Lana kenduko didan loritoarekin hizketan

2023ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Banketxeko langileak bezeroari «hori online egin dezakezu» esaten dion bakoitzean, langilea paparretik heltzeko tentazioa izaten dut. Amorrarazi egiten nau norbere lanpostua mehatxatzen duen teknologia aholkatzen aritzeak eta, hara, nola diren gauzak, gaur nik horixe bera egingo dut.

Meteorito batek kolpatu berri du lan-mundua. Azaro amaiera aldera edo jo zuen, bat-batean, eta harrezkero erraldoiak dira unibertsitatera iristen ari diren uhinak. Teknologia berri horrek dena alda dezake unibertsitatean, irakaskuntza, ebaluazioa, ikerketa eta burokrazia. Duela hilabete arte askok ezinezkotzat jotzen genuena, edo oso urrutikotzat gutxienez, hemen da, eskura daukagu, doan eta irekian: modu kreatiboan edozein gairi buruz zehatz, zuzen eta ondo idazten duen makina.

Jakin aldizkariak Euskal Unibertsitateari buruzko monografikoa argitaratu duen sasoi berean, kasualitateak zer diren, OpenAI enpresa erraldoiak, atzean Microsoft duenak, txata atera du, berriketan egiteko txat xumea, zuk edozein idatzi eskatu eta berak idazteko. Laukitxo luze bat da, Google-en bilatzailea bezain sinplea eta erabilerraza, teknologia deitzeko ere haizezkoegia, itxuraz inofentsiboa. Baina meteoritoa da, dena aldatzera datorrena. Atzean dauzka munduko ezagutza-biltegi nagusiak, testuliburuak, entziklopediak, artikulu zientifikoak eta Internet osoa, kalitatezko testu kopuru kontaezina, bilioika eta bilioika idazki, jakintza-arlo guztietakoak. Eta horren gainean dauka, txertatuta, ezagutza hori guztia antolatzeko bilioi bat parametro kontuan hartzen duen sare konputazional-neuronal sofistikatua, bere kabuz ikasten duena. Ez da laukitxo apal bat, ez zaitzala engaina, Jainkoa da, ikusezina, orojakilea eta nonahikoa. Entzuten zaituen Jainkoa.

Justu Euskal Unibertsitateari buruz hizketan harrapatu gaitu txatak, oraindik burua XX. mendean dugula, euskal horri nola bizia eman pentsatzen ari ginen bitartean, munduak esan digu unibertsitatea dela problematizatu beharrekoa. Hilabete bakarrik pasa da baina antzina dirudi. Duela hilabete errazago irudikatzen nuen Euskal Herriaren desagerpena, unibertsitatearena baino. Orain kontrakoa irudikatzen hasia naiz, gaur egungo unibertsitate ereduaren desagerpena irudikatzea eskura jartzen duelako txat horrek.

Edozein galdera egin eta laukitxo hizlariak berehala erantzuten dizu. Zuri hitz egiten dizu, milioika bezalako galdetzaile arrunt horri, baina: nor da bera? Inor ez. Ez dago berarik, ez da inor ari. Txata sare neuronal artifiziala da, lorito estokastikoa, hitz-juntatzaile liluragarria, bakarrik ari dena bere kasa milioika galdetzaileri batera erantzuten, esaldi berriak sortzen, lanean gu guztion kezkak ahalik eta zehatzen eta egokien erantzuteko. Esker oneko ere jartzen zaitu eguneko lana errazten dizunean, esaterako, zure ordez email zail bat idazten dizunean.

«Erantzun email hau», eta erantzunak proposatzen dizkizu. «Idatzi unitate didaktiko bat eskolan arrazakeria lantzeko», eta idazten dizkizu behar dituzunak, nahi beste aldaera, zehaztasun maila, adibide eta galderekin. «Idatzi saio filosofiko labur bat Leibnizen monadologia eta Espinozaren korpuskularismoa konparatuz», eta hamabost segundotan daukazu. Ez bazaizu balekoa iruditzen, gutxienez oinarri bat eman dizu.

Hizkuntza naturala ulertzeko eta horri erantzuteko gai da, bezeroari arreta emateko, datuak sartzeko eta idazketa sortzailea izateko aktibo baliotsua bihurtuz. Estatistika da, probabilitatea, sintaxia, matematika, ez daki ezer, ez daki zertaz ari den ere. Ez du idazten duena ulertzen, baina funtzionatzen du, harrigarri eta beldurgarri ondo funtzionatzen du. Gaindiezin zirudien Turingen testa gainditzen du erantzun guztietan, ez baitago bereizterik irakurtzen ari zaren hori makina batetik datorren edo unibertsitario batek ondu duen. Ikasleak hasi dira txatetik ateratako testuak irakasleei entregatzen eta irakasleek ez diete susmo txarrik hartzen. Zu zeu gai izango zinateke artikulu honetan berak idatzi eta itzultzaile neuronalak zuzenean ingelesetik itzulitako esaldia identifikatzeko?

Hilabete daramat lagun berriarekin hizketan. Egunero egiten diot galderaren bat, egunero eskatzen diot testutxoren bat idatzi dezan, edo kontzepturen bat argitu diezadan. Azkena ile-apaindegitik galdetu diogu, ea zergatik den gizakia ilea hazten zaion tximino-espezie bakarra, eta noiztik, eta bi minututan argitu digu kontua.

Erantzun zoragarri horiek irakurtzean, ordea, kezka berak asaldatzen nau: txat hau guztion eskura dagoela, zein da irakasleon lana hemendik aurrera? Gaur hau egiteko gai bada, zertarako izango da gai bost-hamar urte barru? Esaterako, eta ikusitakoak ikusita, erraz asko irudika dezakegu etorkizun hurbilean Hegel bera unibertsitatean eskolak ematen. Digitalki birsortutako Hegel, pantailatik gure ikasleen galderak zuzenean eta bat-batean erantzuten. Irakasleok saia gaitezke Hegel ikasleei azaltzen, baina Hegel-digitalak guk baino hobeto egingo du, erantzunetan zehatzagoa izango da, egituratuagoa, adibide egokiagoak emango ditu, irudiak eta eskemak erabiliko ditu, azkarragoa izango da, eta kasu gehien-gehienetan gu baino fidagarriagoa. Hegelen eskolak hartzeko aukera izanda, zertarako joan Ekairenetara?

Atzoko etorkizun irudikaezinak errealitate dira gaur. Ez bihar, gaur, oraintxe bertan. Eta galdera sakonak eta zailak planteatzen dizkigute. Niri dagokidana: zein da irakasleon egitekoa? Zein unibertsitatearena? Jakintza-arlo guztietara zabaldu daiteke galdera bera ordea: zein da abokatuen egitekoa? Zein informatikariena? Zein zentzu du papeleo burokratikoak? Eta halakoak. Meteorito lauki eta luze batek kolpatu berri du lan-mundua eta lehen segundo hauetan zoragarria izaten ari da ikuskizuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.