Labana batek bi alde dituen bezala eskaintzen ditu politikak aukerak eta galerak. Politikaren aukera izan daiteke gobernu batean parte hartzea, galera kanpotarren aurkako biolentzia armatua hauspotzea.
Alemaniak arazo kroniko bat du ultraeskuinarekin. Labanekin egiten dute politika. Hain luze dirauen lurrikara sozialaren bi seismo berri eman dira asteotan. Turingian AFD alderdi ultraeskuindarrak ia lortu du bere isolamendu politikoa haustea. Hanaun arrazista batek hamar bizilagun hil ditu tiroka.
Gizarteak aspaldi hartu zion aurre estatuari ultraeskuinaren aurkako batailan. Arrazismo antolatua gero eta indartsuagoa dabilela, klase politikoa lehen aldiz onartzen hasi da biolentzia ultraeskuindarra dela egun herrialdeak duen segurtasun arazo larriena.
Otsailak 5ean Turingiako hauteskundeetan hautatu berri zen parlamentuak FDP-ko liberal bat, Thomas Kemmerich, izendatu zuen presidente CDU-ko demokrata kristauen eta AFD-ko ultraeskuindarren aldeko bozekin. Hautsia zen ultraeskuindarrak politikoki isolatzeko paktua.
Katarsi politikoa eragin zuen Alemanian. Duintasun politikoa, demokrazia liberalaren oinarriak eta bigarren mundu gerraren ostean Europan de facto ezarri zen premisa antifaxista egon dira auziaren erdigunean.
Bizkor iritsi ziren dimisio eskariak territorio osotik, alderdi eta elkarteak aurka, medioak gogor, manifestazio masiboak, mundu mailako arreta, liberalen egoitzen aurkako erasoak. Hiru egunera, otsailak 8an, eman zuen dimisioa Kemmerichek, labanaren ahoak fin ebakia.
Ostera etorri dira CDUko arduradun probintzialaren, Alemania ekialderako gobernu zentralaren delegatuaren eta garrantzitsuena, CDUko buru eta Angela Merkelen oinordekoa zen Annegret Kramp-Karrenbauerren dimisioak.
Alemaniako hurrengo kantzilerra izateko eta Europar Batasuna birmoldatzeko dena alde zuen pertsonak dimisioa aurkeztu du zuzenean bere eraginpean ez zegoen auzi batengatik. Duintasun politikoaren oinarria ideia propioak defendatu eta ez saltzea bada, ez zuen beste biderik, ez baitu lortu zegokion ardurari eutsi eta alderdiaren printzipioak Turingian mantentzea.
1930ean, Weimarko errepublika biolentziak itoa zela, nazien alderdia zen NSDAP-k Turingian lortu zuen lehen aldiz, alderdi liberal eta kontserbadoreekin batera, gobernu batean parte hartzeko aukera.
Oraingoa lehen aldia zen Bigarren Mundu Gerra amaitu zenetik alderdi ultraeskuindar baten laguntzaz gobernu bat osatzen zela Alemanian, non eta Turingian. Paralelismoak demokrazia liberalaren paktu sistema arriskuan jarri izanak giroa are gehiago biziatu du.
Klase politikoak Alemanian bere buruari ezartzen dion zama morala ez da gurera iritsi. Urregorria balio duen baldintza bat badute. Politika parlamentarioak premisa antifaxista sendo bat du oinarrian. Naziekin ezer ez, inora ez, inoiz ez.
Premisa antifaxista ez da berez etorri. Inurri lana dago atzean, premisa apurka eraiki eta irabazi da. Harresia erori ostean bazterretik hasi eta gizarte zibilaren borrokari esker alemaniar estatuak bere burua definitzeko ezinbestekoa izatera iritsi da. «Auf dass Auschwitz nie wiedersei». Gertatu zen basakeriaren antzekorik berriz ere gerta ez dadin.
Etengabe agertzen baita bere txikian. Otsailaren 19an ultraeskuindar batek hamar auzokide akabatu zituen Hanaun, irudi duenez haien azal eta jatorriak ez ziren egokiak. AFD alderdiari esker ideia arrazistak gizartearen erdian zabaltzen ari dira, ertzetan gisako erasoak hauspotuz. Politika izaten jarraitzen du, sastadaka ari den labana bada ere.
Angela Merkelek tamainako arazoa du. Etxeko lanak eginak, hauteskundeak irabazita, bere ondorengoa alderdiko buru jarrita, ikusi du nola behin eta berriz herrialdea odolusten duen arazoak erretiro lasaia zaildu dion.
Hanau baino lehen hildakoak eragin dituzten ultraeskuindarren azken erasoek, komunitate juduaren aurka, politikari profesionalen aurka, aspaldiko partez klase politikoa eta biolentzia ultra aurrez aurre jarri dituzte.
Lehen aldiz hasi dira onartzen ultraeskuindarrez lepo dituzten estatu aparatuak benetako arazo bat direla, biolentzia ultraren munstroa gizartearen besoetan kulunkan dela. Klase politikoa ikaratzen hasi den bezala, estatuak uko egiten dio oraindik ere auzia serioski lantzeari. Labana baino burdindegi kate osoa du eskura arrazismo militantea konfrontatzeko. Ez da laster gertatuko.
Alemania garaikideak aizto gehiegi utzi ditu bidean harresia bota zutenetik, behin eta berriro errepikatzen ziren hilketa arrazistak gutxietsiz. Orain bezain argi ez da egon, baina zuzenean eraso beharreko gaitza da, ez badu bake soziala hautsiko.
Alemaniak gizarte gisa ez ezik instituzionalki aurre egiten badio ultraeskuinari, egun Europan uholde izoztu bat den xenofobiaren aurrean Merkelen sinadura harrigarria dakarren premisa antifaxista eraberritu bat agurtuko dugu.
Orain arte bezala politika instituzionalak ezer gutxi badu eskaintzeko, kalean antolatzen den gizarte zibilak jarraituko du premisa antifaxista elikatu eta ultraeskuinaren labankadei aurre egiten.
Labanak edo politika
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu