Kutxabanken jitoa

2012ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Nabigazioan, jitoa ontzi baten ibilbidearen aldaketa da, korronteak eragiten diona bere brankaren benetako norabidearekiko. Itsas-hizkerarekin jarraituz, nabarmena dirudi Kutxabankeko administrazio kontseilua hartzen ari den derrotak ez diola ezertan lagunduko herrialde honi. Izan ere, aldaketa-korronteek ez dituzte inondik ere zuritzen bankuaren zuzendaritza-organu honek hartzen dituen erabaki larriak, tartean bankuaren parte-hartzeen zorroa edota artikulu honetan azalduko ditugun beste ondare batzuk osorik edo zati batez saltzea.

Jarrera arduragabe honek aurrekari hurbilak ditu: iragan abenduan, Kutxak, Espainiako Bankuak eskatzen zizkion hornidurei aurre egiteko, CAFen zeukan parte-hartzearen %1a saldu zuen. Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles mundu mailako liderra da trenbide sistemetarako ekipo eta osagaien diseinua, fabrikazioa, mantentzea eta hornidura eskaintzen. Duela gutxi, prentsaren bidez jakin genuen Kutxabankek Citi kontratatu duela Euskaltel saltzeko, bertan %68a duela kontuan izanda, BBK-k, Kutxak eta Vitalek banaka zituzten parte-hartzeak batu ondoren. Eta, filtrazioei kasu egin ezkero, albiste hau oraindik eta larriagoa da, Euskaltelen beste bazkideek, hala nola Iberdrolak, Endesak, Eusko Jaurlaritzak edo Mondragon Talde Kooperatiboak salmenta-eragiketa hau aitzakia bezala erabili lezaketelako enpresatik irteteko. Honek, noski, enpresa estrategiko honen kontrola erraztuko lioke erosleari.

Salmenta hau arrazoitzeko—parte-hartze industrialena eta zati batez Kutxabankenak diren 266 enpresetako batzuena—, bere presidenteak nazioarteko arauak aipatu ditu (ikus Basilea III), horiek likidezia handitzeko eta berezko baliabideen kalitatea, sendotasuna eta gardentasuna bermatzeko neurriak eskatzen baitituzte. Egia da bankuek enpresen erreferentziazko akziodun bezala duten papera murriztu egin nahi dela, baina oso nabarmena da, baita ere, Hego Euskal Herriko finantza-erakunde nagusiak patrikak husteak deslekutzeak eta enpleguaren suntsiketa ekarriko lituzkeela. Honek zalantzan jartzen du gure sare industrialarekiko bere ardura eta, gainera, ez dio mesederik egiten bere gaineko ustezko kontrol publikoari.

Inbertsioak murrizteko presaren muina ez dago Basilea III horretan, ezta rating enpresen kalifikazioek eragiten duten irudi txarrean —parte-hartzeek etekin-kontuari malgutasun gehiegi ematen diotela uste baitute—; benetako arrazoia hedapenerako grina da, Kutxabank elkarte anonimoaren direktiboena eta abentura hauei estaldura ematen dieten bi alderdiena. Ezin zaio abentura besterik deitu, BBK-ko aurreko presidenteak «Espainiaren konkista» zeritzonaren ondorioak ikusita. Kutxak eta BBK-k oinordetzan utzi zuten higiezinen burbuilak eskuetan eztanda egin ondoren, erosketa berriak egin behar hori tentu handiz aztertu beharko litzateke. Dirudienez, ez dugu ezer ikasi hegoaldeko bi porrotetatik: Valle Romano iruzur erraldoia eta, argitaratutako datuei begira, CajaSur-en higiezinen zorrotik zalantzazko aktibo bezala etorritako 3.400 etxebizitzak.

Eta haztea benetan hain garrantzitsua baldin bada, zergatik ez dute jo Ipar Kutxa kreditu-kooperatibarengana? Izan ere, zailtasun handiak ditu gobernu zentralak bultzatutako sistema finantzarioaren erreformak ezarritako betekizunei aurre egiteko. Gainera, erakunde honen marjina gordina 60,58 milioi eurotara iritsi baldin bada egoera zail honetan, jarraikako sarrerak sortzeko bere gaitasunaren erakusgarri, ez luke izan beharko CajaSur-ena baino negozio txarragoa. Aldeko argudio gehiago: Ipar Kutxa oso lotuta dago lehenengo sektoreari. Erakunde honek Kutxabank iristen ez den bezero multzo baten beharrak estaltzen ditu eta, lehenengo sektorea aberastasunari eta enpleguari begira estrategikoa dela ulertu ezkero, bere indartzeak berebiziko eragina izango luke beste arlo batzuetan, hala nola kalitatezko elikagaien banaketan, lurraldearen edota kulturaren kudeaketan.

Berdina esan liteke Euskadiko Kutxaren inguruan. Horren 2011ko etekinak 19,4 milioi eurorenak izan ziren zergen ostean, 2010ean baino %62 gutxiago, finantza sistemaren erreformaren eskakizunak betetzeko 222 milioi euro zuzkitu behar izan zituelako. Kutxabankek erakunde horrekin elkarrizketarik edo kontakturik izan duela ukatu duen arren, ez ginateke harrituko hitz egin izanaz, ez litzatekeelako derrigor eragiketa txarra izango. Koherentziaz, onartu beharra dago Kutxabankeko eta Ipar Kutxako edo Euskadiko Kutxako bulegoen artean gainjartze handia gertatuko litzatekeela. Honek lanpostu asko soberan egotea ekarriko luke eta seguruenik lan-gatazka gogorra ere bai, doikuntza enpresa-irizpideekin soilik egin ezkero. Edonola ere, hondamenak ez luke orain gertatzen ari dena gaindituko; izan ere, erakunde berriak argia ikusi zuenetik hamaika bulego ixten ari dira eta langile asko kaleratzen edo ehunka kilometrotara bidaltzen.

Beldur naiz Kutxabankeko zuzendariek ondo hausnartuta izango dituztela aukera horiek, eta, hala ere, gure lurraldetik kanpoko erakunde bat erostera zuzendu dutela branka. Erabaki hauek eroso hartzeko ere eman dituzte pausoak, Kutxabank sortu zuten hiru kutxen aginte-organoek izan dezaketen eragina ahal beste murriztuz. Eginahalak egin dira estrategia honetatik aldendu litezkeenak administrazio kontseilutik kanpo uzteko. Kutxaren parte-hartzea mugatu da, elektoralki tesi jeltzale-pepetarrengandik urrunago dagoen herrialdeari ordezkaritza lapurtuz. Gasteizko Legebiltzarrean euskal kutxak erreforma berrira egokitzeko eztabaidatzen ari zen lege-proiektua baliatu dute hiru biltzarretako kontseilarien berritzea atzeratzeko, berritze hori garaiz eginez gero ez luketelako Kutxabanken kontrol osoa lortuko.

Tamalez, gauzak ez dira hor geratu: aipatutako erreforma finantzarioak kutxen eraentza juridikoa aldatzen du eta, ondorioz, oztopatu egiten du beraiengandik jaiotako bankuaren negozio finantzarioaren gaineko kontrola. Kalte hau egiaztatu egin da kutxen antolakuntza-egituraren murrizketarekin, egiaztapen-batzarraldien aldizkakotasuna handitzearekin, eta gai-ordenetatik bankuaren kudeaketarekin zerikusia duten gaiak kentzearekin. Euskara garbian: agintzen duena Kutxabankeko Administrazio-Kontseilua da. Bukatzeko, hurrengo esaldia hautatu dut:

«Ezkorra haizeaz kexu da. Baikorra aldatuko den esperoan dago. Errealistak oihalak prestatu ditu» … eta, noski, idealistak izarretako bandan jarri du ontzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.