LAG berriak: interesgarriak bezain hutsalak

2018ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritza EAEko Lurraldea Antolatzeko Gidalerroak (LAG) berritzen ari da, eta hasierako onarpenerako agiria argitaratu berri du. PSEk landutako dokumentuak ez du EAJk 2016an egindako aurrerapena gehiegi aldatu: LAGak autokonplazentziazkoak dira, urbanizatzaileak, eskumenik gabeak, glotofoboak, porlanzaleak, logistikaren fededunak, kontraesanezkorak, itxuraz berdeak eta zehaztugabeak.

Autokonplazentziazkoak. 1997ko aurreko LAGen diagnostikoa eskasa da. Aipatutako kritikak, gainera, partaidetza-prozesuan agertutakoak dira: area funtzional batzuen azalera handiegia (Gernika-Markina, Araba Erdialdea); hiriburuen nagusitasun gehiegizkoa; Lurralde Plan Partzialen arteko zein EAEtik kanpoko eskualdeekiko harreman eza; LAGen ereduaren izaera urbanoegia; gomendiozko izaera...

Urbanizatzaileak. «Euskal Hiria» ereduaren segida dira. EAEren «zentroaniztasun osagarria» bultzatzen jarraituko dute LAG berriek ere, osagarritasuna zer den argitu gabe. Hiriburuen eragin-eremua gero eta zabalagoa izatea, landa-eremuaren kalterako, ez omen da kaltegarria. Ez dute ezer planteatzen Gasteizen makrozefalia eta Bilboren xurgatze-efektua orekatzeko. Eredu polizentrikoa defendatzen da, baina zentroen arteko espazioa, azpiegiturak gero eta gehiago zatitzen ari dena, zaindu gabe. Bizkaiaren %10 jada urbanizatuta egotea ez ei da kezka-iturri.

Eskumenik gabeak. Azpiegitura handiak LAGei esker egingo balira bezala deskribatzen dira, haiek antolatzeko eskumena Espainiarena denean. AHT, Bilbo eta Pasaiako portuak, aireportuak, Renferen trenbideak... ez daude Jaurlaritzaren esku. Geltoki intermodalen (Billoda, Lezo) eta plataforma logistikoen (Arasur, Gaintxurizketa) funtzionamendua ere haien eraginpean daude. LAGetan, halaber, fracking-a baztertzen da 6/2015 legeari jarraikiz... kontuan izan gabe egunotan Konstituzioaren aurkakoa izendatu duela Espainiak.

Glotofoboak. Kontseiluak eta Uemak aldarrikatutako Euskararen Lurralde Plan Sektoriala egiteko beharrari erantzutetik urrun, arnasguneen inguruko lanketa urardotu dute, lau gomendio hutsaletara murriztuz, euskararen eta lurralde-antolamenduaren arteko harremanarekin lotura zuzenik ez dutenak. EAEko lurraldearen nortasunaz hitz egiten da LAGetan, baina geure hizkuntzak ez omen du zerikusirik horrekin. 2008an bezala, euskara bai, baina libertatean.

Porlanzaleak. 1997ko egoitza-kuantifikazioa egokitzat jotzen dute LAG berriek. Baina, ondo funtzionatu bazuen, zergatik berregokitu hain modu drastikoan? Izan ere, 1997ko kalkuluarekin, 2018-2026 epean 287.500 etxe berri eraiki beharko lirateke EAEn, eta, oraingo kalkuluarekin, «soilik» 179.500. Norabide oneko murrizketa, baina ez nahikoa. Eraiki beharreko etxe-kopuru minimoa ere kendu dute; ederki. Baina, bestalde, birdentsifikazio-operazioei muga kendu zaie (Gasteizen 11.000 etxe amnistiatu dira horrela), iraunkortasunaren izenean. Beraz, kuantifikazioaren gehienezko muga ezabatu da hiri-lurzoruan. Porlana ere, libertatean.

Logistikaren fededun. Desindustrializazioaren aurreko irtenbide moduan, logistika. Zamudio eta Miñaoko parke teknologikoen erdia hutsik dagoela alde batera utzita, plataforma logistikoen sare bat eraikitzea da LAGen helburua, banaketa-nodo europarra bihurtzeko EAE. Gezur bat oinarri hartuta: AHTak merkantziak garraiatuko dituela, Espainiako Sustapen Ministerioak hori ukatu badu ere, Burgos-Gasteiz funtsezko tarteari dagokionez (bertan daude Jundiz, Arasur eta Pancorboko portu lehorrak).

Kontraesanezkoak. Hitz interesgarriak ere badaude jarduera ekonomikoetarako lurzoruaz. Baina erabat kontraesanezkorak errealitatean garatzen ari diren proiektu askorekin: Hondarribiako Village Outlet Shopping; Añorgako Belartza II; Errekaldeko Teresategi; zibersegurtasunerako zentroen bikoizketa; Abantoko parke teknologikoa; merkataritza-guneen Lurralde Plan Sektorial berria, zeinetan saltokiak 3.000 m2 handiagoak izatea baimenduko den... Praxia teoriatik urrun dago.

Itxuraz berdeak. Aldaketa klimatikoari aurre egin nahi diote, ekonomia zirkularra bultzatuz. Osasuna landu da berritasun gisa. Baina teoriaren eta egiazki proposatzen denaren arteko arrakala handia denez, LAGetan ez da «errauskailu» hitza aipatzen. Ezta «Petronor» izena ere, EAEko atmosfera eta ura gehien kutsatzen dituen enpresa izan arren. Halaber, natura-gune babestuak elkarren artean lotzeko korridore ekologikoen sare egokia proposatu da, baina garraio-azpiegiturek sortzen dituzten etenak aipatu gabe. Eta AHTak soilik EAEn mozten dituen korridore ekologikoak ez dira gutxi.

Zehaztugabeak. LAG berrien zati handi batek EAErako zein Pernambucorako balio lezake. Horregatik berreskuratu dute 2011ko «eraldaketa-ardatz» ideia, EAEko hirigune zehatz batzuk antolatzen saiatzeko. Ezin jakin nola izango diren, baina, haien definizioa Lurralde Plan Partzialei transferitu zaielako. Eta antzeko zerbait gertatu da «hiri-hazkundeko perimetro» kontzeptu interesgarriarekin: haren definizioa udaletako Plan Orokorrei besterendu zaiela. Horrela, bi kontzeptu horien aplikazioa beranta eta heterogeneoegia izango da.

Eta LAGen edukiaren gehiena ez denez bete beharrekoa, literaturatzat jo daiteke. Literatura interesgarri bezain hutsala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.