Kyotoko Protokoloa betetzen al dugu?

2011ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Euskadik irmoki egiten du bidea iraunkortasunerantz». Horrela laburbiltzen zuen egunkari batek EAEko ingurumen egoera. Justifikazioen artean: 2009an berotegi efektuko gasen (BEG) isurketak 1990ekoak baino %6 handiagoak izan ziren.

1997an Kyoton sinatutako protokoloak BEGen isurketetarako mugak ezarri zizkien herri garatuei, 2008-2012rako. EBren isurketak, adibidez, 1990ekoen %92 izan zitezkeen, gehienez. EB barruan, baina, Estatu bakoitzari muga desberdin bat dagokio: Frantziako muga %100ean dago, eta Espainiakoa %115ean. Era berean, Jaurlaritzak EAEko muga %114an jarri zuen. IHOBEren azken inbentarioaren arabera, indizea 2008an %118 izan zen, eta 2009an %106. Hortaz, EAE bidean omen dago Kyotoko protokoloan sorburu duten mugak betetzeko.

Ala ez? Ustekabeko betetze hori aldaketa metodologiko baten eskutik dator. IHOBEren 2008ko inbentarioan jasotzen denez, «Kyotoko Protokoloaren arabera, alderdi sinatzaileek dagokien eremu geografikoaren barruan egiten diren isurien berri bakarrik eman behar dute (isuri zuzenak); hau da, esaterako, elektrizitatea inportatuz gero, inportatutako elektrizitateari lotutako isuriak ez dira aintzat hartu behar». Isurketa zuzenak bakarrik kontuan hartzeko arrazoia argia da: horrela, errazagoa da isurketen inbentarioak egitea. Iraunkortasunean sendo oinarritutako metodologia batek, baina, eskatuko luke inportazioen fabrikazioan sortutako isurketak kontuan hartzea. Horrela, herri garatuen inbentarioak nabarmen handituko lirateke. Bretainia Handian egindako ikerketa batzuek, adibidez, ondorioztatu dute hango zeharkako isurketak zuzenekoak baino handiagoak izan daitezkeela. Baina horrek izugarri zailduko luke inbentarioak egitea.

Zeharkako isurketak kontuan hartzeak hobeto islatzen du herri baten benetako inpaktua, bereziki inportazio eta esportazioak handiak direnean. EAEn elektrizitatearen inportatzaile netoak garenez, inportatutako argindarraren zeharkako isurketek gure inpaktua handitzen dute: 1990ean 16,5 milioi tona CO2-tik21,4 milioi tonara; eta 2009an 21,7 milioi tonatik 22,6 milioi tonara. Azken hamarkadan lau ziklo konbinatu berri jarri dira martxan EAEn, elektrizitatea inportatzeko beharra nabarmen jaitsiz. 1990eko isurketekin konparatuz gero, 2009ko isurketak 1990ekoen %131,4 dira zuzeneko isurketak bakarrik kontuan hartuz gero, edo %105,8 elektrizitatearen inportazioak ere barneratzen badira.

2008ra arte EAEko administrazioak kontabilitate bikoitza egin du isurketen inbentarioetan; bata zen Kyotokoa, bestea argindarraren inportazioak kontuan hartuta. Baina azken inbentarioan emaitza hobeagoak ematen dituena nabarmendu dute, jada Kyotorekin bat gatozela iradokitzen. Badirudi administrazioak ezin izan duela markatutako helburuak betetzen garela esateko tentalditik ihes egin.

Baina estrategia okerra da holako autoatseginkeriatan erortzea. Hasteko, esan beharra dago posible izango dela Kyotoko protokoloa betetzea CO2isurketak edozein direla ere, protokoloaren malgutasun mekanismoak erabiliz —nazioarteko merkatuetan erositako isurketa-baimenak, garapen garbiko mekanismoko proiektuak...—. Diru nahikoa izanez gero, zuloak eta zirrikituak badaude protokoloan, isurketak beste norbaiten bizkarrean uzteko. Bigarrenez, egokia da zeharkako isurketak kontuan hartzea, baina ez bakarrik inportatutako elektrizitatearen kasuan, baizik eta beste inportazio guztietan ere: beste produktu energetikoak, Txinako inportazioak... Nazioarteko aire eta itsas garraioa ere ahaztu barik, inbentarioetatik kanpo baitaude. Kontsumo horiek azken bi hamarkadetan izugarrizko gorakada jaso dute, baina dirudienez ez dira hain interesgarriak. Baina larriena, honako hau da: Kyotoko indizea %131 izan ala %106, berdin da, benetan egin beharreko kalkulua beste bat baita.

Planetaren egoera klimatikoa oso larria da. Karbono dioxidoa BEG nagusia da, eta haren kontzentrazioak atmosferan 390 ppm gainditu du. Horrelako kontzentrazioak aurkitzeko hiru milioi urte egin behar dugu atzera denbora geologikoan; orduan itsas maila 15-25 metro altuagoa zen, eta poloetako izotz plakak askoz murritzagoak. CO2kontzentrazioa %30 hazi da mende batean, eta horrela jarraituz gero 1000 ppm-ko muga gaindituko du mendearen amaieran. Atmosferan 1000 ppm CO2aurkitzeko, denbora geologikoan ehun milioi urte egin behar dugu atzera; orduan dinosauroak planetaren jaun eta jabe ziren, poloetan ez zegoen izotz plakarik, itsasoak hamarnaka metro gorago zeuden, eta egungo Euskal Herriko lurralde gehienak ur azpian zeuden. Hara ari gara itzultzen, abiadura bizian.

Lurraren sistema klimatikoan ondorio larriak ekarriko lituzkeen aldaketa oro saihestu nahi badugu nazioartean adostasun moduko bat dago, zeinaren arabera batez besteko tenperatura globalaren igoera gehienez 2ºC-ra mugatu behar baitugu, aro industriaurreko tenperatura erreferentziatzat hartuta. Are gehiago, UNFCCCk Cancunen onartu zuen 2ºC-ko muga 1,5ºC-ra jaisten aztertzea.

Zer egin behar dugu muga hori ez gainditzeko? Azken azterketa zientifikoek esaten digute CO2kontzentrazioa 350 ppm-tan egonkortu behar dugula. IPCCren azken txostenean bildutako eszenarioen azterketaren arabera, ondorioak argiak dira: 2050eko CO2isurketek, mundu mailan, 2000. urtekoak baino %85 gutxiago izan beharko dute. Izan ere, EBk jada onartu egin du isurketak %80 eta %95 artean murriztu beharko direla 2050ean.

2000. urtean CO2isurketak munduan 26,5 mila milioi tona izan ziren: 4,33 tona pertsonako. EAEn, berriz, isurketa maila 9,9 tona pertsonako zen. Nafarroakoa eta Ipar Euskal Herrikoa 6-7 tona arteanegongo ziren. Onartzen badugu 2050ean isurketen murrizketa globalak munduan %85 izan behar duela, Euskal Herrian are gehiago murriztu beharko ditugu isurketak. Alde batetik, isurketak pertsonako berdindu beharko dira munduan zehar, egungo injustiziak zuzenduz; bestetik, populazioaren hazkundea etorkizunean handiagoa izango da Euskal Herritik kanpo. Horrek eskatuko luke 2050eko isurketak EAEn %95 murriztea, eta %93 Nafarroakoak eta Iparraldekoak, 2000koekin konparatuta.

Benetako lidergoa, adorea eta kemena murrizketa sakon horiek onartzean datza, eta ez pentsatzean Kyotorekin konplitzea nahikoa dela. Laster Jaurlaritzak Klima Aldaketaren aurkako Euskal Plan berria eratuko du. Aukera izango du, orduan, ausardia erakusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.