Estatuaren eta erlijioen arteko bereizketa aldarrikatzen duen teoria politikoa da laikotasuna. Laburra eta erreza ulertzen, salbu aipatu diren bi erakundeentzat. Hauek badirudi askotan errepikatu arren ez dutela konprenitzen.
Joera hau (ez ulertzekoa) oso hedatuta dago mundu zabaleko gobernuetan, baina mundua oso zabala denez, guk Europako txoko honetaz jardungo dugu. Hauek dira gure erreibindikazioak, labur kontatuta:
1.- Erlijioa eskoletatik at, bereziki eskola publikotik. Irakasleen jarrera etikoa zalantzan jartzen duen «eta nork irakatsiko die etika ikasleei?» galdearen erantzuna da «gu guztiok», ez irakasleak soilik; gizarte osoa da bere gazteen balore etikoen erantzule. Metafisika klaseak ematea filosofiako irakasleen lana da; morala eta mistika, ordea, sakristia, medersa, sinagoga eta abarretan irakatsi behar da, ez eskolan. Ez gaude batere ados bitartean erlijio gehiago sartu behar direla diotenekin. Ateratzea da gaia, ez sartzea; hain zaila al da ulertzen?
2.- Elizaren mantenua. Eliza bakoitzak bere burua mantendu behar du. Espainiar estatuan zerga aitorpenean bi laukitxo daudela denok dakigu, baina horietako bat eliza katolikoari denon artean bete dugun kutxatik dirua emateko da. Behin baino gehiagotan azaldu dugu Caritasi dirua eman nahi diotenek beste laukitxoa markatu behar dutela. Eta ondasun arkitektonikoa mantendu nahi dutenek, ez bata eta ez bestea, horretaz Patrimonio Nacional arduratzen baita. Aurreko kasuan bezala, badira uste dutenak batzuei ematen bazaie bestei ere eman behar zaiela, eta berriz ere ez gaude ados. Denon artean bete dugun kutxatik orduan eta sos gehiago ateratzen badugu, azkenean estatuak ez du dirurik izango guztiok behar ditugun zerbitzuetarako (hezkuntza, osasunbideak, errepideak..) eta hauek kaxkarragoak izango dira. Pribatizatuta amaituko dute.
3.- Agintari zibilek urtean behin mezatara joateko duten joera. Gu demokratak gara eta ez diegu inolaz ere alkateei beren buruaren izenean mezatara joan eta nahi adina hezur musukatzeko eskubidea ukatzen, ezta gutxiagorik ere! Ez zaiguna gustatzen da aginte zibila elizaren aurrean belaunikatzea, eta gutxiago bere burua zuritzea esanez gu guztion izenean egiten dutela. Edozein santuren hezurren bati muin eman nahi diodanean, neuk egingo dut, tartekorik gabe.
4.- Ez zaigu gustatzen Apezpiku Batzarreko ordezkariaren hitz egiteko modua prentsaurrekoetan. Aurreko puntuan bezala, oso ondo iruditzen zaigu guzti-guztiek bere iritzi apala ematea abortuari, sexu bereko pertsonen arteko ezkontzari eta nahi duten guztiari buruz, baita ere kalera ateratzea manifetara; baina ez hitz egitea bataiatu guztien izenean (izendatuak zarete, inork ez zaituzte bozkatu), ezta ere tonu mehatxagarrian: «Ezabatu legea, ez zaigulako gustatzen; aldatu beste hori ez gaudelako ados... edo...». Edo zer? Arma kontrabandoa babestuko duzue 36an bezala?
Bada beste puntu bat azken urteetan Espainiar estatuan, Euskal Herrian eta Frantzian harriduraren harriduraz entzuten ari garena: «Ni laikoa naiz, baina ez laikotasunaren aldekoa, baizik eta laizitatearena». Hiztegian begiratu dugu; Euskaltzaindiak laizitate hitza ez dauka jasota, RAEk bai, hor biak daude, eta definizioa oso antzekoa da (Laikotasuna: Gizabanakoaren edo gizartearen independentzia, eta, bereziki,Estatuarena, edozein erlijio-antolakunde edo -aitorpenekiko. Laizitatea: Gizartezibilaren eta gizarte erlijiosoaren artekobereizketa ezartzen duen printzipioa).
Beraz, halakoak esaten dituztenei galdetu izan diegu zertaz ari diren: «Bereizketaren alde nago baina uste dut eliza katolikoak abantailak merezi dituela, azken finean Europar kultura kristaua da». Estatuak eliza mantentzearen eta erlijio klaseak izatearen alde dagoen laikoak aho zabalik uzten gaitu, baina, era berean, zalantza sorta ederra sortzen digu: Europar kultura kristaua bada, Euskal Herriko mairu baratzak zer ez dira, kultura ala europarrak? Eta Granadako Alhambra? Stephen Hawkingnen liburuak? Sergei Eisensteinren filmak? Eta horrela zerrenda luze bat. Ai, ene! Zalantzak eta zalantzak. Espero dugu laikotasuna zer den eta zer eskatzen dugun garbi utzi izana.
Jesus el Ricoren kofradiak epaile batek zigortutako preso bat askatzeko duen eskubideaz beste batean jardungo dugu.
Laikotasuna: zertaz ari gara?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu