Biologia zientzietan lizentziatua

Laga hondartza leheneratzea

2025eko urtarrilaren 14a
05:00
Entzun

Laga hondartzaren ezaugarri naturalen leheneratzea duela hiru hamarkada abiatu zen, eta aurrera jarraitzen du erlojuz kontrako lehengoratze mailakatuan.

Laga (Ibarrangelu, Bizkaia) gune aparta da, natura eta gizarte ikuspegitik oso esanguratsua. Kostaldeko legeak eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren legeak babestutako espazioa da; ondoren, Natura 2000 Sareko KBE kontserbazio bereziko eremua izendatua izan zen. Horren adierazgarri, National Geographic aldizkari entzutetsuak Iberiar penintsulako hondartza ondoen kontserbatuen eta ederrenen artean zerrendatu zuen 2024an.

Hiru hamarkada igaro dira lehenengo urrats sendoak egin zirenetik, hain zuzen ere, Laga hondartzaren habitat naturalak eta funtzio ekologikoak leheneratu, bai eta eskaintzen dituen ekosistema zerbitzu anitzak zaintzeko. Horrela, 90eko hamarkadaren erdialdean, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ekologia sailak Laga hondartzaren azterlan botaniko eta ekologikoa egin zuen, hamaika neurri proposatu zutelarik espazio honen kontserbazio egoera hobetzeko.

1999. urtean Urdaibaiko Galtzagorriak ingurumen boluntariotzako federazioa ekinean hasi zen, babes itxiturak, zurezko pasabideak zein informazio panelak ipini zituelarik, hondartza masifikatu horretan oraindik bizirik zirauten duna aztarnak babestu nahian (www.urdaibai.org). Hurrengo urteetan, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako organo kudeatzaileak hondar-harrapatzaileak jarri eta dunetako landareen milaka ale landatu zituen.

Euskal Herriko Itsasertz Mugartea, berriz, Ibarrangeluko udalarekin koordinazioan, aparkalekuak antolatzen aritu zen, eta hondartzaren ezkerraldeko duna gainean zegoen aparkalekua behin betiko ezabatua izan zen.

Bestetik, uren arazketarako instalazioek nola Urdaibaiko saneamendu plangintza orokorrak Laga hondartzako uren kalitatea eta, oro har, ingurune naturala nabarmen hobetzea ahalbidetu dute.

Testuinguru horretan, Itsasertz Mugarteak Laga hondartzaren antolamendurako eta leheneratzerako proiektu integrala proposatu zuen. Besteak beste, duna habitata osotasunean lehengoratzea zuen helburu, alternatiba gisa errepide ondoan kokaturiko erabilera anitzeko eraikin berria jasotzen zuelarik. Ekimen hori ez zen gauzatu.

2014ko neguko denborale handien ondorioz, Lagako dunak bortizki higatuak izan ziren, kostalde osoan jasan ziren kalteen itsas antzeztoki iragarlean.

2014-2019 aldian, Aranzadi Zientzia Elkartea partaide zelarik, Life Arcos proiektuak aukera eman zuen Kantauri itsasertzeko duna ekosistemen kontserbazio jarduketan jarraitzeko, Lagako hondartza barne. Ondoren, 2023tik aurrera Bizkaiko Foru Aldundiak dunetan dauden landare exotiko inbaditzaileak kendu ditu zein babes itxituren mantentze lanak ondu. Horrez gain, hondartza garbitzeko ohiko lanak aurrera eraman ditu, neguan ja eskuz bakarrik egiten direnak.

Lagan gauzaturiko azken egintza, Itsasertz Mugartea buru, hondartzaren ezkerraldean zegoen tiro instalazioa eraistea izan da. Azken hamarkadetan Lagako hondartzan aldika mareak ekarritako obusak agertu dira, hau da, bertan zegoen jaurtiketa plataformatik probatzeko jaurti ondoren lehertu gabe geratu ziren jaurtigaiak.

Kronika amaitzeko, Laga hondartzan dauden bi duna multzoak lotzeko egitasmoa, duna fronte bakarra lehengoratua eta babeslea sortzeko asmoz, oraingoz bertan behera geratu da herritarren protesta kontzentrazioaren ondoren.

Egungo ingurumen eszenatokian, ezinbestekoa da dunak leheneratzea eta barnealdera garatzea ahalbidetuko dieten espazioak libre uztea, klima aldaketaren ondorioz itsas mailaren igoerak eta denboraleek duten indar handiagoak –ikus Kostegoki ikerketa–, euskal kostaldean eta Urdaibain mehatxatuen dagoen basa habitat hau hondatu eta, azkenik, desagertu arte suntsitzea eragozteko. Era berean, harea harrapatu ezean eta hondar metaketa eta altuera irabazteari mesede egiten dion dunen dinamikarik gabe, eta hauen babes faltan, hondartzak erraz higatuko dira, eta hondarra galtzen joango dira ezinbestean, marea azpian geratu arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.