Diotenez, orkideak ez ditu soilik hegaztiak, intsektuak, xaguzaharrak eta bere polinizatzaile guztiak txoratzen, gizakia ere erortzen omen da bere koloreen lilurapean. Orkideak, politikari profesional asko bezala, luzaro bizi dira eta, poloetan eta basamortuetan ezik, mundu osoan zehar hedatzen dira. Hemen, Euskal Herrian, ia ehun orkidea basati zenbatu daitezke, baina landare monokotiledoniar horiek baino dezente errazago aurkitu daiteke antzeko ezaugarriak dituen beste espezie bat.
Hori osatzen duten pertsonaiak bi unibertsitate ezagunetan hezi izan dira, baina ez bereziki banka etikoaren gidariak izateko. Res publica (latinez) da haien lanbide; horren esanahi nagusia politika da, eta horri lotutako jarduerak. Pertsona horiek, botere mediatikoarekin batera, orokorrean nahi dutena egin eta suntsitzen dute, eta erraztasun nabarmena dute, orkideek bezala, erleak txoratzeko (ikus Kutxabanken aldeko akordioaren sinatzaileak); feromonaz beteriko usainaz baliatzen dira beste espezieak engainatu eta beste orkidea mota bat sortzeko: banku lukurariak (gaztelaniazko usureros). Ez dut gustuko hau esatea, baina batzuek hain gogotsu bereganatu zuten iruzurti horien diskurtsoa, bertuteak ere ikusi zituztela kolore erakargarriak bakarrik zeuden lekuan.
Dagokigun gaian, Kutxabanken aldekoek era guztietako hondamenak eta ezbeharrak iragarri zituzten kutxen bankarizazioari uko egiten zionarentzat. Iragan udan egunero bonbardatu gintuzten komunikabideetan ordaindutako publizitatearekin, elkarrizketekin, deklarazioekin eta iritzi-artikuluekin; arimadun bankuaren onurak abesten zituzten, euskal banku publikoa aipatu ere bai. Gipuzkoari balioa emango zion aukera bakarra zela zioten. Lotsarik gabe esan zuten proposatzen zutena joera sozialeko banka bat zela, kutxen izaera mantenduko zuena, bezeroarekin konprometitua, bazterketa finantzarioaren aurka lan egin eta lurraldearekiko eta gizarte ekintzarekiko lotura bermatuko zuena.
Zalantzatien kezkak areagotu egin ziren zera entzunda, «bankarizazioa pribatizazioarekin identifikatzeagatik integrazio prozesuari uko egiten dionak Kutxa irtenbiderik gabeko egoera batean sartuko du». Horretan lagundu zuten, baita ere, BBK-ko, Kutxako eta Vitaleko presidenteek, ozen esanez Kutxabank hiru euskal kutxena den heinean tresna bat soilik izango zela inguruak agintzen duen arauketari eta merkatuari egokitzeko.
Ez naiz gehiago luzatuko proiektu «bikain» horrek jaso zituen laudorioetan, ezta liluratzeko asmoz (orkidea haragijalearen pare) erabilitako amarruetan ere, baina ezin dut ahaztu Iturbe jauna, Kutxabanken unibertsoa kolore biziz aurkeztu zigunean. Hau esan zuen: «Aurrezki kutxek bi alderdi ditugu: finantzarioa eta soziala. Kutxan finantzarioa kolore urdinarekin lotzen dugu eta soziala berdearekin. Alderdi urdin indartsurik gabe ez dago gaitasunik gure joera berderako; negozio finantzariotik datoz Gizarte Ekintzari bizia eta etorkizuna ematen dioten errekurtsoak. Alderdi urdina murrizten bada, berdea ere bai; eta hazten bada, berdea ere haziko da».
Gertaeren azalpen hori ikusi eta gero, baten batek galdetuko du zertara datorren oroitzeko horrenbesteko grina. Kutxabanken administrazio-kontseiluaren sorreran antzeztutakoa, proiektu horri adostasuna eman zioten bi indar politiko baztertuz, datorrenaren iragarpena bakarrik izan da, eta premiazkoa izan daiteke oroimena lantzea.
Egunkari honetan argitaratutako nire beste artikuluetako batean, Italian gertatutakoa azaltzen saiatu nintzen. Gobernu zentralak bide hori aukeratu zuela ohartarazten zen bertan eta, gure erakundeetatik indar politiko handia egin ezean, euskal kutxak desagertzera kondenatuta zeudela. Aurrezki kutxak banku bihurtzea, nahiz eta euskal eta publiko itxura eman, hanka-sartze ikaragarria izan zen, «blindatze» eta guzti, eta berandu baino lehen, tamalez, iragarpen txarrenak beteko dira.
Gauza bat argitu nahi dut, askotan zehaztasuna galtzen delako: aurrezki kutxak inoiz ez dira publiko izan. Udalek eta Aldundiek biltzarretako ordezkaritzaren %50 dute. Gainera, Gasteizko Legebiltzarrean zain dagoen Kutxen Legearen eraldaketa onartzen bada, partehartze hori asko murriztuko da. Nola jarraitu dezake inork Kutxabanki banku publiko deitzen? Gauza bat da norberak sinatutako zerbait begi onez ikustea, eta beste bat akordioen bertuteak puztea. Horrek isekak bakarrik eragin ditzake beste aldetik. Izan ere, batzuek aspalditik dakite Espainiako Bankuak ez duela nahi kutxek haien bankuak kontrola ditzaten. Argiago, gobernu berriak, Espainiako Bankuak eta Europar moneta-agintariek nahi dute aurrezki kutxek haien negozio guztia banku sortu berriei ematea eta, beraz, ez jarraitzea banku-jabe izaten, oraingo legeak ahalbidetzen duen legez.
Aurrezki kutxetatik sortutako bankuek kapitala handitu dezaten egunotan aipatzen diren erraztasunak, azken batean, beste amarru bat dira haien partehartzea gutxitu dadin eta, laster, galdu. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutako azkenengo erreformak ahalbidetzen du kutxek haien negozioa daraman bankuaren %50 baino gutxiago euki ahal izatea kutxa izaera galdu gabe, hau da, fundazio bihurtu beharrik gabe; baina honen ondorioz merkatura atera eta kapitala pilatuz gero (Banca Cívica, Bankia...), kontrola galduko dute edo, hobeto ulertu dadin, guztiz pribatizatuko dira.
Ikusiak ikusita, galdetu beharko litzateke ea Eusko Jaurlaritzatik eta kutxen erakunde sortzaileetatik esfortzuren bat egingo den aurrezki kutxak hauen likidatzaileen azken erasotik defendatzeko ala, berriro ere, orkideen ikuskizun koloretsuari begira geratuko garen, konformista inozoen antzera.
Edonola ere, Kutxabanken egungo administrazio-kontseilua ez da eratu, ezta inondik ere, kutxen izaera mantenduko duen banku soziala izateko, egunkarietako lehenbiziko orrietan ordaindutako iragarkiek zioten bezala. Kutxabankeko zuzendaritzak erreferendumik ere ez du oparituko Euskal Herriko langileek haien negoziazio-eremua aukeratu dezaten. EAJ-PP akordioak BBVAren antzeko bidetik eramango gaitu, nahiz eta Kutxabank oraindik banku txiki bat bakarrik den.
Jarrera positiboz bukatzeko, eta sekula ez dudanez zalantzan jarri bankua pribatizazioaren aurka blindatu nahi izan zutenen fede ona, beharrezkoa litzateke harremanak lantzea sinatzaileen eta kanpoan geratu zirenen artean, are gehiago azken horietako batzuek arlo sindikalean nahiko zeresan dutenean.
Kutxabank, iruzurra eta lilura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu