La Manada gisa ezagutzen dugun talde bortxaketa ez da salbuespena. Gure herri eta auzoetako kaleetan, jaietan edota lantokietan pairatzen ditugun erasoen artean beste bat baino ez zen izan, tamalez. Zoritxarrez, ordutik hona hainbat talde bortxaketa salatu dira Euskal Herrian, Iehenago ere egon ziren era berean. Baina badu La Manadaauzi honek berezitasun nabarmen bat: herriaren erantzuna. Aurrekaririk gabeko protestek eremu feministetan sarri landuak eta eztabaidatuak izan diren hainbat gai plazara atera dituzte, jendartera, eremu, adin eta maila sozial ezberdineko jende anitzen artean eztabaidagai bihurtuaz.
La Manada auziaren sententzia iazko apirilaren 26an kaleratu zen. Niri momentua iltzatuta geratu zitzaidan. Gernikan bizi naiz, eta bertako bonbardaketako urteurrena da apirilak 26a; bazkalordua zen, eta bat-batean nire eta ingurukoen mugikorrak mezuz bete ziren. Segituan konturatu nintzen kalearen haserrea mundu digitalean barrena ere barreiatzen ari zela.
M-15 mugimenduaren harira Antoni Gutierrez-Rubi aholkulariak Interneteko komunikabideen artean demokratikoena zela esan zuen, bereganatzen dituen partaide kopuruarengatik, daukan izaera globalarengatik eta zuzenean parte hartzeko dauzkan erraztasunengatik. Baliteke, bai, baieztapen hau baikorregia izatea, baina sareetan gure iritzi politikoa plazaratzea, eztabaidatzea eta bertan jasotzen denetik ikastea badira nolabait gure egunerokotasunaren parte.
Sare sozialen artean, Twitter omen da egun erabiltzaileek eztabaida politikorako gogokoen duten euskarria, eta bertan La Manada auzi hau ere bolo-bolo jarraitu zen trending topic gai sarri bihurtuaz. Eztabaida horretan, mugimendu feminista eta beronen diskurtsoa argi eta garbi nabarmendu ziren sexu-indarkeriaren oinarri patriarkala salatuaz eta plazaratuaz.
Bortxaketaren kultura eta mitoetan oinarritutako iritziak onartezinak zirela kontsideratuaz Twitterren bereziki kritikatuak izan ziren horrelako sexu erasoak jai giroan ekidin ezinak, barkatu beharrekoak, gozagarriak edota nahitaezkoak direla defendatu zutenak. Baita biktima erruduntzeko erasoan zehar izandako jarrera edo erasoari aurre egin eta bere bizitzarekin jarraitzeko izandako nahia eztabaidan jarri nahi izan zituztenak. Izan ere, La Manada auziko sententzia bortxaketaren kulturaren barnean ernatutako justizia patriarkalaren emaitza gisa deskribatu zuten hainbat txiolarik. Beraz, horrek argi uzten digu bortxaketaren kultura gizarte mailan ez ezik, maila judizial eta polizialean ere landua izan beharko litzatekeela, La Manada auziaren ondorioz eskatu izan den bezala.
Twiterren La Manada auziaren kontrako protestek izandako beste momentu gakoetako bat ekainaren 21ean erasotzaileak behin-behinean aske utzi ostean heldu zen. Izan ere, auziaren estaldura mediatikoa kolosala izan da hasieratik, eta hainbat medio erasotzaileen familia eta abokatuei hitza ematen hasiak ziren, eta erasotzaileak elkarrizketatzeko nahia ere azaldu zuten hainbat telebista kate nagusik. Txiolariek irmoki salatu zuten bortxaketaren kulturak komunikabideetan duen isla, erasotzaileei edota horiek defendatzen zituztenei hitza emanaz bortxaketaren kultura eta mitoak behin eta berriro bultzatzen zirela argi utziaz, ondorioz biktima eta bere salaketa zalantzan jarriaz eta berriro ere eraso eginaz. Txiolariek, beste hainbat sare sozialetako erabiltzaileekin bat eginez, ekintza sozialerako deia egin zuten, erasotzaileak elkarrizketatzen zituzten programei eta bertan iragarritakoei boikotaegiteko eskatuaz... eta lortu zuten! Borrokak bere fruituak eman, eta komunikabide talde handietako agendak aldatzea erdietsi zuten, telebista kate handiek erasotzaileekin egin beharreko elkarrizketak geldiaraziaz.
Bestalde, aipatu beharra dago La Manada auzia salatzeko sortutako mugimenduari kontrako erantzuna eman eta ikusarazi nahi izan zuen mugimendu antifeminista ere plazaratu zela Twitterren, nahiz eta orain arte aipatutakoek baino pisu eta zabalkunde nabarmen apalagoaz. Kasu honetan, maskulinitate toxiko edota hegemoniko batean iltzatutako diskurtsoak argudiatu zuen edozein gizon izan daitekeela bortxaketaz akusatua feminismo erradikalak sortutako «gizonen kontrako mugimenduaren» ondorioz. Esanguratsua da, sarean mugimendu honek erabilitako traola gehienek feminismoaren kontra egitea zutela helburu, besteak beste, #stopfeminismoradical edota #stopfeminazi bezalakoak erabiliaz, eta baita nola baliatu ziren «ispilu efektuaz» diskurtso feministak hain ezagun bihurtutako traolak bereganatu nahian, #yonotecreo bezalakoekin. Diskurtso honek ere bere isla zuzena izan du kalean, besteak beste, Vox bezalako alderdi ultraeskuindarren aldarri nagusietako bat bilakatu baita.
Twitter-en gauzatutako La Manada auziari buruzko diskurtso publiko eta parte hartzaileak, banakoak ere sexu erasoei buruzko jakintzaren eraikuntzan agente aktibo bihurtu ditu, eta bide horretan mugimendu feministetatik lan ederra egin da diskurtso feminista eta antipatriarkalak sortu eta zabalduaz. Izan ere, bortxaketaren kultura hainbat gizarte praktikatan ainguratua dago maila legal, mediatiko zein kulturaletan, eta hori da bereziki La Manadatik haratago ere sare sozialen bidez ikusarazi beharrekoa, jarraitzaileen pentsamoldea aldatuaz eta formakuntza feminista zabalduaz. Beraz, bortxaketa bera ere birkontzeptualizatu beharra legoke bortxaketaren kultura iraularazteko, eta, horretarako, aktibista eta ikerlari feministok gaian lanketa irmoa egitea beharrezkoa da.
'La Manada auzia': sareetatik ere gizartea eraldatuz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu