Lan baldintzak hobetu, hezkuntza eraiki, M-22 greba

Aitziber Perez LAB, Xabier Irastorza ELA, Aitor Idigoras Steilas
2017ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak honela dio: «Pertsona guztiek dute hezkuntza publiko, euskaldun, plural, laiko eta doakoa eskuratzeko eskubidea, aniztasuna integratuko duena eta berdinzalea izango dena generoaren ikuspuntutik (hezkidetza), ikuspegi kritikoa eta elkartasun internazionalista sustatuko dituena, hezkuntzaren etapa guztietan, bai derrigorrezkoetan eta bai derrigorrezkoak ez direnetan. Hezkuntza sistema propioa izango da eta euskal curriculum deritzana garatuko du. Zeharkako eran, hezkuntza emozionala ere hartuko du barne eta pertsonen jarduera kritiko eta sortzaileak bultzatuko ditu. Euskararen ezagutza eta erabilera bermatu behar zaizkie ikasle guztiei. Euskalduntzerako eskubidea bizitza osoko eskubide bat da».

Azken urteotan aldiz, Iruñeko eta Gasteizko gobernuek ezarritako murrizketek, hezkuntza inbertsio erabat eskasek eta inposaturiko hezkuntza erreforma basatiek guztiz kontrako noranzkoan jarri gaituzte.

Ondorioz, EAEn eta Nafarroan behar dugun hezkuntza sistemaren bidean egin beharreko urratsen egoera, oro har, eta gaur egungo hezkuntza publikoarena, modu berezian, larria da. Sindikatuok ezinbestekotzat jotzen dugu egoera honi buelta eman eta gure hezkuntza sistemaren garapena eta eraikuntza sendotzea.

Proposatzen dugun hezkuntza sisteman nahitaezkoa da hezkuntza publikoan negoziazio kolektiborako eskubidea berreskuratu eta lan-baldintzak hobetzea. Azken urteetako murrizketen ondorioei aurre egiteko neurriok exijitzen dizkiegu gobernuei:

EAEko hezkuntza publikoko plantilak gutxienez 2.000 langiletan handitu behar dira kolektibo ezberdinetan eta Nafarroan 900 langiletan.

Batez besteko ia %40ko behin-behinekotasuna (%38 irakasleetan, %57 Haur Eskoletan, %58 Heziketa Berezian eta %63 Sukalde eta Garbiketan) %6ra murriztu behar da, Nafarroan 1.800 lanpostutik gora egonkortuz eta EAEn 6.000tik gora kolektibo ezberdinetan.

Gelako ikasle kopurua %10 murriztu behar da.

Hezkuntzako langileen eroste ahalmena berreskuratu behar da.

Ordezkapenak lehen egunetik egitea premiazkoa da.

Bajak bere osotasunean ordaindu behar dira, gaixotzen diren langileak zigortzeari utziz.

Erretiroa erraztu eta laguntzeko neurriak berreskuratu behar dira.

Adierazitakoari erantzuteko eta gure herrian hezkuntzaren garapen eta eraikuntza bermatzeko ezinbestekoa da erabat eskasa den hezkuntza inbertsio-publikoa (BPGaren %3,1 Nafarroan eta %3,5 EAEn) handitzea, EHko Karta Sozialean jasotako hezkuntza publikoaren norabidean urratsak egitea ahalbidetzeko gutxienez Europako batez bestekora parekatuz eta progresiboki BPGaren %6ra iritsiz. Hezkuntza berdintasuna, justizia soziala, integrazio eta gizarte kohesioa bermatzeko oinarrizko tresna da. Horretarako ezinbestekoa da hezkuntzako behar bereziei modu egokian aurre egiteko baliabideak gehitu eta bermatzea.

Honekin batera ezinbesteko deritzogu gure hezkuntza sistema txikitzen, erabat mugatzen eta desarautzen duen LOMCE Euskal Herriko gure ikastetxeetatik ateratzea eta EAEn honen moldaketa hutsa den Heziberri bertan behera uztea. Balizko Hezkuntza Legeen aurrean langileon ordezkariok zer esana badugu, hezkuntza eragile garen aldetik. Honen inguruan beharrezko ikusten dugu herri hausnarketa ariketa bat egitea herri mailako eragile guztien parte-hartzea bermatuz.

Hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera uztea eskatzen dugu, egungo desorekak gaindituz hezkuntza garapen pertsonal eta sozial integralerako tresna izan dadin, kohesio soziala eta integrazioa bultzatuz, aniztasuna, berdintasuna eta hezkidetza oinarri.

Euskararen ezagutza nahikoa bermatzen ez duten politika eta hezkuntza ereduak gainditu eta tokian tokiko errealitatera egokituz ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen euskarazko murgiltze eredua garatu behar da.

ELA, LAB eta STEILAS sindikatuoi egungo egoera guztiz onartezina egiten zaigu. Hori dela eta, sindikatuok gainerako hezkuntza eta gizarte eragileekin elkarlanean mobilizazio fase bat garatu nahi dugu Gasteizko eta Iruñeko gobernuei orain arteko politikak alde batera utzi eta aurrez adierazitako puntuak ardatz izango dituen hezkuntza politika gara dezaten eskatzeko.

Nafarroan momentu honetan gobernuarekin irekita dagoen negoziazio prozesuak adierazitako bidean pauso esanguratsurik bermatzen ez duen heinean sindikatuok dugun erantzukizunari jarraituz mobilizaziora joko dugu.

Hau guztia honela, Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan martxoaren 22ko grebara deitzen dugu unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan (Haur Eskoletako langileak, irakasleak, Heziketa Bereziko hezitzaileak, sukaldari eta garbitzaileak) eta gobernuak adierazitako bidean pausorik ematen ez badu, hurrengo hilabeteetan greba eta mobilizazio dinamika areagotuko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.