'La femme?' Euskal Herrian (1949)

2012ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Simone de Beauvoirrek Le Deuxième Sexe argitaratu zuen 1949an, gehienbat gizonez osaturiko eta bere burua progresistatzat jotzen zuen Pariseko burgesia intelektuala errotik astinduz. Lan horren oihartzuna ez zen, ordea, Euskal Herrira iritsi. Garai hartan, Pirinioak harrizko harresi bat baino gehiago ziren, zulo beltz galaktikoen antzera jokatzen baitzuten, ideia eta berrikuntza guztiak xurgatuz.

Urte hartan, Hego Euskal Herrian, gizonek frontoia bete zuten, Miguel Gallastegi gaztearen eskutik, mitoa zen Atano III.a txapela galtzen ikusteko. Irratietan, Fausto Colpi italiarraren Tourreko garaipenak jarraitzen ziren, eta musika tartean, berriz, Jorge Sepulvedak kantatzen zituen letra tristeenak, hainbat etxetako sukaldeei eguneroko soinu banda jarriz.

Hirietan zein landan, lanari gogor ekinez zebilen euskal jendartea, gerraren amesgaiztotik esnatu nahian, galderen isilpeko beldurrez, aginte estrukturak zalantzan jartzeak zekarren arriskuaz eskarmentua hartuta. Garaiko egitura eta jokabide sozialak emanak ziren: behin eta betirako buruzagiak; langile zintzoak; eta nola ez, eztabaidaezinak ziren emakume eta gizon ereduak. Erabat finkaturik baitzeuden genero-rol eredugarrien ezaugarriak, ezarritako marra estutik irteteak zekarren zigor sozialaren kontrolpean. Ondorioak ere ezagunak ziren denentzat: mespretxua, baztertzea eta Elizaren eskumikatzea.

Genero egitura hura mantentzearen inguruko ikasgaia ondo ikasita zeramaten buruzagi eta burokrata frankistek: tresna, hezkuntza banatzailea zuten; edukiak, eskuin muturreko eta nazionalkatolizismoan oinarritutako ideologia faxista. Gazte-gaztetatik, eginkizun eta aisialdi jarduera ezberdinetan banatzen zituzten neska-mutilak. Falangeak joste-lanak eta musika egitera behartzen zituen neskak, etorkizuneko etxekoandreak bermatzeko helburuarekin. Neskak eta mutilak aparte jolasten ziren eta aparte ibiltzen ziren eskolan. Diktadurak behar zuen jendarte ereduan, generoen arteko desorekak paper nabarmen bat betetzen zuen. Eta eskolaren bitartez ideologia horren sustraitzea ziurtatzen zuten.

Emakumeen gorputzak ere gudu-zelaia ziren. Itxurak, beste edozerk baino gehiago, moral sexualaren gainean hitz egiten zuen, emakume batek hautsi zitzakeen arauen inguruan ozenki mintzatuz. «Dezentzia» zen eztabaidatu beharreko auzia eta epaitu beharreko jokaerak hamaika bat! Horien artean, prakak janztea, erretzea eta ilea tindatzea. Gonaren zentimetroak ziren emakume baten zintzotasunaren neurgailu fidagarrienak. Pulpituetatik ere, zenbait apaizek janzkera eta itxuraren inguruko sententziak botatzen zituzten, ez arimak bakarrik, baita gorputzak kontrolatu nahian ere.

Etxea zen emakumeen berezko eremua; kartzela batzuetan, gotorlekua bestetan, biak aldi berean, gehienetan. Batetik, emakumeek lanerako zuten ezintasun fisiologikoan oinarritutako argudioa erabiltzen zen lan mundutik aldentzeko. Bestetik, amatasunaren patuak etxeetan modu nekaezinean lan egitera behartu zituen. Mekanografia, kontabilitatea edota jostun ikasketak lortu zituztenak hoztasunez eta gaitzikortasunez hartu zituzten lan esparruan eta horietako ausart askok ezkontza eta seme-alabengatik eten behar izan zuten lan ibilbidea.

Emakumeen Gaineko Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen da azaroaren 25ean. Askok denbora amildegi bat ikusiko dute 40ko hamarkadako gizartearen eta gurearen artean. Arrazoia dute hein handi batean, lorpenak handiak izan dira, emakume elkarte eta erakunde feministen bultzadak eraginda. Zoritxarrez, oraindik ere emakumeen eskubideen urraketa latzak daude esparru askotan. Diskurtso eta praktiken arteko aldea oraindik oso handia da. Beraz, badugu zereginik, kontzientzia kolektiboan sendo jarraitzen duen pentsaera tradizionala deseraiki eta berri bat altxatzeko.

40ko hamarkadan gazte izan zirenen omenez idatzi nahi izan dut artikulu hau. Oinarrizko eskubideen basamortuan beren gaztetasuna bizi izan zuten guztiei, egoera latzenetan ere, nekaezinak eta kementsuak izan zirelako. Eta batez ere, orduko emakumeei, bokazio, amets eta desioen garaian, haien aukerak bahitu zituztelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.