Lan erreforma, antzerki hutsa

2022ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Berrogeita hamar egun besterik ez zuen behar izan PPren gobernuak 2012ko lan erreforma gauzatzeko. Sanchezen gobernuak (PSOE-UP), UGT eta CCOOrekin batera, ordea, bi urte behar izan ditu zera iragartzeko: ez dituela lan erreformak indargabetuko. Mariano Rajoy Espainiako presidente ohiak berak hala esan du: «Bere horretan utzi dute». Hobekuntza txiki batzuen truke, PSOEk, Unidas Podemosek, CCOOk eta UGTk ontzat ematen dituzte 2010eko eta 2012ko lan erreformen ia eduki guztiak, azken hamarkadetan langile klasearentzat hain kaltegarriak izan direnak.

Tamalez, CEOEri ospatzeko aski motibo eman diote; patronala pozarren dago. Confebaskek onartu du enpresek eutsiko dietela orain arteko lan erreformen abantailei, eta Antonio Garamendi CEOEko buruak ere honela dio: «Barne malgutasunerako mekanismoak ez dira ukitu». Zer esan nahi du horrek? Ez dela ezer aldatu, ez kaleratzeei dagokienez, ez kalte ordainetan, ez tramitazio soldatetan, ez hori guztia errazteko beste hainbat neurriri dagokienez ere, besteak beste.

Hori dela eta, etekinak dituzten enpresek langileak kaleratzeko aukera izaten segituko dute enplegua erregulatzeko espedienteen bidez, Tubacex, ITP, PCB, Alestis... enpresetan ikusi legez —aurrean izango duten oztopo bakarra erantzun sindikala izango da—, lan baldintzak alde bakarrez aldarazteko modua ere izango dute, eta estatuko hitzarmenak euskal akordioei gailenduko zaizkie.

Beraz, zergatik ez dituzte lan erreformak indargabetu? Are gehiago, jakinda PSOEren eta Unidas Podemosen hauteskunde programetan jasota zegoen proposamena zela, eta ez dezagun ahaztu UGTk eta CCOOk bat egin zutela euskal gehiengo sindikalak Rajoyren erreformaren aurka 2012ko martxoaren 29an deitutako greba orokorrarekin. Orain, aldiz, amore eman diote patronalaren betoari. Indargabetzeari uko eginez, botere ekonomikoari eta patronalari men egin diete indar politiko eta sindikalek, eta estatu espainiarrean izan omen den «gobernu progresistenak» alboratu egin du gizarte eta lan eremuko aldaketarako agenda.

Zein izan da uko hori gauzatzeko modus operandi-a? «Elkarrizketa soziala» deitutako mahaia. Europako funtsak jasotzeko baldintzetako bat izan da hori, Europako Batzordeak Espainiako Gobernuari ezarritakoa (ELAk hasieratik salatu zuen funtsak zeharo baldintzatuta zetozela). Yolanda Diaz Lan ministroak duela gutxi aitortu du Europako Batzordearekin 70 bilera baino gehiago egin dituela. Zertarako? Pentsioetako murrizketak eta lan erreformekin galdutako eskubideak bere horretan uzteko antzezpena adosteko. Horretarako, Europako Batzordeak honako hau jarri zuen baldintzatzat: akordioak elkarrizketa sozialaren markoan sinatu behar ziren, patronalari beto eskubidea aitortuta.

Patronalak, bestela, zergatik alboratuko du hainbeste abantaila ekarri dizkion lan erreforma? Zentzugabea litzateke. Patronalak egin duena zera da: bere pribilegiozko posizioa baliatu determinazio eta koherentzia politikorik gabeko gobernu baten aurrean eta mahai horietan esertzera behartuta dauden sindikatuen aurrean. Agerian geratu da PSOEk eta Unidas Podemosek «elkarrizketa soziala» erabili dutela hauteskunde programei iskin egiteko. Behin eta berriz agindu zuten lan erreforma indargabetuko zutela, baina gezurra dela ikusi dugu; halakoen ondorioz sortzen da politikarekiko mesfidantza eta urruntzea. Ondorioz, elkarrizketa soziala sindikatuentzako tranpa bihurtu da, patronalarentzat altxorra, eta hauteskunde programari muzin egin nahi dieten gobernuentzako aitzakia.

Espainiako Gobernuak erabaki du erreforma dekretuz bideratuko duela, eztabaida parlamentarioa eta aldaketak saihesteko. Horrek begi bistan uzten du gobernuaren maila demokratiko eskasa. Areago, Sanchezek harrokeriaz baiezko botoa galdegin die babesten duten alderdiei. Hain zuzen, PSOEk eta Unidas Podemosek alderdi horiei, ustezko aliatuei, bizkarra emanda negoziatu duenean. Hori guztia, gainera, CCOOren eta UGTren oniritziarekin; sindikatu horiek alderdiei eskatu diete men egin diezaiotela akordioari eta ez daitezela hobetzen saiatu.

ELAk, hain justu, kontrakoa eskatzen du: dekretuari uko egin behar zaio, lan erreforma indargabetzeko aukerari eusteko. Horixe eskatu diegu EAJri eta EH Bilduri. Besteak beste, jokoan dagoelako euskal hitzarmenen lehentasuna estatukoen aurrean, Euskal Herrian lan prekarioa hedatzeko tresna dena. Garamendik dio sindikatuoi norbere eremuan «askatasunez» negoziatzen uztea merkatuaren batasunaren kontrakoa dela. Ez da egia: urratzen den gauza bakarra da bere lan harremanak ulertzeko modu zentralista eta prekarizatzailea.

Aste gutxi batzuk geratzen dira dekretuaren bozketarako. ELAk azpimarratu nahi du Euskal Herritik erantzun sindikal eta soziala eman behar diogula, eskubideak irabazi eta geure marko propioa defendatzeko. Bestela, eskubideen galera oztopatzeko eta lan erreforma indargabetzeko aukera galduko dugu. Elkarrizketa sozialaren ereduaren aurrean, bestelako ikuspegi eta praxi bat defendatu behar dugu: alternatiba izan behar dugu mobilizazioak sustatuz, zintzotasunez eta jarrera irmoarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.