Kutxabanken pribatizazioa eragozteko borroka ez da amaitu

Bea Martxueta eta Mikel Noval
2014ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Mobilizazio sozial, sindikal eta politiko-instituzionalari esker euskal Kutxen-Kutxabanken pribatizazioa eztabaida sozial eta politikoaren erdian dago. Estrategia hau bultzatzen dutenei (EAJ-PP-PSE) ezkutuan eta inolako azalpenik eman gabe egin nahi zutena arazo larria bihurtu zaie. Era guztietako armak baliatu behar izan dituzte (500.000 euro arteko zigorrak babesa ematen ez zietenentzat; elkarren artean zerikusirik ez duten gaien bozketa bateratua, esaterako estatutuak eta Patronatuaren osaera; manipulazio mediatikoa, etab.).

BBK eta Vital banku-fundazio dira dagoeneko, baina datorren borrokarako prest gaude, Kutxabank pribatizatzea saihesteko eta euskal gizartearen zerbitzura dagoen finantza-erakunde baten ereduaren alde egiteko.

Euskal aurrezki-kutxak banku-fundazio bihurtzearen alde egin duten alderdi politikoek horrela jokatu dute eredu horrekin, pribatizazioarekin, ados daudelako, eta ez daukatelako borondate politikorik kutxen izaera publiko eta soziala bermatuko lukeen arau-marko bat garatu eta horrela euskal finantza-sistema publiko bat berrosatzeko. Lehen ondorioa kutxen Batzarren desagerpena da, eta horrek dakarren erakundeen gaineko kontrol publiko eta sozialaren galera. Hau erabaki politiko oso larria da, jendartearen interes orokorraren aurkakoa.

Frankismotik hona gertatu den herri-baliabideen usurpaziorik handiena zuritzeko EAJk, PPk eta PSEk azalpen bakarra eman dute: legea betetzen ari omen dira. Mario Fernandezek ere hari horri heltzen dio, bide batez bera deskalifikatzen duten irain kutsuko hitzekin: «Banku-fundazio bihurtu ala ez, horren inguruan hasi den debate zoroa ikastola mailan konpontzen da. Irakurtzen dakiten haurrek ere ulertuko dute legeak dioena: kutxak banku-fundazio bihurtu beharko direla […]. Gauza batek ernegatzen nau, tentel batek testua eztabaidatzea». Fernandez jaunak aukera paregabea izan zuen gure jarrera ezagutzeko. Baina bilera egiteko eskari formalari uko egin zion; honetan ere ez du jokabide itxurosorik izan.

Bada, indarrean den legediak ere—zeina alderdi horiek eta Fernandezen moduko bankuetako agintariek nahierara taxutu baitute— ez du derrigortzen egiten ari direna egitera, are gutxiago egiten ari diren moduan. Kutxak banku-fundazio baldintza jakin batzuetan bilakatu behar dira. Baldintza hauek ez badaude, ez da derrigor egin beharreko zerbait. Inola ere ezin da esan legeak pribatizazioa derrigorrezko egin duenik.

Bestalde, kutxak banku-fundazio bihurtzeko erabakia ez zegoen ekainean hartu beharrik. Esaterako, Kutxa banku-fundazio bihurtzea ez da orain proposatu, eta inork ez du esan horregatik legeak urratzen ari direnik. BBKn eta Vitalen erabakia presaka hartu dute eskatzen dugun eztabaida ukatzeko. Dauden alternatibei buruz eztabaidarik has ez dadin. Ez alderdi horiek, ez Mario Fernandezek; ez dute debaterik nahi. Nahiago dute jarraitu orain arteko dinamikarekin: elite txiki batek informazio eta eztabaidarik gabe erabakiak hartuaz.

Ez dute inolako azalpenik eman Europako Batasunean (EB) aurrezki-kutxek duten lekuari buruz. Txintik ez dute esan ohartarazi dugunean frantses estatuan aurrezki-kutxa eta kreditu-kooperatibek kudeatzen dutela gordailuen %55; Alemanian portzentaje hori %60koa dela, edota %45, EBko batez besteko maila. Gainera, krisiaren ondorioz nazionalizatu dituzten bankuak alde batera utzita, europar finantza-sistemaren %11 banku publikoen esku dago.

Gainera, hartutako erabakiaren ondorioz, BBK-k eta Vitalek banku-fitxa galdu dute, eta euskal finantza mundutik behin betiko desagertu dira; akzioak salduta, patronatuko kide izateagatik dietak kobratzeko txiringito bat besterik ez lirateke. Caja Navarrakoa dugu honen eredu hurbila.

Egindako urratsarekin kontrol instituzional eta sozialari itzuri egin diote, erakundea profesionalizatu eta kudeaketa gaitua egiteko aitzakiarekin. Halako argudioek ez dute ez hanka, ez bururik, patronatuetarako izendatu dituzten pertsonak ikusita: alderdi politikoekin erabat identifikatuta daude. Beraz, honek ez dauka ezer ustezko despolitizaziotik. Patronatuko kideen gaitasunari buruz ere (kontzeptua bera oso lausoa eta eztabaidagarria izanagatik) zalantza handiak ditugu.

Aurrerantzean ere konpromiso bat hartzea aldarrikatuko dugu: Kutxabankeko akzio bat bera ere ez dadila kapital pribatuaren eskuetara pasatu; akzioak ez daitezela burtsa-merkatura atera, eta euskal herri-erakundeen esku utz ditzatela. Erakundea pribatizatzearen aurkako jarrerari eutsiko diogu, eta prozesu hau bideratzeko hartu diren erabakiak bertan behera geratzea eskatzen dugu. Kontrol politiko eta soziala nahi dugu Kutxabank euskal jendartearen zerbitzura jardun dadin, ez bere bazkide kapitalistei kontuak eman eta dibidenduak banatzeko. Borroka ez da amaitu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.