Kutxabankek ase behar dituen premiak

2014ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Polemika bizia sortu da euskal politikan Kutxabanken ustezko «pribatizazio»-aren ondorio negatiboei buruz. Erabili den argudio nagusia da Bankuak «Herriaren premiei erantzuten» jarraitu behar duela eta kapital pribatua sartzeak helburu hori eragotzi egingo lukeela eta, horren ordez, desiratzen ez diren beste interes ilun batzuk ezarriko liratekeela.

Kutxabank banku komertzial bat da, bere jabe diren BBK, Kutxa eta Vitalen finantza-jardueraren oinordeko eta jarraitzailea, hauek ere finantza-erakunde komertzialak zirelarik. Euskal Kutxek, orain Kutxabankek bezala, beste finantza-erakunde batzuekin lehian egiten zuten beren jarduera. Oinarrizko eragikera sinplea da: egungo bezeroei eta gero izan litezkeenei etekina eskaintzen die hauek beren aurrezkiak gordailatzearen truke eta, bestalde, interes-tasa jakin batean maileguak eskaintzen dizkie egungo bezero horiei eta gero izan litezkeenei.

Azken batean, dirua bereganatzen du eta gero hori maileguan uzten du. Bi jarduera horiek beste erakunde askorekin lehian egiten ditu, eta beraz produkturik eta zerbitzurik onena ematen dion erakundea aukera dezake beti bezeroak.

Eginkizun hori betetzeko bi gako daude: Bankuak gordailuak bereganatzeko ordaindu duena gehi jardueraren kostuak baino interes-tasa handiagoan eman behar du maileguan, eta bezeroek mailegu gehien-gehienak itzultzea lortu behar du. Behar beste bezero lortu eta bi helburu horiek betetzen dituen neurrian, Kutxabanken kudeaketa iraunkorra izango da.

Garbi dago, beraz, lehia askean jarduten duten enpresa guztietan bezala, bezeroen premiei erantzutea eta horien gogoa betetzea lortu behar duela Kutxabankek.

Negozio-eredua

Aurrezki Kutxek hiru ezaugarriz definitu eta bereizitako negozio-eredua sortu dute:

1) Bezeroen oinarria minorista da, hau da, partikularrek, autonomoek eta enpresa txikiek osatzen dute.

2) Lurraldean biziki sustraitua, bezeroarengandik hurbiltasun handikoa, merkatu-kuota zabalekin.

3) Emaitzak beren ingurunera itzultzen dituzte Gizarte Ekintzaren bidez; horrela lurraldearekiko identifikazioa indartzen da eta bertute-gurpila osatzen da: hurbiltasuna, marka indartsua, merkatu kuota handia, eskala-ekonomiak, errentagarritasuna eta gizarte-dibidendua.

Bezeroarengana orientaturik dagoen eta horren premiei erantzuten dien eredu honek aberastasuna sortzen du lurraldean. Eredu hau da zaindu beharrekoa.

Gainera, eta gehigarri gisan, Kutxek lurralde mailan traktoreak eta hazkunde potentzial argi bat izateko gai ziren enpresen kapitalean partaidetzak hartu dituzte.

Finantza-krisia eta erreskatea

Azken urteotako (oro har munduko eta bereziki erreskatea behar izan duen Espainiako) finantza-krisiaren ondorioz, eta diru publikoak banku komertzialak salbatu beharrik izan ez dezan, Europako agintari arautzaileek bi erabaki hartu dituzte, Aurrezki Kutxen sozietate-egituran zuzeneko eragina dutenak:

A) Bankuak, eta horien akziodunak ere bai, aski kaudimendunak izatea eskatzen dute; beraz, etorkizunean kapital-beharrik baldin badago, bankuen (lehendik daudenen edo berrien) bazkideek edo jabeek eurek ase behar dute premia hori, ez dadin berriro gertatu funts publikoak jarri beharra.

Honela, 26/2013 Legeak, Banku Fundazioenak, banku-negozioa bereizi eta sozietate anonimo partaidetu bati —bankuari, alegia— transferitzera behartzen du. Euskal Kutxek 2012-1-1ean egin genuen mugimendu hori Kutxabanken sartu ginenean. Gaur egun, BBK, Kutxa eta Vital dira, gara, Kutxabanken %100en jabeak eta horietan, Kutxetan, dago erabat gordailatuta orain arte sortu duten ondarea, Kutxabanken akzioetan soilik inbertiturik dagoena.

B) Legeak behartzen du Aurrezki Kutxak (jada zuzeneko finantza-jarduerarik gabeak) Banku Fundazio bihurtzera. Eta hauek, bankuaren jabeak eta lehengo Kutxen ondarearen gordailuzainak izaten jarraitzen dutelarik, behartuta daude beharrezko neurriak hartzera behar bezain kaudimendunak izateko.

Beraz, bi sozietate-maila egongo dira: alde batetik, metaturiko ondarearen jabea, Banku Fundazioak; eta, bestetik, horiek partaideturiko sozietatea, banku-jarduera egiten duena, Kutxabank.

Jabea den Banku Fundazioan ezin da sartu inongo inbertitzailerik bere fundazio-izaeragatik (Aurrezki Kutxetan gertatzen zen bezalaxe); beraz, ondarea beti izango da %100 soziala. Kutxabank partaidetuan, ordea, Sozietate Anonimoa denez, hor, bai, hor sar daitezke inbertitzaileak, jabetza Banku Fundazioekin partekatuko dutenak, baina eskuratzen dituzten Kutxabank akzioen balioa ordainduta, noski, horiek Banku Fundazioek kobratuko dituztelarik. Beraz, ondarea beti geratzen da jabetza sozialean.

Gainera, erregulatzaileak erabaki du bezeroen gordailuekin bankuek ez dutela enpresa-partaidetzetan inbertitu behar, azken batean errenta aldakorra baita, eta arrisku handia duena. Basilea III araudiak gogor zigortzen ditu inbertsio horiek.

Legea bete, ereduari eutsi

Intsumisio-jarrera utopikoak gorabehera, eta bankuena bezala araututa, gainbegiraturik eta ikuskatuta dagoen sektore batean oso ibilbide laburra dute jarrera horiek, erabakia hau da: nola egokitu negozio-ereduaren funtsari eusteko, jakinda oso emaitza onak eman dituela aberastasuna sortzeari dagokionez bezero, langile, hornitzaile, gizarte-ekintzaren onuradun eta lurralde osoarentzat, oro har. Nola egokitu erabaki ahal izateak ezinbestean legea betetzea eskatzen du; bestela, beste batzuek erabakiko dute gure ordez, beraiek egokituko gaituzte.

Kutxabanken jabe diren Aurrezki Kutxek historikoki beren finantza-jarduera, hots, aberastasuna sortzea eta gizarte-konpromisoa, erantzukizunez eta profesionaltasunez egin izan dute, betiere bezeroen premiei erantzuten saiatuz. Beste betebehar batzuekin konprometitzea —adibidez, «Herriaren premiekin», beti subjektiboak eta definitzen dituenaren araberakoak—, hori da biderik lasterren eta zuzenena erakundea desagertzeko; izan ere, horrelaxe gertatu da Espainiako Aurrezki Kutxa gehienetan. «Herriaren premiak», kasu askotan, premia ez oso orokorrak baizik eta partikularrak eta partzialak estaltzeko erabiltzen dira.

Legeria betetzeko eta Aurrezki Kutxen negozio-eredu historikoa eta arrakastatsua mantentzeko, hona hemen gure eginbeharrak:

- Kutxabanken kapital-egitura zehaztea, bankuak behar badu, kapitala jartzeko gaitasuna duten bazkideak izango dituena.

- Banku Fundazioen egungo ondarea gehitzea Kutxabanken erreferentziazko akziodunak izaten jarrai dezaten negozio-eredu horren bermatzaile gisa, eta gainera, lurralde mailan traktoreak diren edota proiekzio handia duten enpresen kapitalean partaidetzak hartzeko Funtsa bezala aritzeko.

- Banku Fundazioetan jarduera profesionala bermatzea horien ondarearen kudeaketan, ondorioztaturiko diru-sarrera handiago eta egonkorragoez balia dadin Gizarte Ekintza.

Hauxe da aurrean izango dugun erronka, eta honaino iristea ahalbidetu diguten guztien babesa eta laguntza izaten jarraitzea espero dugu horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.