'Ladies and gentlemen, we interrupt our program...'

2020ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Denboran atzera egingo dugu. 1990. urtean Joseph Nyek botere biguna definitu zuen, ni jaio eta urte bat beranduago, Gerra Hotzaren azken txanpan. Nyeren hitzetan, garai horretan, Estatu Batuen botereak behera egin zuen, eta XX. mendean 1945. urtean baino ahulagoak ziren. Bere ustez, (botere) galtze horren arrazoia Bigarren Mundu Gerra izan zen. Historikoki, boterearen adierazle izan da herrialdeen indarra gerretan, eta horrela izan omen zen Estatu Batuen kasuan ere. Elhuyar Hiztegiak dioenaren arabera boterea ahalmena da. Nyek (1990) dio botereagure aurrekoak guk nahi dugun hori egitea lortzeko ahalmena dela, bestela egingo ez lukeena. Botereak, beraz, helburu bat izango du, baina helburu hori lortzeko bide desberdinak egongo dira, eta erabilitako bide horiek bi (botere) mota definitzen dituzte: gogorra eta biguna.

Boterea izango da, beraz, beste batek nik nahi dudan hori egiteko dudan gaitasuna. Urte askoan, hori lortzeko era koertzioa izan da, hau da, botere gogorra. Nyek, ordea, helburu bera lortzeko beste bide bat proposatzen du, kasu honetan, botere biguna izendatuko duena. Lehenean, indar militarra edo ekonomikoa erabiliko dira helburuak lortzeko; bigarrenean, ordea, pertsuasioa edo atrakzioa. Gehienetan, biguna kulturarekin, ideologiarekin, herrialde bateko balioekin eta instituzio eta politikekin lotuta egoten da. Helburua bera izan daiteke, aldatuko dena bidea izango da, eta horrek ez du egingo bata bestea baino moralagoa, finean, berdina izango baita ondorioa. Nire helburua zure dirua lortzea bada, etikoagoa da pistola bat buruan jarri eta hori lortzea edo hobe da zu pertsuaditu, konbentzitu eta zuk niri dirua ematea? Hala, bi kasuetan izango da lapurtze bat?

Laburtuz, beraz, botere bigunak, bigunak diren tresnak erabiliz, Walter Lippmannek aipatzen duen iritzi publikoan eragina izango du. Tresna horien artean egon daitezke komunikabideak, ikus-entzunezko ekoizpenak, ikuskizun kulturalak, jaialdiak... Zergatik darama, bestela, inoiz Estatu Batuetan egon ez den pertsona batek, Harvard Unibertsitateko jertse bat edota Red Sox beisbol taldearen txapel/bisera bat? Gaztetatik kontsumitzen ditugun ikus-entzunezkoek badute zerikusirik honetan?

Egungo egoerara bueltatuko gara.

Esango nuke, nahita edo (nahi)gabe sortu den krisi, emergentzia eta alarma honek guztiak badaukala botere bigunarekin antzekotasunik. Esan bezala, horri esker, beste herrialde bateko iritzi publikoan eragina izango dugu, eta historikoki erabili izan den botere gogorra edo militarra erabili gabe, apurka, herritarren buruan sartuko gara, dela pertsuasioaren bitartez, dela bestelako era bigun batzuen bitartez. Bizi dugun egoera honek eragina izan du munduko iritzi publikoan, hasieran Txinaren eta txinatarren irudian, gero siriarrenean, italiarrenean, espainiarrenean eta orain, gurean ere. Eragina izan du eskolak itxi direlako, unibertsitateetan eskola presentzialik ez daukagulako, tabernak eta mugak itxi direlako... eragina izan du gure artean ere, musuak eta besarkadak ematen ez ditugulako eta, Jose Mari Pastor lankideak dioen moduan, elkarri eskuak emateari utzi diogulako.

Nyek erabili zuen botere bigun horrek beharko luke izan kontrako helburuak lortzen dituen hori adierazteko hitz bat. Gaur, koronabirusa da hitz hori. Lehenaren atzean, normalean, subjektu bat egoten da, badago bigarren honetan halakorik?

Botere bigunak hainbat tresnaren bidez iritzi publikoan eragiteko indarra badauka, koronabirusak eta horren inguruko denak, tresna baten bidez, iritzi publikoan eragiteko indarra ere izan du; kasu honetan tresna horri komunikazioa deituko niokeen. Oso ondo eginiko komunikazio bat, zeinari guztiok, aitzakiarik gabe, kasu egin behar diogun. Errespetua eta edukazioa izango dira ardatz honetan guztian, eta edukazioa diot, askotan, errespetatzeko edukazio falta daukagulako. Beraz, behingoz, aurreko kasuak ikusirik, saiatuko gara denok errespetuz eta edukazioz jokatzen.

Amaitzeko, arestian eginiko galderari erantzunez, ez dut uste paniko eta histeria honen guztiaren atzean Orson Wellsik dagoenik, baina bai, oraindik ere, 82 urte geroago, beldurra eta panikoa kontrolatzen ikasi ez dugula, eta komunikabideek indar absolutua izaten jarraitzen dutela.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.