Kutxen izaera soziala indartu, pribatizazioari ez

2012ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Oraindik aurreko igandean izandako Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen zurrunbiloan murgilduta gaudenean, beste hauteskunde batzuen aurrean gaude: BBK, Vital eta Kutxako Batzar Orokorretako kideak bezeroen izenean hautatzekoak.

Gaur izango dira, eta oso jende gutxik dauka horren berri. Ez dira ohiko hauteskundeak, bezero guztiek ez daukate bozkatzeko eskubiderik, baldintza batzuk bete eta zozketaren bidez aukeraturikoek soilik dute bozkatzeko aukera. BBKren kasuan ez dira bederatziehunera ailegatzen.

Baina oso hauteskunde garrantzitsuak dira, hain zuzen, KutxaBank sortu zenetik lehenengoak direlako. BBK, Vital eta Kutxako Batzar Orokor berriek hiru Administrazio Kontseiluak aukeratuko dituzte, eta beraiek, KutxaBank-eko Administrazio Kontseilua.

Hiru kutxek bat egiteko eta KutxaBank sortzeko lortutako akordio zabala zakarrontzira bota zuen EAJk, lehen Administrazio Kontseiluaren osaketa PPrekin adostu zuenean, PSE eta Bildu baztertuz. Akordioaren helburua KutxaBank pribatizatzeko asmoei ateak itxi eta KutxaBanken jarduera Euskal Herriari begira eta euskal herritarren zerbitzuan jartzea zen.

Zoritxarrez, KutxaBanken norabidea, EAJ eta PPren eskutik, bestelakoa izan da. Euskal Herrian inbertitu ordez, Espainiako Estatuari begira dago jarrita, negozioa handitzeko asmoz. Krisiaren ondorioz, egoera larria pairatzen ari diren euskal herritarrak lagundu baino gehiago, negozioa jartzen dute gauza guztien gainetik. Hor daukagu BBK-KutxaBankek etxetik kaleraturiko hainbat familiaren adibidea. Aste honetan bertan, bi familia kaleratuko dituzte beren etxetik, bata Galdakaon eta bestea Barakaldon. Eta ez dira lehenak. Desjabetze-prozesuen aurrean, zein diferentzia dago KutxaBank edo BBVA, Santander eta Banestoren artean? Ez dago diferentziarik, KutxaBank gobernatzen dutenek dirua eta negozioa besterik ez baitute kontuan hartzen.

Estatu mailako beste finantza-entitateekin fusionatzeko borondatea behin eta berriro agerian uzten duten bitartean, egoera larrian dauden hemengo enpresei ez diete kreditua ematen, eta Dimako udala ito egin dute kontuak blokeatuz. Eta bitartean, kutxaren eskuetan dagoen Gizarte Ekintza deuseztatzen ari dira, Zorrotza eta Uribarriko jubilatu-etxeekin ikusi dugun moduan. Itxi egin dituzte «errentagarriak» ez direlako.

KutxaBank bertan sortu zen, bertakoena da eta bertakoen alde eragiteko balio behar du. Hori da Biltzen Plataforma osatu dugunon helburua.

Baina, horrekin batera, ezin dugu ahaztu astearteko hauteskundeak finantza-sistemaren erreformaren erdian kokatuta daudela. Ekiditen ez badugu, hemendik oso hilabete gutxira KutxaBank pribatizatzeko beste urrats batzuen aurrean egon gaitezke. Espainiako Gobernuak bultzaturiko erreforma aitzakiatzat hartuta, hemengo agintariek, EAJkoek, gure kutxak pribatizatzeko bidea irekiko dute, akzioak burtsara ateraz. Izatez, lehen urratsa uztailean egin zuten, onarturiko Estatutu berrietan, BBK (Vital eta Kutxa bezala) izaera pribatuko fundazio moduan definituz.

Asmo pribatizatzaileak eten egin behar ditugu. Guztion dirua burtsara ateratzeak duen arriskua argia da. Begira zer gertatu den CANekin: burtsara atera, dirua galdu eta nafarrak berezko kutxarik gabe daude gaur egun. Biltzen Plataforma osatzen dugunok bestelako bidea bultzatu nahi dugu hiru kutxetan eta beraien negozioa kudeatzen duen KutxaBanken: beraien izaera publikoa eta soziala bermatzea; beraien jardueraren eremu nagusia Euskal Herria izatea, bertako ekonomia bultzatu eta babesteko; Gizarte Ekintza sendotzea eta euskal herritarren alde aritzea. Ildo horretatik, desjabetzeen bidea eten egin behar da, eta instituzio publikoekin batera ordaindu ezin diren etxe horiek bertan bizi direnei alokairu sozialean eskaini behar zaizkie.

Azken finean, euskal finantza-sistema publikoaren oinarriak finkatzeaz hitz egiten ari gara. Pertsonei begira jardungo duen finantza-sistemaz. Guztion dirua guztion onerako erabiliko duen finantza-sistemaz. Euskal finantza-sistemaren eredua dago jokoan BBK, Vital eta Kutxetako hauteskundeetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.