Lan erreforma berria euskal ezkerraren urratsa da

Endika Alabort, Maitane Jaio eta Jon Bernat Zubiri
2020ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuan dauden alderdi politikoek 2012ko lan erreformaren indargabetzea zeramaten euren hauteskunde programetan. Maiatzaren 20an koalizio gobernuko indarrek EH Bildurekin adostu zuten pandemiari lotutako salbuespen neurriak bukatu baino lehen indargabetze hori gauzatzea. Akordioak udal, foru eta erakunde autonomikoen gastu sozialetarako gaitasuna handitzea ere ekarriko du. Lan erreforma berriaren sakontasunak eztabaida piztu zuen, nahiz eta hurrengo egunetan sinatzaileek zein ardura nagusia duen Yolanda Diaz Lan ministroak bide horretan urratsa emateko irmotasuna erakutsi zuten, baina gaur-gaurkoz bidea dago egiteke.

Gaiak hautsak harrotu ditu. Alde batetik, Europako Batzordeak maiatzean argi utzi zuelako Von der Leyen berreraikitze plana jasotzeko baldintza 2012ko lan erreforma ez ukitzea dela; gogoratu beharra dago hamarkada hasieran Espainiak erreskatea jasotzeko Europako Batzordearen baldintzetako bat lan erreforma gauzatzea izan zela. Bestetik, Espainiako CEOE eta CEPYME patronalak aurka agertu dira, akordio soziala gauzatu behar dela aldarrikatuz; aurkako ildo beretik Confebask eta CEN patronalak agertu baziren ere,Euskalerrian PNVko arduradunak izan dira ezkerreko akordioaren aurka zarata gehien egin dutenak.

Zer dela eta horrenbesteko erresistentzia langileen eskubideak bermatzea ekar dezakeen lan erreforma baten aurrean? Agerikoa da enpresen mesederako dela lan merkatuaren flexibilizazioak lan egonkortasunean eta soldatetan izan duen kontrako eragina. Horrek langileengan, hots, gizartearen gehiengo handi batean era negatiboan eragin du, lan baldintzak eta ekonomia eredua okertuz. Ondorioz, barne eskaria eta kontsumoa bereziki zapuztu dira. Horrez gain, langileek euren burua sindikalki antolatzeko zailtasunak handitu ditu, horrek berriz ere dakarren ondorioarekin: lan baldintzen kaxkartzea.

2012ko lan erreformak langileengan izan duen eragina ikusita, badirudi gutxieneko adostasun bat lor daitekeela legedi aldaketa bat eragiteko. Batzuek indargabetze hitza aipatzen dute eta beste batzuen diskurtsoetan ez da horrelakorik ageri. Baina hitzetatik harago, zeintzuk izan daitezke langileen egoera hobetzeko beharrezkoak diren osagaiak?

Lehenik eta behin, langile prekarioen egoera era efektibo batean babestu behar da. Behin-behinekotasuna Damoklesen ezpata da, enpresak egindako lan araudiaren urratzeen aurrean babesgabe uzten dituena: nola salatu, kexatu edo eskubide bat bermatzea eskatu kontratuak epe muga zehatz bat duenean? Behin-behineko kontratazioan egiten den iruzurra irmo zigortu behar da. Enpresek kontratua ez berrituz edo diru kopuru txiki bat ordainduz erantzun dezakete, legez kanpoko kaleratzearen kalte-ordain gisa. Gakoa kasu hauek baliogabeko kaleratze moduan erregulatzea litzateke, horrela enpresek zuzenean kalte-ordainen zigorrak ordaintzea saihesteko eta, hartara, kontratu mugagabeak bultzatzeko. Hala, aurrerapauso bat emango litzateke langile prekarioen babes efektiboan, eskubideen urraketa eta enpresen gehiegikerien aurrean jarduteko. Kontratazioen iruzurrari dagokionez, autonomo faltsuak, riderrak eta ekonomia kolaboratiboa deitutakoa dira adibide argienak.

Landu beharreko beste elementu garrantzitsu bat azpikontraten iruzurra da. Azpikontratak erantzukizunakera sistematiko batean alde batera uzteko erabiltzen duten estrategia da. Horren ondorioz, lan baldintzak asko okertzen dira; hoteletako garbitzaile diren kelly-en kasua adibide argi bat da, baina badira beste hamaika ere. Oinarrizko zerbitzuak ez azpikontratatzean dago gakoa, horiek gabe enpresek ezin dutelako funtzionatu; adibidez, garbiketa zerbitzurik gabe.

Azpimarratzekoa da, era berean, Lanaren Nazioarteko Erakundearen 135. akordioa aplikatu beharra dagoela, langileen antolatzeko eskubidea bermatzeko eta eredu sindikalari dagozkion eskubideak emateko. Nazioarteko erakunde horrekin jarraituz, 189. akordioa ere bete behar da, etxeko langileen egoera onartezina hobetzeko.

Horrez gain, konfinamenduak areagotu duen telelana arautzeko beharra dago, lan arriskuen prebentzioan eta deskonexio eskubidean sakondu eta lana eta bizitzaren arteko oreka bermatzeko. Eman beharreko beste urrats bat Lan Ikuskaritzaren indartzea da, baliabideak eta lanpostu berriak sortuz. Azkenik, kontratazioari dagokionez, sektore publikoa eredugarria izan behar da, eta azpikontraten gaineko edozein irregulartasunen aurrean esku hartu, eskubide urraketak saihesteko.

Hasieran aipatu bezala, lan erreforma indargabetzeko akordioaren aurrean erakunde sozial eta politiko batzuk kexatu egin dira, akordio sozialaren bitartez egin behar dela aldarrikatuz. Hitz horien atzean asmo argi bat dago: Espainian zein Euskal Herrian dauden hainbat erakunde sindikal eta patronal kanpo uztea. Horren aurrean sindikatu gehiagok parte hartu beharko lukete erreforman, ez soilik betiko CCOOk eta UGTk.

Akordioaren eraginkortasuna eta lan erreformaren sakontasuna ikusteko zorian gaude. Emandako hitzari helduz gero, aurrerapauso nabarmena izango da langile espainiar zein euskalerritarrentzat, 1980tik egindako 52 lan erreformen ildo orokorren aurkako neurria. Kongresuan egindako ezkerreko indarren arteko akordioak euskal politikan ondorioak izango al ditu? Hamarkadetako tunel neoliberalaren laguntzaile nagusia izan da PNV, euskal erakundeak patrimonializatuz eta gobernu eskumenen gaineko kontrol eza profitatuz. Krisi ekonomiko, sozial eta ekologiko larri batean murgiltzen garen honetan, betiko berdinak gobernutik kentzea da eman behar den pausoa, aldaketa sakon baterako urrats propioak emateko aukera lagungarri izan daitekeena. Etorkizuna gure esku dago, itxaropena baldin badaukagu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.