egiten direla ondorioz.

Krisi handiek urte gutxian horrenbeste aldiz eman diete bizkarra horrenbeste jenderi, ezen ideia hori jada ez baita «haluzinazio» bat. Nolanahi ere, aurrerantzean ere mundua menderatu nahi duen klase gero eta txikiago hori berriz saiatzen ari da bere bidera ekartzen aldarrikapen hori, gutxiago lan egitea eta denok lan egitea defendatzen duena eta lau eguneko lanaldia onartzen eta eskatzen duena.

Maiz hitz egiten da lanaldiaren murrizketari buruz; are, hori martxan jarri duten zenbait enpresaren adibideak ere eman ohi dira, emaitza «oso-oso» onak izan dituzte eta. Normalean, astean lau egunez lan egitean oinarritzen da proposamena, eta Mas Madridek abiatu zuen: aitortu behar da azkarra izan dela oihartzun mediatiko handia duen neurri distiratsu hori eztabaida publikora eramanda.

Lanaldia murriztea bera neurri positiboa da, osasungarria, eta behar-beharrezkoa langileen bizimodua eta kontziliazioa hobetzeko, baina arlo sozialean onura are handiagoak ekar ditzake, lanaren banaketari mesede egin diezaiokeelako: lanpostu bat dutenen lanaldia murrizteak bide eman diezaioke langabezian daudenentzat lanpostu berriak sortzeari.

Zoritxarrez, badirudi lanaldia murriztearen inguruko mugimenduak gaur egun ez doazela lanaren banaketaren bidetik, eta ez dugu uste hartu duen bideak eragin handirik izango duenik langabezian. Zer helburu dituen asmatzeko, ikusi besterik ez dago nola aurkezten duten eta zer alderdi positibo nabarmentzen dizkioten. Hasteko, enpresaburuak konbentzitzera bideratuta dago, eta produktibitatea handitzean eta absentismoa txikitzean jartzen du arreta bereziki: bi alderdi horiek konpentsatu egingo lukete lanorduak gutxitzeak ekarriko lukeen produkzio galera.

Argi dago baliabideak bukatzen ari zaizkigula, eta, beraz, merkatuei interesatzen zaizkien dinamika desarrollistei ezin zaie eutsi ez bada desberdinkeria areagotuta. Hala segitzen badu, gero eta jende gutxiagok izango ditu eskura kontsumo oso elitista eta esklusibo batzuk, eta gero eta maila sozial gehiago geratuko dira kontsumo oinarrizkoenik ere gabe. Desberdinkeria horiek gero eta ugariagoak dira, eta erraz egiaztatzeko modukoak.

Hori dela eta, enplegua banatzeko proposamena logika desarrollistatik kanpo planteatzen dugu, hortik kanpo eta horren kontra, uste baitugu arlo materialaren garapen mugagabe horrek dakarzkigula, hain zuzen, planetaren baliabideen eskasia eta dagoeneko igartzen hasia den hondamendi ekologikoa. Uste osoa dugu langabezia ez dela konponduko ekoizpena eta kontsumoa handituko dituen suspertze ekonomiko baten bitartez; suspertze hori ez da ez posible, ez desiragarria. Kontua ez da lan gehiago sortzea, baizik eta dagoena banatzea, pertsonen beharrak asetzeko moduan. Kontua da desarrollismoaren liluraren kontra zentzuz gutxitzea arlo materiala, eta ez galtzea bizi kalitate ona edo garapen pertsonal zabal eta aberasgarria izateko aukera, zeinaren oinarrietako bat baita denbora libre gehiago izatea, lanordu horien banaketari esker.

Lanaldia lau egunera murrizteko proposamenaren inguruan, lan banaketaren aldeko gure proposamenak, labur-labur, oinarri hauek izango ditu:

Lanaldia laburtzea, eta kendutako denborari dagokion lanaldirako kontratazioak egitea. Eta nabarmen hobetzea lan baldintzak osasunari eta segurtasunari dagokienez.

Orduak/egunak murriztea izatea lehen aukera, horrek ekarriko baitu lan egiteko eta bizitzeko tarteen banaketa orekatuagoa eta harmonikoagoa izatea, eta irabazitako denbora baliatu ahal izatea arlo pertsonala eta harremanak aberasteko, beharrezko zaintzak egiteko, eta gizarte gaietan eta herritarrei dagozkien zereginetan parte hartzeko.

Enpresen irabaziek modu erabakigarrian lagundu behar lukete aurrerapausoak eman daitezen aberastasuna egokiago banatuta egoteko bidean. Lanaren banaketak berekin ekarri behar du soldata masa handitzea, nahiz eta soldata onak txikitzea ere ekar dezakeen, ordainsarien arteko aldeak murrizteko helburuz.

Administrazioak ere, zeinak etekina ateratzen baitie kotizazioak handitzeari eta gizarteratze errentak txikitzeari, lagundu egin beharko luke lana banatzeko proposamen honi bide ematen. Beraz, gure apustua hauxe da: justizia soziala kontuan hartzen duen proposamen bat, langileentzat pentsatua, haiek bultzatu behar luketena; bultzada horrek modua eman behar luke haiek sindikatuetan eta gizartean zuten garrantzia berreskuratzeko, egun etengabeko gain behera baitoa.

Hori dela eta, gaur elkarretaratze bat egingo dugu Lanaren Banaketaren alde, 12:00etan, Arrotxapeko Enplegu Bulegoaren parean.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.