Lan istripuak? Badira heriotza gehiago ere; ez ditzagun ahaztu

2021eko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Gazteentzako propaganda, sindikatuen protestak eta prentsa artikuluak behatzen ditut, lanean, istripu edo gaixotasunagatik suertatu diren heriotzak lantokian eta lan-denboran edo in itinere gertatu direnetara mugatzen dituztenak, hau da, polizia-atestatua dutenak. Estali eta isilarazteko zailak diren heriotzak horiek. Istripuak zenbatzeak, lege irizpidea alde batera utzita eta biktimaren soldata dependentzia zein den berdin duelarik, ez du laguntzen istripuaren kausak eta erantzukizunak argitzen, ezta prebentzio inbertsioa handitzeko beharra ikusarazten ere.

Lan istripuek eragindako heriotzak ekiditea posible da, baina aintzat hartu behar dugu horiek lanak eragiten dituen gaitzen artean icebergaren tontorra besterik ez direla, eta ez dira «zorte txarrak» eragindako gertakariak. Enpresen diru-gosearen ondorioz, ekoizpen lehentasunen, lanaren antolaketaren eta prebentzio baliabideetan aurreztu nahi izatearen ondorio dira. Zoritxarrez, zenbaki horiek ez dute behera egingo, indar sindikal eta sozialek, horiek errotik ezabatzeko lana egunerokotasunean lehenesten ez badute.

Heriotza gehienak ez dira berehalakoak, gutxinaka gertatzen dira urteetan osasunarentzat kaltegarriak edo arriskutsuak diren baldintzetan lan egiteagatik, eta horrek heriotza horien jatorria ezkutuan mantentzen laguntzen du. OIT Lanaren Nazioarteko Erakundeak munduan 2.350.000 heriotza zenbatzen ditu urtean, horietatik 340.000 lan istripuetan, eta ez da kasualitatea. Europako Batzordeak dio laneko esposizioagatik suertatzen diren minbiziek laneko heriotzen %53 eragiten dituztela, eta EuropakoOsasun eta Segurtasun Agentziak 120.000ko kopuruan zenbatu ditu urtean lanak eragiten dituen minbiziak Europako Batasunean. Lan istripuena baino errealitate latzagoa. Bereziki, Espainiako Erreinuak Europakoak baino indize altuagoak dituenean minbizia eragiten duten substantziekiko laneko esposizioan (CarEx-en arabera %24).

Europako Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak, 88.000 heriotza zenbatu ditu urtean amiantoagatik Europako Batasuenan. 2018an, estatistikek diotenez, 42 heriotza EAEn, 8 Nafarroan eta 453 Espainiako Erreinuan mesoteliomaren ondorioz (amiantoa arnasteagatik sortzen den minbizia). Horri adituek diotena gehitzen badiogu —«mesotelioma batengatik hiltzen den pertsona bakoitzeko, amiantoak beste 10 edo 15 heriotza eragiten ditu asbestosiak eta biriketako edo laringe eta abarretako minbiziagatik»—, ezkutuan gordeta dagoen benetako egoera larria ikusten da. Gainera, gobernu eta erakundeek entzugor jarraitzen dute Europako Parlamentuaren eskaerei kasurik egin gabe: «Oraindik badirauten milaka amianto tona horiek kentzea, dagoeneko ez baitu eraginkortasunik, eta osasun publiko eta ingurumenerako arriskutsua da». Ez nuke nahi, bestetik, lantokietan oraindik ere badirauten eta minbizia eragiten duten bestelako substantzien ondorioak amiantoagatik estaltzea, esaterako: silizea, egur hautsa, zuntz zeramikoa, kadmioa, diesel kea, formaldehidoa, bentzenoa, kromoa, nikela, hidrokarburo aromatikoak, asfaltoa, binilo kloruroa… Edo arriskuko industria sektoreak: kautxoaren industria, metalen fundizioa… Laneko minbizi eta gaixotasunek eragindako heriotzek, jatorri profesionala aitortu edo ez, lan istripuek baino errealitate latzagoa islatzen dute.

Gero eta enpresa gehiagok egin behar diote aurre kalteak eta segurtasun neurri ezagatik errekarguak ordaintzeko demandei. Justizia eskatzea eta sortutako kaltea ordaintzea beharrezkoa da, baina ez nahikoa. Atal Sindikalek, arrisku ebaluazioa egin eta manipulatzen diren substantziak errebisatzeko erronka hartu behar dute beren gain, bereziki azpikontraten bitartez egiten diren lanetan, minbizia eragiten duten eta arriskutsuak diren substantziak ordezkatuz.

Arriskua ezagutu gabe lan egitea eta beharrezkoa den babesa ez erabiltzea heriotza zigorra da, berehalakoa ez bada ere, heriotza zigorra. Gaixotasuna urteak pasatuta agertzen da eta horrek laneko gaixotasun moduan aitortzea oztopatzen du. Gaixotasun horien jatorria nahita estaltzeak eta hori baimentzeak, ondoren beste persona batzuk toki berean gaixotzea ahalbidetuko du, prebentzio neurririk jarri ez izanagatik; biktimek eta euren familiek Gizarte Segurantzaren prestazio ekonomikoak galduko dituzte gainera, eta Osasun Publikoa hondatu egiten da kontigentzia profesionalari dagozkion kosteak bere gain hartzen dituelako.

Amiantoaren biktimek lortutako sententziek, kalteak edo segurtasun neurri faltagatiko prestazio errekargoak eskatuta, agerian utzi dute enpresa guztiek zigorra jaso dutela unean uneko legeak ezarritako segurtasun neurriak ez betetzeagatik. Antzeko egoera ematen da minbizia eragiten duten bestelako substantziekin.

Azken hamarkadetan ia era esklusiboan erretzearen ohiturari egotzi zaio arnasbideetako minbizien erantzukizuna eta Euskadin heriotza kausa nagusi bihurtu da, baina industriako mila langilek, minbizia eragiten duten substantziekiko izandugun esposizioa ez dute aintzat hartu. Ez dugu dudan jartzen tabakoak eragiten duen kaltea, ez eta erre izanak gaixoengan minbiziaren arriskua handitzen duenik ere. Enpresek ez ziguten arriskua jakinarazi, ez eta zenbait eremutan erretzea debekatu, legediak ezartzen zuen moduan. Beraz, hamarkada luzeetan prebentzio neurriak bete ez, eta erantzukizunak ekiditeko gaixotasunen jatorria tabakoarekin estali nahi izatea, biktimekiko burla bikoitza da eta gizarteak ezin du onartu. Behin egin ziguten burla, bitan ez dugu onartuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.