Lana saritu, ez aberastasuna

2018ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Zoritxarrez, azken egunotan albiste izan da Oxfam, Haitin dituen langileetako batzuen jokabide onartezina dela eta. Horrek ez du baliogabetzen GKE horrek urteetan egin duen lan humanitarioa eta salaketa lana. Horregatik, artikulu hau hasteko, Oxfamek argitaratu berri duen txostena aipatuko dut lehenik. Oxfamek duela bi aste argitaratu duen txostenean, salatu dute iaz gertatu zela historiako gorakadarik handiena 1.000 milioi dolarretik gorako fortunak dituztenen kopuruan. Planetako %1 aberatsenak eskuratu zuen 2017an sorturiko aberastasunaren %82; munduko biztanleriaren %50 pobreenak, berriz, ez zuen denik eta gutxienean ere handitu bere aberastasuna. «Pobreziaren muga etikoa» deritzona, zeina oinarritua baitago 70 urteko bizi itxaropena erdietsi ahal izateko beharrezkoa den diru sarreran, eguneko 7,4 dolar da —dolar korrienteetan, hau da, erosahalmenaren parekotasunaren bidez egokitutakoetan—. Neurketa hori baliaturik, 4.200 milioi pertsona bizi dira pobrezian: hau da, gizateriaren %60 baino gehiago.

Aberastasuna eta pobrezia prozesu berberaren produktuak dira: jarduera ekonomiko arrakastatsu baten produktuak; jarduera ez da oinarritzen, ordea, berrikuntzan, inbertsioan eta kapitalak bere gain harturiko zenbait arriskutan, baizik eta monopolioetan, klientelismo politikoan, zerga ihesean eta herentzietan oinarriturik. Eta, hori guztia, ezin irudikatuzko lan baldintza batzuekin uztarturik —lanaldi amaiezinak, miseriazko soldatak, atsedenaldirik eza, eta abar. Zinez ikaragarriak dira Oxfamen txostenean ageri diren kontakizunetako batzuk.

Bada joera halako bat elkarrekin lotzekoa gure arazoetako batzuen iturburua eta 2008an sortu zen krisia. Kontua da, baina, oso aspalditik datozen prozesuak direla eta, besterik gabe, areagotu egin direla krisiarekin. Esate baterako, lan prekaritatea, enplegu gaizki ordaindua, desberdintasunak eta pobrezia:

OIT Lanaren Nazioarteko Erakundeak egin berri duen txosten batean ageri denez, milurtekoa hasi zenez geroztik, mundu osoan nabarmen handitu da aldi baterako enplegua, lanaldi partziala, mendeko autoenplegua (sasi autonomoak) eta zero orduko kontratuak.

Mende hasierako soldata mileuristek langile pobreen fenomenoa ekarri dute.

Desberdintasuna handitu baino ez da egin mundu osoan: 2000. urtean, %1 aberatsenak aberastasunaren %45 zuen; 2017an, berriz, baita %50 ere.

Euroguneko herrialde ugaritan, pobreziaren mugaren azpitik bizi zirenen ehunekoa ez zen ia murriztu—errenta ertainaren %60— 1995 eta 2007 bitartean. Hortaz, planetako lurralderik oparoenetan ere, urte haietako oparoaldi ekonomikorik ez zen iritsi biztanleriaren zenbait sektoretara.

Ideologia neoliberalaren gorakadak bide eman du, 1990eko urteetatik hona, lanaren degradazioan oinarrituriko hazkunde eredu baterako. Produktibitate hazkundeak ez dira aldatu soldatetara; beraz, soldatak pisua galtzen ari dira, kapitalaren errenten mesedetan. Etekinek berekin daramate sortutako aberastasunaren parte bat, eta lanak beste parte bat darama, eta parte horien bien arteko aldea gero eta handiagoa da, eta, gainera, oker hori zuzentzeko mekanismoek ez dute funtsean eraldatzen banaketa bera. Gizarte babeserako sistemez eta zergez ari gara, nagusiki.

Euskal ekonomian, Europa hegoaldeko eskualde ugaritan baino txikiagoak dira errentaren banaketari dagozkion aldeak. EPDS Pobreziaren eta Gizarte Desberdintasunen Inguruko Inkestaren arabera —zeina duela 30 urte baino gehiago egin baitzen lehen aldiz Euskadin—, Gini koefizientea 0,258 izan zen 2016an; aipaturiko beste eskualde horietan gehienetan, berriz 0,340 izan zen —koefiziente hori 1etik zenbat eta gertuago, desberdintasuna orduan eta handiago—. Desberdintasunei bere hartan eusten dieten eragileak azaltzeko, DSBE diru sarrerak bermatzeko errentak nabarmendu behar dira. Beste lurralde batzuetan bezala, krisiak areagotu egin zituen desberdintasunak, talderik pobreenen errentak askoz ere gehiago jaitsi baitziren egoera hobean zeuden taldeenak baino. Hala, 2008tik 2016ra, %10 pobreenaren errenta %7,2 jaitsi zen; hilean, 576 eurotik 534 eurora. DSBErik izan ezean, %23,2 jaitsiko zen: hau da, hilean 399 euro izateraino —DSBEren 2016ko datuak—.

Zergei dagokienez, nabarmendu behar da hobetzeko modukoa dela gure zerga sistemaren birbanaketa ahalmena. Lehenik, zeharkako zergek pisu handia dutelako —erregresiboak dira—, are handiagoa BEZa handitu denez geroztik. Zuzeneko zergek gehiago eragiten diete errentarik txikienei; zehazki, soldatei. PFEZari dagokionez, laneko errentei eta jarduera ekonomikoetakoei eskala progresiboa aplikatzen zaie: %23-%49 bitartekoa. Baina aurrezkian, non txertatzen baitira kapitalaren errentak, bestelakoa da eskala: %20tik hasi, eta, gehienez, %25 bitarte. Bestalde, joera horietan are gehiago sakondu du sozietate zergei dagokienez 2018rako adostu berri duten murrizketak —portzentajeko 4 puntu—.

Nolanahi ere, zenbait gizarte eta zerga politika ez dira nahikoa, ez baitute egiten lan esplotazioa galarazten ez duen eredu ekonomiko batek eragindako desberdintasunak arindu besterik. Gure lurraldean lan baldintzak muturrekoak ez baldin badira ere, ugaritzen eta hedatzen ari dira aldi baterako kontratuak, lanaldi partzialekoak, lana kanpora ateratzea, eta abar. Horrek guztiak murriztu egiten ditu soldatak, zeinak baitira biztanlerik gehienen errenta iturri bakarra. Horregatik, hauxe da ekonomia humanoago eta bidezkoago bat eratzeko abiaburua: desberdintasun hori sortzen duten kausei kontu egitea. Lan duina sustatzea da, dudarik gabe, bide horietako bat da.

( Erredakzioan itzulia )
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.