Kutxabanken etorkizunaz

2012ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Urte hasierarekin batera, KutxaBank sortu zen eta EAJk eta PPk adosturiko Administrazio Kontseiluak bere ibilbidea hasi zuen, proiektua babestu zuen erdia, Bildu eta PSE baztertuz. Aldi berean, Vital, BBK eta Kutxak, beren Estatutuei jarraituz, hiru Batzar Orokorren erdiak berritzeko prozedura abiatu zuten. Pasa den ostegunean, otsailaren 2an, Eusko Legebiltzarrean, EAJ, PP eta PSEk erabaki zuten Kutxen Batzar Orokorren agintaldia luzatzea Euskal Kutxen Lege berria onartu arte.

Erabaki beharrean trikimailua erabili zutela esan behar dugu.Hain zuzen, agintaldia luzatu dute Lehiaren Euskal Agintaritzako Lege-proiektuari egindako zuzenketa baten bidez. EAJ, PP eta PSEko parlamentariek bazekiten prozedura horren legezkotasuna kolokan dagoela, baina ez zuten aurretik egin beharreko legezkotasun-txostenik egin, ezta EAko parlamentaria den Juanjo Agirrezabalak eskatu zuenean ere. Aurrera egin dute, Konstituzio Epaitegiak, zerbait aldatzeko, egin nahi den aldaketarekin zerikusirik ez duen lege bati aurkezturiko zuzenketa baten bidezko prozedura baliogabetzat hartu duela jakin arren. Eta argi dago Kutxen Batzar Orokorren agintaldia luzatzeak ez duela zerikusirik Lehiaren Euskal Agintaritzarekin.

EAJk dio Kutxek beraiek eskatu dutela Batzar Orokorrek berritzeko hauteskunde-prozesuak etetea, epe motzean bi hauteskundeetan ez egiteko. Ez dakit horrela izan den, baina badakit BBKren kasuan prozesu gehiena eginda zegoela: hautesleen zozketa, argitaratzea, alegazioak aurkeztea, hiru iragarki komunikabideetan, eta hautagaitzak aurkeztu ditugula. Orain berriro egin behar dira urrats horiek, baina noiz? Euskal Kutxen Legea onartu behar da, gero Vital, Kutxa eta BBK-ko Estatutuak egokituko dira, eta ondoren, hauteskunde-prozesuak abiatu, hau da, beharbada urte amaieran berrituko dira Batzar Orokorrak. Bitartean, egungo kideek jarraituko dute.

Eta nori interesatzen zaio egungo batzarren konposaketa ez aldatzea?

KutxaBankeko Administrazio Kontseiluko kideak EAJ eta PPren artean banatu zituztenean, EAJk gehiengo osoa ez, berari %70 baino gehiago zegokiola aldarrikatu zuen betiko harrokeriaz. Gaur egungo Batzar Orokorretan ez du portzentaje hori, baina argi dago hauteskunde berrien ondorioz Batzar Orokorren konposaketa aldatuko zela. Gipuzkoan, gehiengoa Bilduk izango zuen, ez bakarrik Foru Aldundiko eta Donostiako agintea duelako, udalen ordezkari gehienak izango zituen, eta baita ezarleen aldetik ere. Baina aldaketa ez zen Gipuzkoako Kutxan soilik izango. BBK-ko Batzar Orokorrean hainbat udalen ordezkariak aldatu beharko ziren eta Bermeo, Lekeitio edota Ea bezalako Udalen ordezkariak ez ziren EAJkoak izango, Bildukoak baizik. Eta ezarleen artean, nahiz eta hauteskunde prozesu zuzena ez izan, euskal gizartean izan den aldaketa politikoak isla izango luke. Ondorioz, Kutxen Administrazio Kontseiluetan eta, beraz, KutxaBankekoan, EAJren nagusitasuna kolokan egongo zen. Eta zer esan EAJk PPri eman dion gainordezkaritzaz (KutxaBankeko Administrazio Kontseiluaren %26,67).

Zailagoa da ulertzea zergatik PSEk bat egin duen hain zuzen KutxaBankeko Administrazio Kontseilutik baztertu zutenekin. Segur aski, Euskal Kutxen Legea onartua izateko ordaina izan da. Baina Euskal Kutxen Legeak ez du konponduko egungo Kutxabanken Administrazio Kontseiluaren konposaketa baztertzailea.

Hasteko, Euskal Kutxen Legearen eztabaida bera bazterketan oinarritzen da, hain zuzen egungo Eusko Legebiltzarrean ez baitaude ordezkatuta euskal herritarren aukera politiko guztiak. Aldiz, ilegalizazioan dago oinarrituta. Bilduk ez du parte hartuko Euskal Kutxen Legearen eztabaidan, Legebiltzarrean soilik egiten bada.

Bestalde, Euskal Kutxen Legeak bultzatzen dituen aldaketa batzuek ez dut uste bide egokia marrazten dutenik. Esate baterako, Udalen ordezkaritza %30etik %17ra gutxitzen da, orain ordezkaritza ez duten Eusko Legebiltzarraren eta Batzar Nagusien mesedetan. Legeak dio Administrazio Kontseiluek Batzar Orokorretako aniztasuna islatu behar dutela, baina jakin badakigu aniztasuna errespetatzea Legeak dioena baino haratago doala eta horretarako borondate politikoa behar dela. Aniztasuna errespetatzeko, interes alderdikoiak alboratu behar dira eta euskal herritarren interesek hartu behar dute lehentasuna.

Eusko Legebiltzarraren erabakia aztertzean, kontuan hartu behar dugu datozen hilabeteek izango duten garrantzia, KutxaBanken politika ekonomikoa zehazteari begira. Zeintzuk izan behar dira KutxaBanken helburu nagusiak: handitzea ala sendotzea? Zeri emango dio lehentasuna: Euskal Herriko sare sozioekonomikoa bultzatzeari eta bezeroei laguntza emateari ala Estatu mailako banku indartsua izateari? Kutxen Gizarte Ekintza zabaldu eta sendotzea bultzatuko da ala hipoteka ordaindu ezin duten bezeroak etxetik kanporatzen jarraituko du?

Erabaki horiek guztiak ezin dira utzi EAJ eta PPren eskuetan. Ezinbestekoa da eztabaida zabala bultzatzea gizartean eta erakundeetan, inolako bazterketarik gabe. Euskal Herriak behar duen finantza-sistema publikoaren inguruko eztabaidari heldu behar diogu.

Mario Fernandezek esan zuen bankuen erabakiak «irizpide profesionalen» arabera hartzen zirela, baina KutxaBankek orain arte egindako ibilbideak kontrakoa adierazten du: Administrazio Kontseilua EAJ eta PPk adostu zuten, Batzar Orokorrek onarturiko Integrazio Kontratua errespetatu gabe; orain, EAJ, PP eta PSEk adostu dute Kutxen Batzar Orokorrak ez berritzea, Kutxen Estatutuen kontraeta azken hauteskundeetan Bilduk lorturiko emaitzei muzin eginez. Hau da, KutxaBanken inguruan harturiko erabakiak alderdi politiko batzuek hartu dituzte, beste batzuk baztertuz.

KutxaBanken erabaki estrategikoak ez dira egon politikatik at, eta ez dira egongo, hain zuzen, erabaki horiek eraiki nahi dugun gizarte-ereduari lotuta egongo baitira. Kontua da erabaki horiek aukera politiko ezberdinen arteko eztabaidetan eta, ahal bada, akordioetan oinarrituta egotea. Eta horrek eskatzen du KutxaBanken organoetan aukera politiko guztiak presente egotea. Bazterketari eusteak mesede egin baino gehiago kalte egingo dio finantza-erakundeari, eta bereziki, haren bezeroei eta Euskal Herriko sare sozioekonomikoari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.