Kutxabank: gingondoaren ginga

Guzman Ruiz Andoni Irigoien
2012ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Ginga gereziaren antzeko fruitua da, garratzagoa. Bide batez, zerbaiti ginga jartzeak bukatzea esan nahi du. Badirudi gingondo abizena duen ministroak aurrezki kutxentzako nahi duena garratza eta behin betikoa dela. Aurki Ekonomia eta Lehiakortasunaren ministro honek Nazioarteko Diru Funtsaren eta Bruselaren eskakizun guztiak jasoko ditu eta estatuko kutxa guztiak fundazio bihurtuko dira, baita Kutxabank sortu zuten BBK, Kutxa eta Vital ere. (...)

Bankiari dagokionez, Estatua jabe oso bihurtuko da, Europako hiriburuaren oniritziarekin eta FROBaren bitartez. Taldea osatu zuten zazpi kutxen parte hartzea lausotu egingo da, fundazio bihurtuko dira eta gizarte ekintza mantentzeko beste baliabide batzuk bilatu beharko dituzte. Hau da, hilda daude.

Kolpe batez desagertu dira Caja Madrid, Bancaja, Caja Ávila, Caja Segovia, Caja Canarias, Caixa Laietana eta Caja Rioja. Bestalde, Generalitateak aurrea hartu nahi izan die goragoko legeei, eta uztailaren 3an Kataluniako Legebiltzarrak lege-proiektu bat onartu du aurrezki kutxak izaera bereziko fundazio pribatu bihurtzeko. Lege honek kutxa gehienei eragingo die; hain zuzen ere, elkartu eta bankua sortu ondoren FROBak parte hartu zituenei: Unnim (Caixa Sabadell, Caixa Terrassa eta Caixa Manlleu), Catalunya Banc (Caixa Catalunya, Caixa Manresa eta Caixa Tarragona), Caixa del Penedés eta Caixa Laietana (azken bi hauek autonomia erkidego desberdinetako kutxekin elkartu ziren, lehenengoa BMNren baitan eta bigarrena Bankiaren baitan). BBVAk aukera izango du Unnimentzako fundazio bakarra edo hiru sortzeko.

CAM izan zen maldan behera abiatzen lehena, baina zigorraren zain daude, baita ere, bankuen jabe diren beste kutxa batzuk, nazionalizatu ez diren arren europar laguntzen beharra dutelako (...).

Kutxak fundazio bihurtzea oso larria da, baita Autonomi Erkidego deiturikoek hauen kontrola galtzea ere Estatuaren mesedetan. Iragan ekainaren 11n aurrezki kutxen inguruan NDFk bereziki argitaratutako txostenak zera dio, aginte onaren printzipioei jarraituz, zentzuzkoena fundazioek «izaera berezia» edukitzea litzatekeela eta, ondorioz, Estatuaren kontrolpean egotea, ez orain bezala.

Italia sarritan aipatu dut kutxen pribatizaziorako bidea azaltzeko, eta fundazioentzat ispilu bera erabiliko dut. Italiako fundazioak irabazi asmorik gabeko pertsona juridiko pribatuak ziren, eta haien oinarrizko zeregina hau izan zen: erakunde finantzarioetan zuten parte hartzearen gehiengoa murriztea. Azkenerako, enpresa gutxi batzuen kontrola izan zezaketen soilik; euren estatutuek agindutako gizarte-helburuak betetzeko beharrezko ziren enpresena, hain zuzen ere.

Aurrezki kutxek beren izaerari eustea edo fundazio bihurtzea garrantzi handiko erabakia da. Kutxak diren bitartean lizentzia bankarioa izango dute eta, beraz, erakunde finantzario izango dira. Aldiz, fundazio bihurtuz gero, ezin izango dute sekula gehiago finantza-jarduerarik egin. Fitxa edo lizentzia bankarioa izatea ez da aktibo hutsa; irekita uzten du egunen batean independentzia berreskuratzeko eta zuzenean jarduteko aukera, txikia bada ere.

Testuinguru honetan, galdetu beharko litzateke BBK, Kutxa, Vital eta La Caixa fundazio bihurtuko ote diren, orain arte laguntza publikorik jaso ez arren. Europar agintari ekonomikoak horren aldeko dira. Euskal Kutxetako, hau da, Kutxabankeko langileen artean vox populi da hauek behin betiko desagertuko direla. Badago zalantzarik Bruselako laguntzen beharraren gainean. Direktibo batzuek onartzen dute erreskateko dirua hartzen bada —honezkero derrigorrezkoa dirudiena— lehia galduta dagoela. Honen aurrean proposatzen dutena da ekitaldia inoren laguntzarik gabe ixtea, batez ereetekin on batzuekin (400 edo 500 milioi euro), kalteak gutxitzeko asmoz. Noski, etekin hauek «de Guindos 3.0» kapital-eskakizun berriak asetzera bideratuko lirateke, eta ez kutxen gizarte ekintzetara. Jokaldi bikaina: aldi berean kitatuko lirateke aurrezki kutxak eta haien gizarte ekintzak.

Balizko egoera guztiak aztertzeko, irudika dezagun Kutxabankek kapital berriaren beharra duela eta burtsara ateratzen dela. Pribatizazioaren atea irekiko litzateke eta arretaz begiratu beharko litzateke zein den erakundea kontrolatzeko gutxieneko kapitala, akzioen sakabanaketaren eta akziodunen arteko itunen arabera. Herri honetako erakundeek handitze honen ardura hartzea ez litzateke irtenbide txarra, baina une honetan ez dago likideziarik. Bestalde, ez legoke ondo ikusita diru publiko gehiago xahutzea gaizki kudeatutako erakunderen bat sendatzeko, gutxienez azalpenik eta dimisiorik gabe.

Ataka honetan, hiru kutxen Biltzar Nagusiak daude deituta uztailaren bukaerarako. Bertan euskal aurrezki kutxen lege berriari egokitu beharko zaizkio aginte-organoak hautatzeko prozeduraren araudia eta estatutuak. Lege berri hori diakronikoa eta zentzugabekoa da. Arau aldaketen eta «troika ekonomikoaren» asmo gaiztoen abiadura ikusita, Biltzar hauetan onartzen denak oso bide laburra izango du.

«Alderdiaren kudeaketarako gaitasunean» sinisten duten hoiei zuzenduz, EAJk ekainean argitaratu duen Politika Ekonomiko Berria Euskadirentzat dokumentua irakurri ondoren susmoak ilundu egin dira. Eslogan asko azaltzen dira: kreditua bultzatu behar da, Euskadi finantzagune izan behar da, baliabideak herriaren eta enpresen esku jarri behar dira... Baina finantza-sistema propio baten inguruan edo Kutxabanken paperaren gainean, ezer ez.

Burujabetza ekonomikorik eta politikorik gabe okerrera goaz. Lurraldeari, herritarrei eta langileei lotutako finantza-erakunderik gabe ez gara ezer, eta gure egoera ekonomikoa inbertsiogile global espekulatzaileen esku geratuko da. Ikusi beharko da egoera hau aldatzeko besteko indarrik biltzen ote den, behin betiko bihurtu aurretik. Zehatzago, fundazioek banku berrian duten parte hartzea zenbatekoa eta noiz artekoa izango den zehaztu beharko da. Ez ahaztu fundazio berriek aurrezki kutxa ohien gizarte eta kultur ekintza garatuko dutela eta kutxek, eraldaketarekin, finantza-erakunde izateari utzi eta patronatu bat izango dutela aginte organotzat.

Bukatzeko, «de Guindos 3.0» dekretu berriaren zain, eta aurreko biek Kutxabanken kapital murriztuan izan duten eragina ikusita, zantzu guztien arabera urte bukaera baino lehen agur esango diegu betiko hiru Euskal Kutxei. Subiranotasunaren bidea hartuzgero, akaso, guk jar geniezaioke ginga Gingondoari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.